Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Belgika

(Izen ofiziala, Belgikako Erresuma; nederlanderaz, België; frantsesez, Belgique). Europako ipar-mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Holanda eta Ipar Itsasoa; ekialdean, Alemania eta Luxenburgo; hegoaldean eta hego-mendebaldean, Frantzia. 30.519 km2 eta 10.396.421 biztanle (2003, belgikarrak). Hiriburua: Brusela (Bruxelles, Brussel), 1.006.749 biztanle (2005). Hiri nagusiak: Anberes, Gante, Charleroi, Lieja, Brugge. Hizkuntza ofizialak: nederlandera, frantsesa eta alemana. Dirua: euroa. Erlijioa: katolizismoa. ■ Belgikak 1830. urtean lortu zuen burujabetasuna, Herbehereetatik bereizita erlijioa aitzakia harturik. Lehen eta Bigarren Mundu gerretan alemanen mendean egon zen. Harrezkero, eta bere txikitasunean, herrialde moderno eta teknologian aurretua bilakatu da Europako Batasunaren barruan. Azkeneko urteotan, krisi ekonomikoak, flandestarren eta waloien arteko tirabirak, eta eskuin muturraren gorakadak, bestetik, kinka larrian jarri dute herrialdearen barne egoera eta izatea bera. ■ Lurraldea. Belgikan hiru alde nagusi bereizten dira: kostalde zelaia, erdiko meseta eta, hegoaldean, Ardenetako mendialdea (694 m). Bi ibai nagusi daude, Escalda (edo Schelde, edo Escaut) eta Mosa (edo Maas, edo Meuse), Frantzian sortuak biak, eta biak ontziz ibiltzeko modukoak eta ubideez lotuak. ■ Belgikak mea baliabide handiak izan ditu, baina gaur egun agortuta daude gehienak. ■ Gizartea. Belgikak Europako biztanle dentsitate handienetako bat du: 340 biztanle/km2. Biztanle banaketa hori, hala ere, ez da berdina alde guztietan. Iparraldeko probintziek askoz dentsitate handiagoa dute Ardennes aldeak baino. Biztanle gehienak, % 97, hirietan bizi dira. Hauek dira, Bruselaz gainera, Belgikako hiri nagusiak: Anberes (edo Antwerpen, edo Anvers, 463.000 biztanle), Gante (edo Gent, 229.000 biztanle), Charleroi (207.000 biztanle), Lieja (edo Luik, edo Liège, 197.000 biztanle) eta Brugge (edo Bruges, 117.000 biztanle). Askoz txikiagoa izanagatik aipagarria da, baita ere, Lovaina (Louvain edo Leuven, Brabanteko probintzian), Belgikako unibertsitategune nagusia. ■ Bi gizatalde nagusi daude Belgikan: flandestarrak (jatorriz germaniarrak, % 55) eta waloiak (jatorriz latinoak, % 44); eta askoz txikiagoa den beste bat, alemanak (% 0,7). Biztanle aktiboen % 7 (250.000 pertsona inguru) etorkinak edo etorkinen ondorengagoak dira: italiarrak, espainiarrak, marokoarrak eta, gutxiago, turkiarrak eta Afrikako beste herrialde batzuetakoak. Horren antzeko sailkapen bat egin daiteke hizkuntzan: flandestarrek flandesera (edo nederlandera) hitz egiten dute eta waloiek frantsesa. Flandesera Belgikako iparraldeko erdian erabiltzen da (Flandes), eta frantsesa, berriz, hegoaldeko erdian (Walonia). Aleman hiztunak (% 0,7) ekialdean bizi dira. Biztanleen % 9 elebidunak dira. Hiriburua, Brusela, gizatalde guztien elkargunea da, eta beraz flandesera eta frantsea, biak dira ofizialak han. ■ Gobernua eta administrazioa. Belgika monarkia konstituzionala, ordezkaritzazkoa eta hereditarioa da. Belgikako konstituzioa 1831n onartu zen, eta zazpi aldiz berrikusi da harrezkero, 1993an azkenekoz. Flandesera hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabiren ondorioz-edo, konstituzioaren azken aldaketa horretan estatu federala bilakatu zen Belgika, hiru eskualde autonomotan