Bendjedid, Chadli
Politikari aljeriarra (Sebaa, 1929). 1979tik 1992 arte Aljeriako Errepublikako lehendakaria izan zen. 1950eko hamarraldian, Aljeriaren burujabetasuna lortzeko gerra hasi zenean, Nazio Askapeneko Frontean (FLN) sartu zen. 1965ean Ahmed Ben Bella agintetik kentzen lagundu zion Huari Boumedieni. Iraultzaren Kontseiluko kide eta Defentsa ministro izan zen (1978). Boumedien hil zenean, 1978an, FLNren idazkari nagusi izendatu zuten, eta 1979an errepublikako lehendakari hautatu zuten. 1984an eta 1988an berriro hautatu zuten lehendakari. Besteak beste, Chadli Bendjedidek Aljeriako konstituzioa aldatu zuen eta alderdi aniztasuna ezarri zuen. 1991n Salbazioko Fronte Islamiarrak (FIS) irabazi zituen hauteskundeak. FISeko kideen eta poliziaren arteko borroka gogorren ondorioz, zibilez eta militarrez osaturiko segurtasun batzorde bat eratu zen eta kargua uztera behartu zuen Bendjedid, 1992an.