Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bizkaia

Euskal Herriko mendebaleko herrialdea, egun Espainako Estatuaren barneko Euskal Autonomia Elkarteko kidea eta, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin, Euskal Herria osatzen duena. Bizkaia Euskal Herri osoko herrialde jendetsuena da. 2.217 km2 eta 1.139.131 biztanle (513,8 biztanle km2-ko, 2006). Hiriburua: Bilbo. Hiri nagusiak: Barakaldo, Sestao, Santurtzi, Portugalete, Getxo, Basauri, Balmaseda, Gernika, Durango, Bermeo, Lekeitio, Markina, Mungia. Eskualdeak: Arrati-Nerbioi, Bilbo Handia, Durangaldea, Enkarterri, Gernika-Bermeo, Lea-Artibai. Mugak: Gipuzkoa, ekialdean; Kantabria eta Burgos Gaztelako herrialdea, mendebalean; Araba, hegoaldean eta Kantauri Itsasoa iparraldean. Bizkaitar eskualdea izan arren, herrialdearen mendebalean dagoen Villaverde de Trucíos herria (Turtzios harana) Kantabria elkarte autonomoaren administrazioaren mende dago. Arabako lurraldearen ipar-mendebaleko Urduña udalerria, aldiz, Bizkaiaren administraziopean dago, bere eremutik kanpo egon arren.  v  Orografia. Bizkaia Kantauriko Mendien eta Pirinioen artean hedatzen den sakonunearen sartaldean dago. Lurralde menditsua da eta gain gorenak herrialdeko hegoalde eta sartaldean daude (Anboto, hego-ekialdean, 1268 m; Gorbeia, hegoaldean, 1475 m; Zalama, mendebalean, 1335 m). Mendi horien eta Kantauri itsasoaren artean behe-eremu zabalak daude (Ibaizabal arroa). Kostaldean, mendiak apalagoak dira (Oiz, 1026 m; Bizkargi, 563 m; Sollube, 663 m; Jata, 592 m). Kostaldea pikatua eta malkortsua da. Bi itsas sarrera nagusi daude: Bilbo eta Gernikako itsasadarrak.  v  Hidrografia. Bizkaiko ibaiek Kantauri itsasoan husten dute ura. Ibaizabal ibai nagusiaren arroak (ibaia 50 km da luze, Udalatxetik Kantauri itsasoraino; eta arroak 1.930 km2 ditu, albo-ibaiak eta Nerbioi ibaia barne) herrialde ia guztia zeharkatzen du, sortaldetik sartaldera, Enkarterri izan ezik. Bizkaitik kanpo sortzen diren bi ibai handiren ura jasotzen du Ibaizabalek: Burgosko Mena haranean sortzen den Kadaguarena (48,5 km) eta Urduñako mendietan sortzen den Nerbioirena (43,8 km). Gorbeia mendian jaiotzen den Arratia ibaia Ibaizabalekin lotzen da Igorren. Ibaizabalen gainerako ibaiadarrak txikiagoak dira. Hiru ibaik zeharkatzen dute Bizkaiko mendebaldea. Somorrostro edo Barbadun ibaia Enkarterriko mendietan sortu eta Muskizen itsasoratzen da. Beste biak, Mayor eta Karrantza, Enkarterriko mendietan jaio eta Kantabrian itsasoratzen dira. Lau ibaik zeharkatzen dute Bizkaiko herrialdearen iparraldea. Butroe ibaia (24,5 km) Bizkargi mendian jaio, Mungialdea zeharkatu eta Plentzian itsasoratzen da. Oka ibaia Bizkargi eta Oiz mendien artean eratzen da eta Gernikan husten du ura, itsasadar zabal batean. Busturia ibai txikia Solluben jaio eta Gernikako itsasadarraren ezkerraldean amaitzen da. Oiz mendialdearen iparraldean jaiotzen dira Lekeitio eta Ondarroan itsasoratzen diren Lea eta Artibai ibaiak.  v  Klima. Bizkaiko klima ozeanikoa eta epela da. Tenperatura Kantaurialdeko gainerako lurraldeetakoa baino beroxeagoa da (14° C-15° C urtean batez beste) eta euriteak ugari samarrak dira, udazken eta neguetan batez ere (1.200 mm urtean, batez beste). Klima hezea eta hodeitsua da.  v  Landaretza. Klimaren arabera, Bizkaia haritz eta pago lurraldea izan da, 600m-tik gora. Altuera horretatik behera landare mota askotariko lurraldea da (gaztainondoa, lizarra, astigarra). Egoera hori, ordea, goitik behera aldatu du gizakiaren eskuak joan den mendean, eta otea, txilarra eta iraren ugaltzearekin batera, pinuak (Pinus insignis) eta eukalituak hartu dituzte egungo oihanalde gehienak. ■ Biztanleria. 1.139.131 biztanle zituen Bizkaiak 2006. urtean: EAEko biztanleriaren % 54,23, eta Euskal Herrikoaren % 37. 