Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barre, Mohamed Siyad

Somaliar diktadorea (Garbahare, Somalia hegoaldean, 1910 - Nigeria, 1995). 1930eko hamarraldiaren hasieran, Italiako polizia koloniarrean sartu zen. Gerra faxistan parte hartu zuenik ezin froga daiteke, baina badirudi nahiko gauza segurua dela. 1941ean britainiar polizian sartu zen. Garai horretan bidaia ugari egin zituen Somalia barrualdera, eta oso ondo ezagutu zituen herrialde hartako bazter guztiak. 1950ean, Somalia italiarren mende gelditu zenean, Siyad Barre poliziako inspektore buru zen. 1954-1955 urteetan carabinieri akademiara bidali zuten Florentziara, eta polizia koronel bihurtu zen. Ondoren Benaadir eskualdeko polizia buru egin zuten, independentziaren bezpera arte. 1960an gudarostera joan zen, eta 1965ean gudarosteko komandante buru izendatu zuten. 1969ko Estatu kolpearen ondoren, Barreren bizitza eta Somaliako estatuaren historia nahastu egiten dira. Izan zituen karguei esker oso ondo ezagutu zituen gudarostea eta polizia. Estatuaren pribitizazioa eta klanen banaketa bideratu zituen, eta oposizio politikoak eta militarrak bortizkeriaz zapaldu zituen. 1990ean izan zen altxamenduak ez zion aginpidetik irtenarazi, eta hainbat astetan eutsi zion altxamenduari hiriburua utzi aurretik. Une horretatik aurrera Somaliako historiaren aldi ilunena hasi zen: herrialdea txiki-txiki eginda zegoen borrokaldi etengabe eta lapurreta ugarien ondorioz. Azkenik, 1992an Siyad Barrek porrota onartu behar izan zuen eta atzerrira alde egin zuen, Lagos-era.