ballet
iz. Gehienetan antzokietan egiten den dantza berezia, eta horretarako erabiltzen den musika. XV. menderako balleta ezaguna zen Italian eta Espainian; Katalina Medicik Frantziara hedatu zuen, eta era horretan Frantziako Dantza Eskola 1661ean sortu zen. Noverre maisuak eraberritu zituen ballet klasikoaren pausoak eta Rameau eta Glük musikagileek ondu zuten, beste askoren artean, balleterako musika. Frantziako Iraultzaren garaian balleta desagertu egin zen erromatizismora arte. Berriz indartu zenean lortu zuen gorena Errusian, Tchaikowski musikagilearen hiru lan nagusiei esker: Beltxargen Aintzira, Loti Ederra, Intxaur Kraskaria. XX. mendearen bigarren hamarkada izan zen balletaren Errenazimentu modernoaren garaia, Errusiako balletaren bira batek ekarria. 1920tik aurrera garrantzi handiagoa hartu eta are ezagunagoa bihurtu da balleta bai Europan, bai Ameriketan; ballet klasikoa dantzatzen dutenez gainera, talde ugari sortu dira ballet folklorikoa dantzatzen dutenak, Errusiakoa (Moiseef) eta Mexikokoa horien artean.