Barredo, Itziar
Euskal musikagile eta pianista. Piano, pedagogia, ganbera musika eta solfeoko ikasketak egin zituen Bilbo eta Gasteizko Kontserbatorioetan, eta oso gazterik hasi zen piano eta abesbatza irakasle modura. Hainbat kantari eta musikariren pianista laguntzaile gisa aritu da, eta jaialdi askotan hartu du parte: Donostiako Musika Hamabostaldian, Errenteriako Musikasten eta Madrilgo Asociación de Amigos de la Ópera elkartearen emanaldietan, esaterako. 1994an Bilboko Kontserbatorioan pianista laguntzaile modura hasi zen, eta 1996an OLBErekin (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea) lanean hasi zen, elkarte honek bultzatzen dituen opera emanaldietan. 1999an lehenengo aldiz aritu zen Eszenako Musika Zuzendari modura, Friedrich Haider maisuaren zuzendaritzapean eta Straussen Ariadne auf Naxos operarekin.