1981. urteaz geroztik, etengabe joan da Bizkaia biztanleak galtzen (1.800.000 lagun bizi ziren Bizkaian, 1981ean). Biztanleria, gainera, erabat kontzentratuta dago Bilbo Handia eskualdean; hiriburua eta Nerbioi ibaiaren ibar ezker eta eskuineko udalerri jendetsuak eta hiriburuaren inguruko beste hainbat herri handi –Galdakao, Basauri…– hartzen ditu eskualde horrek. Hain zuzen ere, bizkaitarren % 70etik gora Bilbon Handian bizi da, eta izugarria da eskualde horretako biztanle dentsitatea (2.193 biztanle km2-ko). Kontuan izan behar da EAEko batez besteko biztanle dentsitatea km2-ko 294 biztanlekoa dela. Bizkaiak, oro har, gainditu egiten du dentsitate hori, 512 biztanle/km2-koa baita batez bestekoa, baina Bilbo Handiak duen eraginak kokatzen du dentsitate indizea maila horretan, Bizkaiko gainerako eskualdeak ez baitira heltzen EAEren batez bestekora. Azken hogei urteotako biztanle galeran ere eragin zuzena izan du Bilbo Handiaren bilakaerak, batez ere Ezkerraldeko herri industrial jendetsuen gainbeherak, bertako industriak jasan zuen krisialdiaren ondorioz milaka biztanle galdu baitzituzten 80ko hamarkadatik aurrera, esate baterako, Barakaldok edo Portugaletek.  v  Hizkuntza. Bizkaiko jatorrizko hizkuntza euskara da, bizkaiera, egun gaztelania nagusi den arren; mendebalearen parte handi batean, dirudienez, erdara da berezko hizkuntza. Euskaldunak 201.709 dira (% 17,5 1986an); erdi euskaldunak 205.696 (% 17,8. 1986); erdaldunak 746.584 (% 64,7). Herri elebiduna XVI. mendetik aurrera, XVIII. mendearen bukaeran Bilboko hizkuntza nagusia erdara zen, inguruko herriak euskaldunak izanagatik ere. XIX. mende hasieratik aurrera ia osoki erdaldundu ziren ezkerraldeko herriak (Barakaldo eta Abando, Santurtzi erdalduna zen jadanik) eta azkartu zen eskuinaldeko herrien erdalduntzea. Espainia aldetik heldutako etorkin kopuru handiak, euskararen aurkako politikak eta Bizkaiko burgesiak eta klase gorenek euskararen aurrean erakutsitako erdeinuak lastertu zuten Bizkaiaren erdalduntzea. Egun, euskara hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Bizkaiko herri guztietan. Bizkaiera, bizkaitarren berezko hizkera, Gipuzkoako mendebalean (Deba arroan) eta Araba iparraldean ere hitz egiten da. ■ Euskararen bilakaera. EAEko gainerako eskualdeetan bezalatsu, aurrera egin du euskarak Bizkaian azken urteotan, nahiz eta erdaldunak nagusi izan euskaldunen aldean. 2006ko datuen arabera, bizkaitarren % 45,6 erdaldunak ziren, % 23 ia-euskaldunak eta % 31,3 euskaldunak. Horretan ere, egoera desberdina zen eskualdeen arabera. 2001ean erdaldun gehien zituen eskualdea Enkarterri zen (euskara aspaldi galdu zuen): % 65,5 erdaldun, % 21,5 ia-euskaldun eta % 13 euskaldun, euskara eskualde horretan ere errekuperatzen zihoan seinale, berezko transmisioa etenik dagoen unean euskara ohiko etxegunetik kanpo ikasten dutenek osatzen baitute euskaldunen eta ia-euskaldunen kopurua. Bilbo Handia eskualdean ere euskara ez dakitenek osatzen dute gehiengoa, % 56,8, baina eskualde horretan ere euskara ikasten ari diren ia euskaldunak euskaldunak baino gehiago ziren. Gainerako eskualdeetan, euskalduna edo ia-euskalduna da biztanleriaren gehiengoa. Nolanahi ere, aipagarria da Bizkaiko euskaldunen tipologia, euskaldun zaharrak izan ezik gainerako euskaldunak eta ia-euskaldunak pasiboak baitira gehienbat euskaraz; hau da, elebidun hartzaileak dira gehienbat, euskara ulertzeko eta erabiltzeko gai izan arren, gutxi erabiltzen dutenak. Edonola ere, euskararen berreskuratzean aparteko garrantzia izan du irakaskuntzak, euskarazko ereduak baitira nagusi Bizkaian, era guztiz nabarmenean. 