Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Benedikto

Hainbat aita santuren izena.  v  Benedikto I.a. (Bonoso deitua). LXII. Aita Santua (575-578). Erromatarra.  v  Benedikto IIa. Santua. 81. Aita Santua (684-685). Erromatarra. Jaieguna, maiatzaren 8a.  v  Benedikto III.a. 104. Aita Santua (855-858). Erromatarra, Anastasio Liburuzaina antipaparen aurka hautatua.  v  Benedikto IVa. 117. Aita Santua (900-903). Erromatarra.  v  Benedikto VIIa. 134. Aita Santua (974-983). Tusculum kondeen familiakoa, Sutriko apezpikua izana. Bonifazio VII.a antipapari anatema eman eta, Othon II.arekin batera, Italiako altxamendu feudala baretu zuen.  v  Benedikto VIa. 133. Aita Santua (972-974). Bonifazio VII.a antipapak urkatuta hil zen.  v  Benedikto VIII.a. (Theophylacto deitua, Tusculum kondeen familiakoa). 142. Aita Santua (1012-1024). Henrike II. enperadoreak Crescentii familiako Gregorio antipaparengandik babestu zuen. Paviako sinodoa bildu zuen, eliz jendearen ohiturak zuzentzeko asmoz (1022) eta Romanus anaiaren eskuetan utzi zituen kargu zibil guztiak.  v  Benedikto IX.a. (Theophylacto deitua, Tusculum kondeen familiakoa). Aita Santua (1032-1044; hogei egunez 1045eko apirilean; zortzi hilabetez 1047-1048. 1055ean hila). Hamabi urte zituela hautatua, Silbestre III.ak kendu zuen kargutik (1044) zeraman bizimodu lizunagatik. 1045eko apirilean berriro Aita Santu izendatu zuten bortxaz, eta kargua utzi zuen, diru truk, Gregorio VI.aren faboretan (1045eko maiatzak 1). Klemente II.a hil ondoren aitasantutza berreskuratu zuen (1047) eta zortzi hilabete geroago egotzi zuten kargutik Damaso II.a ezartzeko. Erromako kontzilioak (1046) aldarrikatuta utzi zuen kargua. Bi aldiz agertu ohi da aita santuen zerrendetan (144. eta 148. lekuetan).  v  Benedikto XI.a. (Niccolo Boccasini, «zorionekoa»). (Treviso aldean, 1240 - Perugia, 1304). Domingotarren zuzendari nagusia (1296), Ostiako kardinala (1298) eta 192. Aita Santua (1303-1304). Eskumikatu egin zituen G. de Nogaret eta Sciarra Colonna, Anagniko atentatuaren egileak, Filipe IV.a Ederrari barkazioa eman bazion ere. ik. Bonifazio VIII. Colonnatarrak bultzatuta, Erroma utzi eta Perugiara jo zuen. Bertan hil zen, pozoiturik dirudienez.  v  Benedikto XII.a. (Jacques Fournier). (Saverdun, Foix - Avignon, 1342) 195. Aita Santua (1334-1342). Zistertarra zen, Fontfroideko abadea izana. Aita santuen Avignongo jauregia hasi zen eraikitzen.  v  Benedikto XIII.a. (Vincenzo Maria Orsini). (Gravina, Napoli, 1649 - Erroma, 1743). 243. Aita Santua (1724-1730), domingotarra, Beneventoko apezpikua. Politikan batere iaioa ez izaki, Niccolo Coscia kardinal diruzalearen esku utzi zuen arazo politiko guztien gidaritza.  v  Benedikto XIV.a. (Prospero Lambertini). (Bolonia, 1675 - Erroma, 1758). 245. Aita Santua (1740-1758). Diplomatiko trebea izaki, Portugal, Espainia, bi Siziliak eta erresuma burujabe bihurtu zen Prusiarekiko harremanak normaldu zituen, nahiz horretarako zenbait gauzatan amore eman behar izan zuen. Ospe handiko kanonista eta aditua, izadiaren zientziei eta zientziaren historiari leku egin zien eliz ikasketetan (Galileo eta Copernicoren lanak 1759an kendu zituzten Index liburutik) eta, jakintsuekin harremanetan betiere, protestante eta deisten harrera ona jaso zuen.  v  Benedikto XV.a. (Giacomo della Chiesa). (Pegli, Genoba aldean, 1854 - Erroma, 1922). 256. Aita Santua (1914-1922). Boloniako artzapezpikua (1907) eta kardinala (1914). Lehen Mundu Gerrako Aita Santua, ez zuen alde bata ez bestea kondenatu eta garrantzi handiko diplomazia lanak abiarazi zituen, neutraltasunetik ondorio onik lortu ez bazuen ere (Bakerako proposamena, 1917ko abuztuak 1). Porrot honen ondoren, Vatikanoa Bakerako Batzarretatik kanpora egotea lortu zuen Italiak. Ekialdeko elizekiko harremanak hobetzen eta sarriagotzen saiatu zen.