Barré, Martin
Frantses arkitektoa (Nantes, 1924 - 1993). Jaioterriko Arte Ederretako eskolan hasi zituen ikasketak, baina 1948. urtetik aurrera Parisa joan zen. 1955ean egin zen ezaguna artista gisa La Rouen egin zuen erakustaldi baten bidez. Erakustaldi hartara koadro abstraktoak eraman zituen, irudi ia-ia geometrikoak, kolore neutroekin. Baina garai hartan Parisen arte informala eta abstrakzio lirikoa ziren gailen, eta Barréren lanak geometrikoak, egitura soilekoak ziren eta kolore aukera oso txikia erabiltzen zuen. 1958an bidaia bat egin zuen Herbehereetara eta Danimarkara, eta bidaia hartan ezagutu zuen Frans Hals-en lana, aurrerantzean bere lanean eragin handia izango zuena. 1963-1967bitartean aerosol beltz baten bidez arrasto bat edo gehiago egiten zituen gainalde zuri baten gainean. 1967. urtetik aurrera, horrenbestekoa zen Barréren pintura ekonomia maila ezen bere buruari ere galdetzen zion pintatzeak zertarako balio zuen. Garai horretan argazkintzaz baliatu zen batez ere. Hala, 1972. urtea arte ez zen berriz pinturan aritu. Urte horretatik aurrera eta hil zen arte koadro sailak egin zituen, egitura jakin batetik abiatuta: lerroak, puntuak, kolore zerrendak, forma geometriko soilak. 1979an Parisko Arte modernoko Museoak Barréren lan osoaren erakusketa bat antolatu zuen. 1988an Arteen sari nazionala jaso zuen; 1989ko apiriletik 1990eko urtarrilera bere lanaren erakusketa ibiltari bat antolatu zen.