2001-2002 ikasturtean, esaterako, unibertsitate aurreko ikasketak egiten ari ziren haur eta gazteen % 40 ari ziren D erduan eta % 19,6 B ereduan, Bizkaian; A ereduan ikasleen % 39,1ek eman zuten izena. Euskal Herriko batez bestekoekin alderatuta, altuagoa zen D ereduko ikasleen ehunekoa (Euskal Herrian, % 35,8), baina altuagoa zen, halaber, A ereduko ikasleena ere (Euskal Herrian, % 26,9). ■ Ekonomia. Bilboko Portuaren eta Ibar Ezkerreko industria astunean –siderurgian eta ontzigintzan, gehienbat– egituratu zen Bizkaiaren jarduera ekonomiko nagusia XX. mendean zehar. Azken urteotan, industriak jarraitzen zuen jarduera nagusi izaten Durangaldean eta Arrati Nerbioi eskualdean. Baina 2001eko datuen arabera, zerbitzuetan ziharduten Bizkaiko langileen % 65,3k, Euskal Herrikoen batez bestekoaren antzera. Izan ere, 80ko hamarkadatik aurrera siderurgiak eta ontzigintzak izandako krisialdi latzaren ondorioz, asko aldatu da lurraldearen egitura ekonomiko eta produktiboa. Labe garaien eta ontziolen birmoldaketaren ondorioz, 90eko hamarkadaren lehen urteetan gogor jo zituen langabeziak Bilbo Handia eta, batez ere, Ibar Ezkerra. Nahiz eta krisialdi horren ez ukitu zuzen-zuzenean lurraldeko gainerako eskualdeak, Bilbo Handiak duen garrantzi demografiko eta ekonomikoak lurralde osora zabaldu zuen, zeharka bada ere, egoera gogor haren eragina. Milaka lanpostu galdu ziren, eta horren ondorioz biztanle asko galdu zituzten jarduera horietara emanda zeuden Ibar Ezkerreko udalerri jendetsuek. 1996an itxi ziren betiko Labe Garaien azkeneko aztarnak, ia mende betea zutenak: Sestaoko "Maria Angeles" labe garaia eta Ansioko instalazioak. Orduz geroztik, industriaren krisiaren eraginak arintzeko ahaleginek hiru ardatz nagusi izan dituzte: Ibar Ezkerrean gauzatutako suspertze ekonomikorako ekimenak, Bilbo eta bere inguruan osatu den metropoliaren eraldaketa ekonomiko eta urbanistiko sakona eta beste gune batzuen garapen industriak berezitua. Ibar Ezkerrari dagokionez, administrazio askoren arteko ekimenek ehun ekonomikoaren berrikuntza ari dira bultzatzen, eskualdeko industria tradizionala jarduera berriz ordezkatzeko asmoz. Besteak beste, aipagarriak dira Barakaldoko Ansio eta Galindoko egitasmo berritzaileak, Europar Batasunaren laguntza jaso dutenak. Bilbo inguruko beste eskualde batzuetan –Txorierrin, esaterako– jarduera ekonomiko eta industrial berriak sortu dira. Eraldaketa prozesu horretan aipatzekoa da Zamudioko Teknologia Parkeak erakarri duen punta-puntako industria, teknologia berriei eta balio erantsi handiko jarduerei lotua. Nolanahi ere, azken urteotako aldaketarik nabarmenena Bilboren inguruko "metropolia"ren sorrera da, ekonomiaren, urbanismoaren eta azpiegituren ikuspegi bateratzaileagoa bultzatu baitu estrategia horrek. Garai batean hiri industriala izandakoa zerbitzuei emandako hiri bilakatu da, Guggenheim museoak, Euskalduna Jauregiak eta bidean dauden beste hainbat ekimenek bultzatu duten aldaketari esker, eta, azpiegiturei dagokienez, asko hobetu dira dira hiriburuaren eta inguruko udalerrien arteko komunikazioak: metroa; Bilbo eta Barakaldo lotuko dituen ibar ertzeko pasealekua… Azpiegituren hobekuntza horretan kokatu behar dira, halaber, Bilboko Portuaren zabaltzea eta Bilboko Aireportua Sondikatik Loiura aldatu izana. Dena den, oraindik ere Bilbok eta Ibar Ezkerrak dituzte EAEko langabezia tasarik altuenak. 2007an, % 4,3ko langabezia tasa zuen Bizkaiak, EAEkoa baino altuagoa (% 3,8). 2000. urtean aurreko urteetako enplegu errekuperazio prozesuak aurrera egin zuen, baina azken urteetako krisiaren ondorioz okerrera egin du egoerak berriro. Biztanleko Barne Produktu Gordinari dagokionez, EAEren batez bestekoaren azpikoa izan zen 2005ean Bizkaian. Arratia-Nerbioik eta Durangaldeak bakarrik gainditzen zuten EAEko batez bestekoa.  