Berger, Erna
Alemaniar sopranoa (Cossebaude, Dresdenetik hurbil, 1990 - Essen, 1990). Kantuan hasi aurretik pianoa ikasi zuen. Debuta Dresdeneko Staatsoper-en egin zuen Fritz Busch zuzendari zuela 1925ean (Xirula miragarria-ko lehenengo mutila). Hoffmann-en Ipuinak laneko Olinpia ere kantatu zuen. 1928an Richard Straussen Egiptoko Helena lanean parte hartu zuen eta 1929an Han Pfitzner-en Christelflein kantatu zuen Berlingo Städtische Operan. Opera horretako taldeko kide izan zen 1932-1934 urteen bitartean. Bayreuth-eko jaialdian parte hartu zuen Arturo Toscanini zuzendari zuela Parsifal-eko lehenengo neska-lorearekin eta Siegfried-eko basoko txoriarekin (1933), eta baita Salzburgokoan ere (1932). 1932. urtetik aurrera Lied-a landu zuen batez ere Michael Raucheisen piano-jotzailearekin. 1934an Berlingo Staatsoper operara deitu zuten, eta bertan hogei urtez aritu zen lanean. 1937-1938 urteen bitartean Gaueko erregina izan zen Berlingo orkestra filarmonikoak egindako Xirula miragarrian, Thomas Beecham zuzendari zuela. Parisen, Champs-Élisées-eko Antzokian (1937) lehenbizi, eta ondoren, Parisko Operan (1941) kantatu zuen. Hainbat kontzertu eman zituen Ipar eta Hego Ameriketan (1946-1953), Australian (1948) eta Japonian (1953). 1949an New York-eko Metropolitan operan debutatu zuen. 1955ean obra lirikoak utzi eta Lied-etara eta irakaskuntzara jo zuen. Berger-ek oso soprano ahots berezia zuen: nota altuetara ziurtasun osoz iritsi zitekeen ezti-ezti eta aldi berean indartsu.