Balzac, Honoré de
Frantses idazlea (Tours, 1799 - Paris, 1850). Hamalau urterekin Parisa joan zen bere familiarekin; bi legegizonekin aritu zen han lanean. Hogei urte zituela familiarekin ados jarririk, bi urteko epea hartu zuen bere idazle bokazioa frogatzearren. Bere lehen lanek —izengoitiz sinatuta argitaratuak— ez zuten arrakastarik lortu. 1822an Mme de Berny-rekin harremanetan jarri zen; honek aristokraziaren mundua ezagutarazi zion eta diru laguntza eskaini. 1825etik 1828ra bitartean zenbait negozio abiarazi zuen, baina batere onik gabe. Harrezkero, literatura ibilbide joria eta funtsezkoa osatu zuen. 1829an jadanik bere izenez sinaturiko La physiologie du mariage saioak eta Le Dernier Chouan eleberriak —1841ean Les Chouans izango zenak— entzute handia eman zioten. Eleberriak etengabe argitaratzen jarraitu zuen, horien artean: Une passion dans le désert (1830), La peau de chagrin (1831), Le curé de Tours (1832), Eugénie Grandet (1833). Laster, eleberri bateko pertsonaiak besteetan ere agerrarazteko ideia otu zitzaion, era horretara gizarte oso bat moldatzeko moduan. Le Pére Goriot (1834) eleberrian lehen aldiz abiatu zen bide horretan barna. v Balzac-ek laurogeita hamabost bat eleberri idatzi zuen, La Comédie Humaine izenburupean bildurik. Gainera, hogeita hamar ipuin (Les Contes drolatiques, 1832-1837) eta bost antzerki idatzi zituen. Egunkarietan eta aldizkarietan Balzac-en sinadura guztiz preziatua zen. Gutun ugari idatzi zuen; 1850ean haren emazte bihurtu zen Eveline Hanska-rekin, bereziki, gutun truke luze bezain interesgarria izan zuen. v Balzac-en prosak Frantziako gizarte osoa azaltzen dio irakurleari, berak zioenez «erregistro zibilarekin lehian». Frantses gizartearen irudi hau moldatzearren, Balzac-ek estetika errealista erabili zuen, xehetasunez beteriko deskripzio eta erretratuak eginez. Kontatzailearen antzeak eta pertsonaien gorabehera psikologikoen eta sozialen analisi sakonak eman diote eleberri bilduma honi literatura modernoan merezimendu osoz lortua duen lehen mailako lekua.