v  Historia. Egungo Bizkaian Paleolitotik aurrera jendea izan den lekukotasunik ez da falta. Santimamiñe, Lumentxa eta beste aztarnategi askotan aurkitu diren hondakinek erakusten duten bezala, historia aurrean Bizkaian bizi ziren gizonak gainerako euskal herrietakoen kultura molde berekoak ziren. Bizkaiko jendeei buruzko lehen albisteak historialari eta erromatar eta greziar militarrek eman zituzten K.a. I. mendetik aurrera (Plutarco, Tito Livio, Salustio, Agripa, Estrabon, Pomponio Mela eta Plinio Zaharra). Bi euskal leinu bizi ziren egungo Bizkaian: Deba ibaitik Nerbioi eta Bilboko bokaleraino hedatzen ziren karistiarrak eta Nerbioi ibaitik Castro Urdialesa hedaturik zeuden autrigoiak. Karistiarren esparrua egun bizkaieraz hitz egiten den eremua (Gipuzkoako Deba aldetik Nerbioi aldera) eta Araba erdialdea (Trebiñu) bide zen. Autrigoiak, bestalde, egungo Enkarterri (Bizkai mendebala), Arabako ekialdea (Araia, Urduña, Ekialdeko Haranak), Mena harana (Burgos) eta Burgosko mendialdea (Pancorbo, Briviesca) hartzen zituzten. Karistiarren ekialdean barduliar euskaldunak eta autrigoien mendebalean kantauriar indoeuroparrak zeuden. Gaur arte iritsi diren karistiarrei buruzko albisteek ez dute egungo Bizkaian bide zegoen hiriren berririk eman, baina Tritium (egungo Deba) karistiar hiria izan zitekeen. Amanum Portus edo Flaviobriga, egungo Bilbo bide zena, autrigoi hiria zen. Erromatarrek ez zuten erro sendorik finkatu Bizkaian, Gipuzkoako alde barduliarrean ez bezala. Bilbo aldean egokitu bide zuten gune nagusia eta Somorrostroko meatzeak ustiatu zituzten. Han eta hemen barreiaturik aurkitu dira erromatarren garaiko aztarnak Bizkaia osoan, baina Asturica-Burdigala (Astorga-Bordele) galtzada nagusitik bazterrera zegoenez ez dirudi erromatar egoitza nabarmenik eraiki zenik Bizkaian. Erromako Inperioa hautsi ondoko mendeak (IV. mendetik aurrera) oso ilun agertzen dira. Bizkaiak, Saltus Vasconum barneko biztanle gutxiko lurraldeak, antolamendu politiko berri bati ekin zion eta bizkaitarrak gainerako euskaldunekin batera aritu ziren bisigodoen eta germaniarren aurka. Baskoniako Dukerria erabat osatu gabe zegoen garaian, VI. mendearen bukaeran, bisigodoek Kantabria hartu eta, bertan osatu zuten dukerriaren bitartez, Bizkaiko konkista prestatu zuten. Ez zuten sekula lortu nahiz autrigoien lurraldea jaun bisigodoen, agintepean geratu ziren. Nafarroako koroaren mendean luzaroan egon ondoren, lurralde hauek Gaztelako erreinura igaro ziren XII. mendearen bukaeran. Enkarterriko autrigoien berezitasuna arrazoi historiko hauetan oinarritzen da.  v  Erdi Aroko Bizkaia. Bizkaia izena 886. urteko Leongo dokumentu batean ageri da lehenengoz, Alfontso III.a Handia, Leongo erregearen Kronikan hain zuzen ere. Bizkaia bertako biztanleek gobernaturiko herria zela adierazten du kronika horrek. Konderri zen IX. mendean, eta Iruñeko erreinuari lotua ageri da berriz X. mendetik aurrera, Leongo erreinuaren aurkako borrokan. Kristautasuna, bestalde, IX. mendean hasi bide zen hedatzen herrialde osoan, nobleziaren eta elizaren arteko loturari esker batez ere. XI. mendera arte Bizkaia Arabako Armentiako eliz barrutian egon zen; Enkarterri, aldiz, Valpuestakoan. Antso III.a Handia Nafarroako erregeak (992-1035) Euskal Herriko erreinua osatu zuelarik, Bizkaiak bere kondea izan zuen. Erregea hil zenean (1035), Gartzea erregearen koroapean geratu zen Bizkaia, gainerako euskal herrialdeekin batera. Gaztelakoen aurkako gerrak ez ziren amaitu, eta Antso IV.a hil ondoren (1076), Eneko Lopitz Bizkaiko Kondea Gaztelako erregearen zerbitzari bihurtu zen, era honetara, Alfontso VI.a, Alfontso VII.a eta Alfontso VIII.a erregeen garaian guztiz sendotu zen mendekotasunari hasiera emanez. XI. eta XII. mendeko Bizkaiak Uribe, Busturia eta Markinako merindadeak hartzen zituen. 