Belfast
Irlandako iparraldeko hiria eta portua (Antrim konderria), gaur egun britainiarren mende dagoen Ulsterreko hiriburua, Iparreko Itsasartera irekitzen den Belfast lough edo Belfasteko badian. 385.900 biztanle (550.000 hirialde osoan). Ipar Irlandako hiri eta industriagune nagusia, bertara biltzen da Ulsterko langileriaren erdia. Ohiko langintzak (ehun langintza, lihoa batez ere; ontziolak) erabat baztertu gabe, industria mekanikoak, aireontziak, petrolio findegiak eta janari industriak egokitu dira Belfasten. Industriaren garapenerako alde bereziak protestanteek bultzatuak izan dira (% 70), langabezia eta emigrazioa pairatu behar dituzten katolikoak baztertuz. ■ XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, Belfast irlandarren autonomia erregimenaren ("home rule") aurkako protestanteen gune nagusi bihurtu zen. Aurrerago, Belfasteko katolikoek Ipar Irlandan gutxiengo izanik pairatzen zuten bereizkeria salatu zuten. 1960ko hamarraldiaren bukaerako urteetatik aurrera istilu gogorrak izan ziren protestante, katoliko eta britainiar gobernuko gudarosteen artean. 1980 ondoko urteetan gatazka larritu egin zen Maze presondegian zeuden IRAko presoek baldintza hobeak eskatzeko protesta gisa egindako gose greban haietako batzuk hil zirelarik. 1990eko hamarraldian, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako gobernuak arazoari irtenbidea emateko elkarrekin lan egiten hasi ziren.