Benedek, Laslo
Estatubatuar zinema zuzendaria, jatorriz hungariarra (Budapest, 1907 - New York, 1992). Psikiatriako ikasketak egiten hasi zen Vienan, baina bertan behera utzi zituen, zenbait filmetan argazkilariaren laguntzaile izateko. Berlinen Joe Pasternak produktorearen agindupean aritu zen, Londresen filmetako gidoiak idatzi zituen eta Parisen muntatzaile lan pare bat egin zuen. Hollywooden berriz ere muntatzaile lanak egiten ziharduela, Metro Goldwyn Mayer-ek kontratatu zuen 1937an. 1948an zuzendu zuen bere lehen filma, The Kissing Bandit. Ondoren, Port of New York (1949), Death of a Salesman (1952), eta The Wild one (1954) egin zituen; azkena gazteriaren arazoei buruzko film arrakastatsua, Marlon Brando protagonista duena. Bere azken lana, Assault on Agathon (1976) zuzendu ondoren, New Yorkeko Unibertsitatean eta beste zenbait ikastetxetan irakasle jardun zuen.