Bessarion, Joan
Bizantzioko humanista eta teologoa (Trebizonda, 1400 inguruan - Ravena, 1472). Nizeako artzapezpiku zela Italiara joan zen Joan VIII.a Paleologos ekialdeko enperadorearekin, mendebalekoei otomanoen kontrako gerran laguntzeko eskatzera. Ferrara eta Florentziako kontzilioetan hartu zuen parte eta bi eliza kristauen batasunaren beharraren alde egin zuen. Diplomatiko gisa, Alemania, Frantzia eta Italiako estatuetan egon zen. Italiako Errenazimentuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen. Bere pentsamolde neoplatoniarrei jarraituz, In Calomniatorem Platonis lan polemikoa eman zuen argitara Aristotelesen aldeko zen Giorgios Trebizondakoaren aurka.