bele
iz. Usoaren antzeko hegaztia, burua, hegoak eta buztana beltzak dituena (Corvus sp.). v Belea usoaren antzekoa da, baina hura baino handiagoa, eta burua, hegoak eta isatsa beltzak ditu. Mokoa lodia du, kono itxurakoa, burua baino luzeagoa; isatsa ertz biribildua du. Hegoek metro beteko luzera izaten dute. Mendietan, zuhaitz altuetako basoetan eta itsasbazterretako amildegietan bizi da. Ikaratia izaten da eta norbait habira hurbilduz gero segituan alde egiten du beldurtuta; jende gutxi bizi den herrietara hurbiltzen da. Ez da beste espezietako hegazti taldeekin nahasten. Edozein motatako landareak eta animaliak jaten ditu; udan arrainak ere jaten ditu. Talde bereko hegaztiren bat gaixoturik aurkituz gero, jan egiten du. Errunaldian arrak borrokan aritzen dira emea bereganatu nahian. Ugalketa denbora gutxian egiten du; habiak otsailean egiten ditu eta martxorako erruten arraultzak. Habiak zuhaitz garaien buruan edo haitzetan egiten ditu. Bele bikoteak lurralde bat aukeratu eta bertan geratzen dira hil arte. Maiatzaren bukaeran edo ekainean uzten dute habia umeek. Gaztetan hartuz gero belea zakurraren antzera hezi daiteke. Europan, Asian eta Ameriketako iparraldean bizi da. v Bele txikia. (Corvus monedula). Bele arrunta baino txikiagoa da eta mokoa motzagoa izaten du. Bizkarraldea beltza du eta sabelaldea grisa. Etxe zaharretan eta zuhaitz garaietan egiten ditu habiak. Iparraldeko lurraldeetan egoten da udan eta neguan hegoalderantz joaten da. Talde handietan biltzen da, bele arruntarekin eta ipar belearakin batera. Intsektuak, barakuiluak, zizareak eta bizkarroiak jaten ditu batez ere; arratoiak eta beste hegaztien arrautzak ere jaten ditu eta gustukoak ditu haziak, sustraiak eta fruituak. Jaio eta hilabetera, ekainaren erdialdera alegia, belekumeek habitik alde egiten dute. Europan eta Asian bizi da; neguan Afrikako iparraldera eta Indiara joaten da. v Ipar belea. (Corvus furgilegus). 45-50cm neurtzen ditu. Beltza izaten da, distiratsua. Ibai bazterretako zuhaitzetan egiten du habia, zumeetan batez ere. Larre landuen inguruetan bizi da. Fruituak eta haziak jaten ditu, baita zenbait intsektu eta arratoiak ere. Errunaldian bikote ugari biltzen dira lurralde berean. Neguan ehundaka ipar belek taldean alde egiten dute Europaren hegoaldera eta Afrikara. Europako ordokietan eta Asiaren mendebalean bizi da.