Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bergara

Gipuzkoako mendebaleko udalerria eta epai-barrutia (Debagoiena). Mugak: iparraldean Soraluze eta Eibar, mendebalean Elgeta eta Elorrio, hegoaldean Arrasate eta Oñati, eta ekialdean Azkoitia eta Antzuola. Altuera 155 m. 77,01 km2. 1997ko datuen arabera, 15.250 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gehiago (bergararrak). Auzoak: Bergara, Angiozar, Basalgo, Elosua, Osintxu, San Prudentzio eta Ubera. Deba ibaiak hegoaldetik iparraldera igarotzen du herria. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa 1996an: 10.292 euskaldun, 1.997 ia euskaldun eta 2.780 erdaldun. Industria herria den aldetik ekonomia jarduera nagusia industrian eta zerbitzuetan oinarritua dago. Aipagarriak dira XVI. mendeko Erret Mintegia, XVI. mendeko Ariznoako San Pedro eliza gotikoa, XII. mendeko Santa Maria Oxirondoko eliza gotikoa, XVI. mendeko Santa Maria eliza gotikoa eta hainbat oinetxe.
 v  Historia. Bergara aldean historia aurreko garaietan ere jendea bizi zela frogatzen duten aztarnategi megalitikoak (Udala-Intxorta eta Elosu-Plazentzia) alde batera utzita, Bergara aipatzen den lehen dokumentu idatzia 1050. urtekoa da. 1202an gaztelu bat bazen Elosuan eta 1268an Alfontso X.a Gaztelako erregeak eman zuen Bergarako hiri gutuna, Ariznoa izeneko lekuan era zedin. Bergara inguruko herriak mendean ezartzen zituzten pribilegioz hornitu zuten Gaztelako erregeek XIII-XV. mendeetan. XIV. mendearen erdialdean, ordura arte Elgetari lotua egon zen Oxirondo Bergararen mendean geratu zen, Bergarak Ahaide Nagusien arteko guduetan eman zezakeen babesa zela eta. Beste hainbeste gertatu zen Antzuola (Uzarraga) herriaren kasuan. Dena den, lotura hauek ez ziren erabatekoak, eta Oxirondok nahiz Uzarragak auzitan jardun zuten Bergararen aurka XVII. mendera arte. Bestalde, Bergara eta Elgeta elkarren aurka aritu ziren 1346. eta 1446. urteetan, biztanleen arteko etsaigoak sorrarazitako guduetan. Muga auziak izan zituen Bergarak Azkoitiarekin, eta artekarien epaia onartu zuten bi herriek 1415ean. XVII. mendean, gorabehera eta tirabira askoren ondoren, Antzuola (Uzarraga) bereizi egin zen (1629). Oxirondok beste hainbeste egin nahi izan zuen 1630ean, baina, lortu ez zuenez, auzo bezala segitu zuen. 1718. urtean, Bergarak aduanak kostaldera eraman nahi zituen errege dekretuaren aurkako matxinadan ere hartu zuen parte. 1766. urtean, ordea, bihiaren salneurrien igoera zela eta Azkoitin eta Azpeitin piztu zen matxinadan ez zuen parterik hartu; kontra atera zen Gipuzkoako handikiekin, Peñafloridako kondea barne. Urte bereko apirilaren 26an, Bergara hartu nahi izan zuten 700 elgoibartarrek, baina hutsean geratu zen haien saioa. Konbentzio Gerran, Frantziako gudarosteek herria harrotu eta Erret Mintegia hondatu zuten erabat. Lehen Karlistadan, Bergara liberalen alde agertu zen, baina 1835ean Zumalakarregik hartu zuen. 1839an Bergaran izenpetu zen Espartero jeneral liberalaren eta Maroto buruzagi karlistaren arteko hitzarmena.