banatuta: Flandes, Walonia eta Brusela; bederatzi probintzietan: Brabant (elebiduna), Anberes, Ekialdeko eta Mendebaldeko Flandes, eta Linburgo (flandestarrak); Hainaut, Lieja, Luxenburgo eta Namur (waloiak); eta 660 bat udalerritan. ■ Ekonomia. Belgika munduko herrialde industrializatu aurrenetako bat da. Gaur egun industrian eta merkataritzan ditu ekonomiaren bi oinarri nagusiak. Hala, biztanleen % 66 hirugarren sektorean aritzen da, eta ia % 30 bigarrenean. Nekazaritza-abeltzaintzak ez du % 3 baizik hartzen, baina oso etekin handiak ematen ditu, Belgikako beharren % 80 gutxi gorabehera. ■ Nekazaritza eta abeltzaintza. Lurraren laurden bat lantzeko erabiltzen da, % 21 bat belardi eta larreetarako, eta % 21 basoa da. Azkeneko urteotan erremolatxa, patata, garia eta garagarra landu dira batez ere, frutez, tomatez eta lihoaz gainera. Dena dela, nekazari gehienak ez dira baserriko lanetik bakarrik bizi. Nekazaritzarako lur hoberenak Flandesko zelaiak, Brabant eta Hainaut dira. Abeltzaintzan zerri, behi, ardi eta zaldi hazkuntza da aipagarriena. Belgikak kontsumitzen duen haragiaren % 95 ekoizten du, eta behar beste gurina, arraultza eta esne. ■ Meatzaritza. Belgikak garrantzi handiko ikatz hobiak izan ditu, baina gaur egun agortuta daude: 5,6 milioi tona ikatz atera ziren 1986an, 634.000 tona 1991n, eta 278.000 baino ez 1992an. Ikatza izan zen Belgikako ekonomiaren suspertzaile nagusia XIX. mendean. Meatze nagusiak Mosa-Sambre eskualdean zeuden, eta besteak beste Charleroi eta Lieja hirien hazkundea eragin zuten. Etorkin gehienak meatzetan aritzen ziren lanean. Azkenik, hobi sakonekak ustiatzeak zituen gastu ikaragarriak eta hidrokarburoen lehiak behartuta, bertan behera utzi ziren. ■ Industria. Belgika Europako herrialde industrializatuenetako bat da, duen kokaleku egokiari eta garraio azpiegiturari esker. Europako kontinentean Industria Iraultzari ekin zion lehenengo herrialdea izan zen: kokalekuaz gainera, ikatza eta ehungintza (Erdi Aroan Flandesko hirien aberastasun iturri nagusia) izan ziren iraultza hartako oinarri nagusiak. Industriak bultzada handia izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta beheraldi bat gero, 1950 ondoko urteetan, baina Europako Ekonomia Erkidegoan (Europako Batasuna, gaur egun) sartzeak (1957) eta inbertsioa sustatzeko gobernuak bultzatu zituen ekimenek berriro suspertu zuten. Ikatz ekoizpenak sustatuta, Belgikak garrantzi handiko siderurgia izan du oraintsu arte. Burdina eta altzairu asko ekoizten du, erdia baino gehiago kanpora saltzeko. Ehungintzak, garrantzi handiko jarduera Erdi Aroaz geroztik, kotoia, artilea, lihoa eta ehun sintetikoak ekoizten ditu, batez ere hiri hauetan: Brugge, Brusela, Linburgo, Gante, Lieja, Cuortrai eta Mechelen. XX. mendearen bukaeran 46.000 tona kotoizko ehun, 32.000 tona artilezko ehun eta 38.000 tona raion eta zetazko oihal ekoizten ziren urtero. Belgikako industria kimikoa kobalto eta erradio gatzen munduko ekoizle handiena da, eta munduko handienetako bat egurrikatzaren alkitrana, ongarriak eta plastikoak ekoizten. Garrantzizko beste industria batzuk: ontziolak (Anberes) eta trenak, diamanteak lantzeko industria (Anberes), munduko inportanteena, farmazia industria, argazki hornigaiak, beirazko gauzak, altzariak, alfonbrak (Saint-Nicolas), papera eta kartoia, zementua. Burdinarik gabeko metalen industriak, Zaireko (Kongo Belgikar ohia) lehengaiez horniturik, era askotako metalez -kobrea, zinka, beruna, platinoa, germanioa eta uranioa- hornitzen ditu industria metalurgikoak, kimikoak eta bestelakoak. Belgikak kontsumitzen duen energiaren % 60 zentral nuklearretan sortzen da, eta gainerakoa ikatzaren eta petrolio inportazioen mendean dago. Lurralde zelaia izanik, ezin da uraren indarra erabili. ■ Historia. Azken urteak. 