1110. urtean Urraka erreginak errege justiziaren beharrik gabe utzi zituen Diego I.a Lopitz Harokoa kondearen lurrak eta, beste onurekin batera, Jaurerri bihurtu zen Bizkaia. Navas de Tolosako guduaren ondoren (1212), Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak jaurerriko jaun izateko eskubidea berretsi zion Diego Lopez de Haro II.ari, eta ordura arte bereiz egon zen Durangaldea eman zion. Fernando III.ak Urduña eta Balmaseda erantsi zizkion. Somorrostro eta Enkarterri ere batu zituzten beste jaun batzuek. XI. mendearen bukaeran Gaztelako koroako konderriak kendu eta tenencia izeneko administrazio eremuak sortzen hasi zen. Tenencia delakoek gazteluak eta hiriak gobernatzen zituzten, eta Jaunek lurralde oso bat hartzen zuten agintepean, Jaurerria hain zuzen. Bizkaiko Jaurerria handikien esku zegoen lurraldea zen, eta erregearen agintea mugatua zen, bere zerbitzuko lurraldea izanik ere. Egungo Bizkaiko lurraldean, Jaurerriarekin batera Jaunaren mendean ez zeuden hiri eta lurralde batzuk bazeuden: Balmaseda izan zen hiri-forua jaso zuen lehen hiria (1199), Bermeok handik urte batzuetara izan zuen berea. Urduñako forua 1229koa da, Lanestosakoa 1287koa, eta Enkarterrik ere bere foruak zituen. Foru hauen oinarria Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Logroñoko hiriari eman ziona da. Baina hauen aurretik, Gartzea Nafarroako erregeak Bizkaiko Forua eman zuen 1051n. Urte horietakoak dira Bizkaiko zenbait hiriren foruak: Plentzia (1299), Bilbo (1300), Portugalete (1323), Lekeitio (1325), Ondarroa (1327), Markina (1335), Gernika (1366), Ugao (1375), Larrabetzu, Mungia eta Errigoiti (1377). Luza gabe hasi ziren ahaide nagusien eta hirien arteko liskarrak, Bizkaiko Batzar Nagusietan jauntxoak baitziren nagusi. Hiriek antolaturiko hermandadeek ezer gutxi lortu zuten ahaide nagusien aurka eta Bizkaia jauntxoen arteko gudu leku izan zen XIV. eta XV. mendeetan.  v  Bizkaiko Jaurerria Gaztelako koroaren esku. Bizkaiko Jaun eta Petri I.a Ankerraren sasiko anaia zen Tellok porrot egin zuen, Alfontso XI.aren sasiko anaiekin batera, erregearen aurkako saioan. Hirietako ordezkariak, Bilbon 1356ko ekainaren 21ean izenpeturiko dokumentuan, Gaztelako erregea Jauntzat hartzeko prest agertu ziren Tello, ahaide nagusiak baldin eta Tellok erregea leialtasunez zerbitzen ez bazuen. Horixe gertatu zen eta erregeak Bizkaiko nagusiek Jaun izenda zezaten lortu zuen, hiriak erregearen mendean geratu ziren eta nobleen eremuak foru-alkate eta Gorteko eskumenera jarri ziren. 1358. urtean Bizkaia Gaztelako erregearen mendeko Jaurerri bihurtu zen. 1366. urtean Tello berriz ere izendatu zuten Jaun, Henrike Trastamarakoak Gaztela inbaditu ondoren. Tello ondorengorik gabe hil ondoren (1370), Henrike Gaztelako erregearen emaztea, Joana, izendatu zuten Bizkaiko Andre, Diego III. Bizkaikoaren ondorengoa izaki. Joanak Jaurerria Joani bere semeari uztea proposatu zuen Batzar Nagusietan eta hauek onartu egin zuten proposamena. 1371. urtean Joan Bizkaiko Jaun egin zuten eta zortzi urte geroago Gaztelako errege egin zutelarik (1379), Joan III.a Bizkaikoa, Gaztelako Joan I.a bihurtu zen. Harrezkero Gaztelako koroa eta Bizkaiko Jaurerria Gaztelako errege-erreginen esku egon zen.  v  Bizkaiko Forua. Bizkaiko oinarrizko erakundea ibarra zen, bertara biltzen ziren baserriak. Goragoko mailan elizateak zeuden, baserri, auzo eta inguruko lurrak bilduz. Elizateek gizonezko herritar guztiak biltzen ziren aholkularitzak zeuzkaten eta ordezkariak bidaltzen zituzten Merindadeko Batzar Nagusietara. Elizate bakoitzak Fiel izeneko agintaria zuen (zenbaitetan bi, bata jabeek aukeratua eta bestea maizterrek). Merindadeak eskualdeko elizateak biltzen zituen eta Merindadeko Batzar Nagusiak antolatzen zituen, elizateetako ordezkariak bilduz. Merindade buru merio (merino gaztelaniaz) edo epaileak jarduten zuen. Batzar hauetan aukeratzen ziren Gernikan egiten ziren Bizkaiko Batzar Nagusietarako ordezkariak. Bizkaitar guztiak ziren aitonen seme, eta lurjabe izateko eskubidea zuten, guztiak handiki ez baziren ere. Bizkaiko lehen Merindadeak Uribe, Busturia, Markina, Bedia, Zornotza eta Arratia izan ziren. Durangaldea, Enkarterri eta Orozko geroago batu ziren. Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko, sua pizten zen Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza, Oiz eta Sollube mendi gainetan, eta elizate eta hirietako ordezkariak biltzen ziren. Elizateetako ordezkariak ahaide nagusiak ziren, eta hirietakoak hermandadeen ordezkariak izan ohi ziren, hirietako merkatarien ordezkariak XVI. mendetik aurrera. Jatorriz Ahaide Nagusien Batzarra bazen ere, bizkaitar orok zuen Batzarrean parte hartzeko eskubidea, ordezkari izanez gero. Batzar Nagusiak legegile ziren nagusiki. Jaunaren edo erregearen proposamen guztiek batzarkideen onespena jaso behar zuten, eta haien agindua onartu edo gaitzesteko eskubidea zuten batzarkideek (Foru Pasea). Bestalde, Jaunak berretsi behar zuen Batzar Nagusiek erabakitakoa. Ahaide Nagusien arteko gudu eta liskarrak konpontzeko aitzakiaz, baina erregearen armada sendotzea xede zuela, Jaunak korrejidore bat izendatzen zuen; Teniente Nagusi bat zegoen Gernikan eta beste bi Enkarterri eta Durangaldean. Merindade bakoitzak zuen bere merioa (Uribek, Bilbo barne, bi) eta merio bakoitzak bere ordezkoak zituen. XIV. eta XV. mendeetan luzatu ziren ahaide nagusien arteko gerrek (oinaztarren eta ganboatarren arteko gatazkek) izugarri ahuldu zuten nobleen eragina Bizkaian eta, bitartean, hirietara bildu zen merkatari burgesia Batzar Nagusiak kontrolatzen hasi zen XVI. mendetik aurrera. Foru Zaharraren (1452) eta Foru Berriaren (1526) artean alde nabarmenik ez bada ere, Batzar Nagusien egitura aldatzen hasi zen. Hasieran hiriak ahaide nagusien mende zeuden arren, XIV. mendean itsas merkataritza bizkortu zenean aurre egin zieten burgesek nobleei eta Ameriketako konkista hasi zenerako hiriek kontrolatzen zituzten Batzar Nagusiak.  v  Bizkaia 1500-1833 urteetan. 1500. urtean Errejimentu Nagusia sortu zuten Batzar Nagusiek, Jaurerriko aginte eragilea. Errejimentu Nagusia Jaunak aukeraturiko korrejidoreak eta Batzar Nagusietako bi alderdiek hautaturiko bi diputatuk, hamabi errejidorek eta bi eskribauk osatua zen. Elizateetako eta hirietako ordezkarien arteko tirabirak etengabeak izan ziren; egoera hau XVII. mendean areagotu egin zen. 1631. urtean Filipe III.a Espainiako errege eta Bizkaiko jaunak lurralde osoko gatzaren monopolioa ezarri zuen, Jaurerriko Ogasun zerbitzuaren esku utziz haren salmenta. Neurri honen alde jarri ziren Bilboko burgesia eta Praka Baltzak izeneko batzarkide aberatsak. 1631ko irailaren 24an eginiko Batzarrean, elizateetako ordezkariek bileran euskaraz egin zedila eskatu zuten batzarkide guztiek uler zezaten han esandakoa. Batzar Nagusiek erregearen agindua balio gabe uztea erabaki zuten. 1632. urtean Filipe III.ak Bizkaiko herri guztiek diru zerga bat ordaintzea agindu zuen, gerretan xahuturiko dirutzak biltzearren. Praka Baltzak erregearen alde berriz ere, elizateetako ordezkariek ez zuten honelakorik onartu eta erregearen gizonen aurka jardun zuten, zerga kobratzeko asmotan agertu zirenean. Tira-bira askoren ondoren eta Batzar Nagusietan erabakitakoa onartu ezean, zapalkuntza hasi zen altxatu ziren bizkaitarren aurka; 1634ko maiatzaren 24an urkatu zituzten Martin Ochoa Ajorabide, Bizkaiko Gobernuko Idazkaria, Morga lizentziatua eta Joan Puente. Hurrengo egunean hil zituzten Joan Larrabazter eta Bizcaigana anaiak. Forua zalantzan jarri zen gatazka hauetan, Bilboko merkatari burgesia eta Bizkaiko goi handiki batzuk elizateetako ordezkarien aurka aritu ziren. XVII. mendearen bukaeran Diputazioa sortu zen, korrejidoreak, bi diputatuk eta bi errejidorek osatua, eta 1700. urtean Filipe V.a Espainiako errege izendatu zuten, Borboiko etxe dinastiaren lehen erregea Espainian. Borboitar monarkia zentralistak arazo ugari ekarri zizkien Bizkaiako eta Euskal Herriko Foruei hasieratik. Ameriketako gehiegikeriek eta gerrek ekonomia hondamena ekarri zioten XVII. mendean Espainiari eta Bizkaia ez zen krisi horretatik bazter geratu. 