beneditar
iz. eta izlag. San Benitoren erregelari jarraitzen zaion lekaidea. v Beneditarren ordena Montecassinoko abatetxearen sorrerarekin eta erregelaren idazketarekin abiatu zen 529. urtean. Karlomagnok Anianeko San Benitorekin batean, azken honek arauturiko erregela (817) ezarri nahi izan zuen inperioko monasterioetan. Hori onartu zutenen artean Cluny aurkitzen zen, X. eta XI. mendeetan garrantzi handikoa izan zen monasterioa; XII. mendean zistertarren erreforma Clunyko izpirituaren jarraitzaile izan zen alderdi askotan. Garai horretan garrantzi gutxiagoko ordenak agertu ziren, beneditar enborretik aldendurik: kamaldoliarrak, silbestriarrak, olibetarrak… XV. mendean ordena indartu egin zen. Erreforma protestantearen ondorioz monasterio asko suntsiturik geratu zen eta Trentoko kontzilioak monasterioko bizitza bizkortu nahi izan zuen kongregazio berriak sortuz, horien artean Frantziako Sain-Vanne eta Saint-Maur nabarmendu zirelarik. XIX. mendearen lehen erdian herrialde askotatik egotzitako fraideak berriz agertu eta monasterioak indarberritu egin ziren, hala nola Frantzian dom Guéranger-i esker (1833) eta Alemanian Wloter anaien lanen ondoren (1863). Joan den mendearen erditsuan Ameriketan eta Australian ere finkatu ziren. 1893an Leon XIII.ak beneditar kongregazio guztiak konfederazio batean bildu zituen; harrezgero «San Benitoren ordena» deiturikoa abade buru baten mende dago, Erroman egoitza duen abade horren ahalmenak oso mugatuak badira ere. v Moja beneditarrak. Ordena honetako mojek Santa Eskolastika, San Benitoren arreba hartzen dute zaindaritzat. VIII. mende hasieratik ezagutzen dira San Benitoren erregela jarraitzen duten emakumeentzako monasterio irekiak. Erdi Aroan, Santa Hildegarde, Santa Gertrudis Handia, eta Santa Frantziska Erromatarra daude ordenako ospetsuenen artean. Moja beneditarrak azkar hedatu ziren.