Bergarako Erret Mintegia
(Esp. Real Seminario Patriótico Bascongado de Bergara) 1776. urtean, Euskal Herriaren Adiskideen Erret Elkarteak Bergaran sortu zuen irakaskuntza eta ikerketarako erakundea. Francisco Javier Munibe Idiaquez Peñafloridako Kondea eta Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko lehendakaria izan zen erakunde horren bultzatzaile nagusia. 1769. urtean, jesuitak Espainiatik egotzi ondoren (1767), Karlos III.a Espainiako erregeak 1593. urtean Oñatitik etorri ziren jesuitentzat egokituriko eraikuntza eman zion Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari, eta honek egoitza nagusia Bergaran ezartzea erabaki zuen 1775ean. Asmo handinahi haien arabera, gai klasikoez gainera (Latina, Erlijioa, Hizkuntzak, Matematika, Filosofia…), Kimika, Mineralogia, Fisika, Natur Zientziak, Metalurgia, Marrazkia eta Musika ere irakasten hasi ziren Mintegian eta, horrela, Bergarakoa lehen mailako ikasketa eta ikerketa zentro bihurtu zen Espainiako Estatuan. Atzerriko irakasle eta ikerlari ospetsuak ekarri zituzten eta fisika eta kimika arloak landu ziren bereziki, Euskal Herriko burdin eta altzairugintza eraberritu asmoz. 1783. urtean, Elhuyar anaiek wolframioa aurkitu zuten bertan. Kanpotik ekarritako teknologia berriak eta bertan eginiko saio baliotsuek ez zioten, ordea, nekazaritzari halako berrikuntzarik ekarri. Natur Zientzietako eta Hezkuntzako ikusmolde berriek lehen lekuan ezarri zuten Bergarako Mintegia Espainiako Estatuko Irakaskuntzan. Mintegia Gipuzkoako aitonen-semeen ikastegia izan zen batez ere. 1794an frantses gudarosteak Gipuzkoan sartu ondoren Mintegia Gasteiza eraman zuten eta 1798an berriz ere Bergaran egokitu zen. Gainbeheraren abiada izan zen hura. 1804. urtean Estatuak hartu zuen Erret Mintegiaren gidaritza eta Real Seminario de Nobles izena eman zion. 1822an Bigarren Irakaskuntzako Unibertsitate bihurtu zuten eta hurrengo urtean, Fernando VII.a errege zela, Real Seminario de Nobles egin zuten berriro ere. XIX. mendean Mintegiak ez zuen hasierako garrantzi hura eskuratzerik izan: Gipuzkoako Bigarren Irakaskuntzako Goi Mailako Institutua izan zen (1845). 1851-1860 urte bitartean Real Seminario Científico Industrial izena eman zioten eta, Espainiako Estatuko lehen industria eskola bilakatu zen. 1880an domingotarrek zuzendutako Lanbide Eskola bihurtu zen. 1938 eta 1944aren artean apaiz seminarioa izan zen eta 1975etik aurrera Urruneko Unibertsitatearen (UNED espainieraz) egoitza da.