1991eko hauteskundeetan, Vlaams Blok alderdiak (Flandestar Blokea), atzerritarrak kanporatzea aldarrikatzen zuen talde xenofobo bat, sei aldiz halakotu zuen legebiltzarkideen kopurua Parlamentuan. Eskuin muturraren gorakada zela, batetik eta ekologistena bestetik, Lehen Ministroak kargua utzi zuen. Lau hilabete geroago, 1992an, Jean-Luc Dehaene-k hartu zuen kargua, demokratakristauen eta sozialisten koalizo gobernu baten buru. 1990. urteaz gero Belgikak garrantzi handiko papera bete zuen Europako erakundeetan, eta Europako Batasunaren lehendakaritza lortu zuen 1993ko bigarren erdian. Urte hartan bertan garrantzi handiko bi gertaera izan ziren: Belgika estatu federal bilakatu zen, hiru eskualde edo estaturekin, eta Balduin I.a erregea hil zen. Haren anaia Alberto II.ak hartu zuen erregetza. Bestalde, langabezia tasa inoiz baino handiagoa zen (% 14,1). Dehaenek langabeziari aurre egiteko plana prestatu zuen sindikatuekin; 1994ko maiatzean langabezia tasa % 9,8 zen. Alderdi sozialistako hiru ministrok kargua utzi zuten ustelkeriaz akusaturik. 1994an agerian geratu zen jendearen mesfidantza gobernu koalizioarekiko: ekaineko Europarako hauteskundeetan eta urriko udal hauteskundeetan sozialistek botoak galdu zituzten, eta bien bitartean Vlaams Blok Anberesko bigarren alderdia izatera iritsi zen. 1995eko maiatzaren 21ean egin ziren Belgikako estatu federaleko legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak. Boto emaileek, diputatez gainera, Brusela, Flandes eta Waloniako hiru biltzar berrietako 75 kideak hautatu zituzten. Dehaenek aise irabazi zuen hauteskunde nazionaletan eta gobernu buru izendatu zuten ostera. 1996an Vlaams Bloken presioak eta eskandalu larri batzuek zalantzan jarri zuten Belgikako estatuaren izatea bera. Marc Dutroux kasuaren ikerketak –pedofiliako akusaziopean–, kinka larrian jarri zituen sistema politikoa, poliziala eta judiziala, frogatuta geratu baitzen haien gaitasunik eza, lehia eta bezerokeria. Urte hartan bertan, Guy Coeme, lehendakariorde ohia eta Defentsa ministroa, espetxean sartu zuten alderdi sozialisteko beste zazpi agintarirekin batera iruzur, engainu eta ustelkeriaz akusatuta. 1996ko ekainean, Vlaams Blok alderdiko kide eta Europako parlamentuko diputatu Fran Van Hecke-k, Belgikaren eztanda Bruselan gauzatzeko asmoa azaldu zuen. Vlaams Blokek Flandes Herbehereekin lotzea proposatzen du. Giza eskubideen aldeko elkarteek xenofobiaren gorakada salatu zuten 1997an, poliziak Said Charmi droga trafikatzailea balaz josita hil zuelako. Lekuko batzuen arabera poliziak hilarazi zuen. Hil horretan bertan egindako inkesta baten arabera, belgikar frankofonoen % 74 ez dator bat Belgikako gizartearen helburuekin. Azken urteetan, liskar handiak izan dira bi belgikar komunitateen artean: hainbat gobernuk behin eta berriz eman behar izan du dimisioa, batzuen eta besteen interesak adostu ezinez, eta estatuaren beraren batasuna kolokan jarri izan da sektore askotatik.
http://www.belgium.be/