Belemgo Kultura Zentroa
Portugalgo kultura erakundea, Lisboan, Belem barrutian dagoena, 1992an sortua. Lisboako alderdi historiko nagusietako batean dago kokatua, Inperioko plazaren aldeetako bat ixten duela, paisaia eta arkitektura ingurune paregabean: Tajo ibaiaren estuarioa, Belemgo Dorrea, Jeronimoen monasterioa, Itsas Armadaren Museoa, Planetarioa, Orgen Museoa, eta XVI. mendeko etxe sail zaharberritu zoragarria. Kultura zentroaren arkitektura Vitorio Gregotti eta Manuel Salgadorena, da eta barrualdea Daciano Costarena. Elementu desberdinez osatua dago, baina elementuok elkarren osagarri dira, eta eraikuntzak malgutasun eta funtzionaltasun handia eskaintzen du: Bilera Zentroa, Ikuskizun Zentroa eta Erakusketa Zentroa. Bilera Zentroak beste zenbait areto eta zerbitzu ditu inguruan, eta sektore enpresarial eta profesional desberdinen arteko harreman estua eta dinamikoa bermatzen du. Ikuskizun Zentroak bi auditorio ditu: Auditorio Handia ohiko ikuskizun aretoa da, italiar erakoa, 1.500 lagunentzako lekua du, eta opera, antzerki, dantza eta zinema ikuskizunak eskaintzeko prestatua dago; Auditorio Txikiak, berriz, 400 lagunentzako lekua du, eta zenbait modutara antola daiteke: agertoki zentrala eta zirkua; agertoki italiarra eta promenadea. Erakusketa Zentroa 35.000 metro koadroko erakusleku balio-anitza da. Horietatik 8.000 m2 aldi baterako erakusketetarako dira. Espazio eta galeria zabalak ditu, eta arte plastiko, arkitektura, argazki eta diseinu erakusketak eskaini ohi ditu aldi berean. Beste zenbait zerbitzu ere eskaintzen ditu: Pedagogia eta Animazio Zentroa, irakaskuntza zentroekin eta beste zenbait erakunderekin harreman estuan; Jacques Delors Dokumentazio eta Informazio Zentroa; jatetxeak, dendak, lorategiak. Zentroaren zaintza, administrazioa eta garapena interes publikoko erakunde pribatu baten esku dago, Aurkikuntzen Fundazioaren esku, hain zuzen.