1717. urtean, Filipe V.ak Bizkaia eta Gipuzkoako aduanak kostaldera igaro zitezela agindu zuen dekretu batez. Neurri honekin batera, muga zergak kobratzeko eskubideak Estatuaren esku gelditu ziren eta Bizkaiak Estatuko merkataritza arau orokorrak bete beharko zituen handik aurrera. Foruaren aurkako neurri hau ez onartzekotan, Bilboko merkatari burgesiak Gaztelako artilearen gainean zituen pribilegioak galduko zituen. Erregearen dekretuak bete-betean ukitzen zuen herri xumea, inportatzen ziren gaien salneurria izugarri igoko baitzen. Matxinada 1718ko irailaren 4an hasi zen Bermeon eta berehala zabaldu zen Bizkaiko lurralde guztietara. Bilbo eta hirietako burgesia Foruaren aurkako neurriaren alde zeuden eta nekazariak haien aurka matxinatu ziren. Bilbora jo, Arana diputatua hil, Sindiko Nagusiaren eta beste aberats batzuen etxeak erre eta hiri guztia ere erreko zuten bertako herritarrek aurre egin izan ez baliete. Bermeon, ontzi bat erre, eta Bilboko alkateordea, emaztea eta beste bi lagun hil zituzten. Zapalkuntzaren ondorioz 16 matxino hil zituzten. 1723. urtean, ordea, Filipe V.ak atzera egin behar izan zuen eta aduanak lehengo tokian ezarri zituzten atzera (Balmaseda eta Urduña). 1794an, Konbentzioko gudaroste frantsesak Bidasoa igaro eta Gipuzkoan egokitu ziren, bertako batzarkideek onartuta. Bizkaiko Batzar Nagusiak, ordea, Karlos IV.a erregearen alde agertu ziren, burgesia eta herritar asko aurka egon arren. Frantziak eta Espainiako koroak Basilean izenpetutako Bakeak (1795), amaiera eman zien euskaldunen errepublika aldeko asmoei. 1804. urtean, Simon Bernardo Zamacola Arratiako ahaldunak, Abandon portu berri bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bilboren aurkako proiektua zen inondik ere. Erregeak proiektua onartu bazuen ere, Zamacolaren beste proiektu batek galarazi zuen hura berehala. Erregearen eskua behar zuen proiektu berri horren arabera, bizkaitarrak soldadutza egitera behartuta egongo ziren aurrerantzean. Batzar Nagusiek egitasmoa onartu zuten eta Bizkaiko herriak berehala erantzun zuen matxinadara joz. Matxinada Begoñan hasi eta Bilbo inguruko herrietara hedatu zen. Bilboko agintariek preso harturiko korrejidore eta diputatuak askatzea lortu zuten eta, bitartean, Zamacolari leial zitzaizkion Arratiako herriek Bilbo hartzeko erabakia hartu zuten. Matxinadari buru emateko xedean, Espainiako Armadak Bizkaia hartu zuen eta hiru urtez militarren diktadura azpian eduki zuen. 1808. urtean ezarri ziren berriz Foruak. Napoleonen osteek Iberiako Penintsula hartu ondoren Euskal Herriko Diputazioetan ez zen aldaketa handirik sumatu, 1810. urtean Bizkaiko Gobernua sortu eta foruak balio gabe utzi zituzten arte. Josef Bonaparteren alde zegoen burgesia, eta herria aurka. Gerra bukatzean, foruak ezarri zituen berriz Fernando VII.ak. Alabaina 1815 eta 1817ko errege xedapen batzuek neurri handi batean murriztu zituzten foruak. Fernando VII.a hil ondoren (1833ko iraila) lehen karlistada hasi zen Euskal Herrian eta baita Bizkaian ere. Dinastia arazoak baino, foruen eta euskal libertateen auzia zegoen jokoan. Bilboaldea liberala zenez, gainerako herri karlista eta foruzaleei aurka jarri zitzaien berriz ere. 1835eko ekainaren 15ean, Bilboko setioan zauritu zuten Zumalakarregi buruzagi foruzalea. Karlisten nagusitasuna eta foruak galbidean jarri zirenean 1837an, Herrialdeetako Diputazioak eta Lehen Mailako Epaitegiak sortu ziren eta aduanak kostaldean ezarri ziren. 1839an izenpetu zen Bergarako Hitzarmenaren ondorioz, Foruak asko murriztu zituen monarkia liberalak. 