Bergarako Ituna
Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak Euskal Herriko lehen karlistadari amaiera emateko 1839ko abuztuaren 31n Oñatin izenpetu eta Bergaran berretsi zuten ituna. Izenpetu aurretik karlistak bi taldetan bereizi ziren, itunaren alde zeudenak eta kontra zeudenak. Gaitzesleen artean, Don Karlos, Espainiako koroa nahi zuen infantea, zegoen. Hiru puntu nagusi aurkeztu zizkion Marotok Esparterori: Karlos Maria Borboikoa Espainiako Infantetzat hartzea, hainbat herrialdetako foruak osorik onartzea eta armadako maila, kargu eta kondekorazio guztiak errespetatzea. Esparterok puntu batean baizik ez zuen amore eman eta itun hori osorik onartzen zutenei armadako karguak gordeko zitzaizkiela sinarazi zion Marotori. Foruei zegokienez, Esparterok berak eskaria bideratuko omen zuen foruen alde gobernuaren aurrean, eta Don Karlosen infantetzari buruz aipamenik ez zen egin itunean. Maroto saltzailetzat salatu ondoren, Don Karlosek eta Zaratiegi eta Elio jeneralek gidaturiko batailoi arabar eta nafarrak prest agertu ziren Esparterori aurre egiteko. Esparterok alabaina Lapurdira ihes eginarazi zien zortzi mila karlista leialei. Don Karlos bera irailaren 14an igaro zen Lapurdira Dantxariatik. Bergarako itunaz amaitu zen lehen gerra zibila Euskal Herrian. Esparterok foruen alde agertutako asmo onak hutsalak izan ziren; 1839ko urriaren 25eko legeak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako foruak berretsi zituen, baina «monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik ez ekartzea» baldintza jarrita. Horretan hasi zen foruen amaiera.