Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ballard, James Graham

Britainiar idazlea (Shanghai, Txina, 1930). Haurtzaroan japoniarren kontzentrazio esparru batean gatibu egon zen bere familiarekin Pearl Harbor-eko erasoaren ondoren. Bizikizun horrek bere idazlan gehienetan utzi du arrastoa, batez ere Steven Spielberg-ek zinemara eraman zuen Eguzkiaren inperioa (1984) eleberrian. Zientzia fikzioak eta fantasiazko munduak eragin handia izan dute bere literaturan, eta bertan XX. mendeko kezkak aztertzen ditu: hurbil egon daitezkeen ingurumenari lotutako hondamenak, nahiz bilakaera teknologikoak gizadian izan ditzakeen eraginak. Lehen eleberrian (Mundu urperatua, 1962), adibidez, poloetako elurren urtzeak eragindako suntsipenak irudikatzen ditu. Ballarden beste eleberri batzuk dira: Inon ez dagoen haizea (1962); Lehortea (1965); Kristalezko mundua (1966), Sorkuntza eguna (1987) bezala Afrikan kokatua; Zementuzko uhartea (1974); Ametsen konpainia mugagabea (1979); Kaixo Amerika (1981); Emakumeen ontasuna (1991); Ihesaldia paradisura (1994); Kokaina gauak (1996) nobela beltza, eta David Cronenberg-ek zinemarako egokitu zuenean, 1996an, eztabaida garratza sortu zuen Crash (1973). Eleberriez gainera ipuin ugari idatzi ditu, eta saiakera bilduma bat ere argitaratu zuen 1996an: Milurtekoaren gidaliburua erabiltzailearentzat.