1841-1876 bitarteko urteetan Bizkaiak kapitalizazio eta industrializazio bizkorra izan zuen. Ibaizabalen ezkerraldeko burdin meatzeen ustiapenak aldakuntza handiak eragin zituen Bizkaiko ekonomian: siderurgia industria berriak eraiki ziren aspaldiko burdinolen ordez (Santa Ana-Bolueta lehenengo labe garaia, 1841ean sortua); eta klase berri bat sortu zen: oligarkia kapitalista. Ehun langintzak ez zuen inolako garrantzirik izango baina, horren ordez lehen euskal banku pribatuak sortu ziren (Bilboko Bankua, 1855). Bilbo eta Bizkaia, bestalde, Espainiako lehen burdinbidetik bazterrera geratu ziren, eta Bilbo-Tutera trenbidea egin behar izan zuen Bilbok (1863), Estatuko bide nagusiekin elkartu ahal izateko. Nekazariek bizi zuten krisi larria, foruen murrizte garratza eta dinastia auzia izan ziren 1872ko apirilean hasi zen bigarren karlistadaren arrazoi nagusiak. Alabaina, aurrekoan baino areago, ideologia aldeak oso leku garrantzitsua hartu zuen gerra honetan: ekonomia hedapenerako traba ziren foruen eta Erregimen Zaharra amesten zuten politikari atzerakoien etsai porrokatu ziren Bilboko kapitalistak, liberalen alde jarri ziren. Karlos VII.aren osteek huts egin baitzuten, 1876ko uztailaren 21ean hego euskal herrialdeetako foru erregimena deuseztatu zen, euskal diputazioek erabaki horren aurka agertu eta dimisioa aurkeztu bazuten ere. Neurri honen ondoren etorri zen Bizkaiko kapitalismoaren benetako hedapena; burdin mearen esportazioak gehitu, siderurgia sendotu eta bankuak indartu ziren. Bizkaiko meatze eta industrialde berriak (Bilboko ezkerraldea) kanpoko langile asko hartu zituen eta 1880tik aurrerako urteetan jaio zen bertan Euskal Herriko lehen langile higikunde sozialista. Bestalde, aldakuntza haien guztien fruitu sortu zen Bilbon, Sabino Arana gidari zuela, higikunde bizkaitarra (1892), geroko euskal nazionalismoaren hazia. Bizkaian gatazka sozial handiak izan ziren aurrerantzean. Langile higikundea alderdi sozialistaren eta UGT sindikatuaren ingurura bildu zen nagusiki. Nazionalistek, arian arian, euskal burgesia ez oligarkikoaren eta nekazari sostengua jaso zuten, karlistak ahuldu ahala. Bitartean, Ekonomia Kontzertuak jarriak ziren indarrean. XX. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera, nazionalistak, batez ere, eta sozialistak ziren Bizkaiko talde nagusiak. Espainiako errepublika garaian (1931ko apirilaren 14tik aurrera), euskal nazionalismoak, Eusko Alderdi Jeltzalera bildua nagusiki, Gerra Zibila hasita gero baizik (1936ko urriak 1) erdietsi ez zuen Autonomi Estatuaren aldeko apustu politikoa egin zuen. Franco jeneralak eraginda, Espainian Gerra Zibila hasi zenean, Bizkaiak Errepublikako Gobernuari leial iraun zion, Gipuzkoak bezala, eta Bilbo izan zen Lehen Euskal Gobernuaren egoitza. Gipuzkoa hartuta (1936ko azaroaren bukaera), Bizkaia inguratu ondoren, Francoren osteak une hartan gerra batean erabil zitezkeen bitarteko guztiez baliatu ziren, eta Bizkaiak jasan behar izan zituen historian izandako lehen airezko triskantzak: 1937ko martxoko 31n, Condor Lejioko hegazkin naziek bonbardatu zuten Durango, ehundaka pertsona hilez, eta urte bereko apirilaren 26an, Gernikako hiria txikitu zuten hegazkin oste berberek, eta bi mila lagun inguru hil zituzten. Ekainaren 19an sartu ziren frankistak Bilbon eta Eusko Jaurlaritzak erbestera jo behar izan zuen. Francoren esku, zapalkuntza izugarria izan zen erdi hutsik geratu zen Bizkaian. Herrialdea, bestalde, Ekonomia Kontzerturik gabe geratu zen, Gipuzkoa bezala, Francok probintzia traidoretzat jo ondoan. Diktaduraren garaian (1937-1976), Bizkaian garrantzi handiko oposizioa izan zen (Bandasko langileen greba, 1966; Burgosko Epaiketaren aurkako higikundea, 1970). 1977tik aurrera, Eusko Alderdi Jeltzalea izan da nagusi Bizkaiko hauteskundeetan. 1979ko aldeko erreferendumaren ondoren, Euskal Autonomia Elkarteko lurraldea da Bizkaia.