Ballesteros, Severiano
Espainiar golf jokalaria (Pedreña, Kantabria, 1957). 1974az geroztik da golf jokalari profesionala, eta 1976an lortu zituen lehen tituluak. 1979an Britainia Handiko Golf Openaren irabazlerik gazteena izan zen, ehun urtetik gorako epean, eta hurrengo urtean Estatu Batuetako Mastersaren lehen irabazle europarra. Gero beste bi aldiz irabazi zuen Ingalaterrako Irekia (1984 eta 1988an), beste behin Augustako Mastersa (1983an) eta bi aldiz taldekako Munduko Kopa (1976 eta 1977an). 1976-1993 bitartean gutxienez urteko titulu bat lortu zuen. 1993an bizkarreko arazoak zirela medio beheraldia izan zuen, baina haiek gainditu eta hurrengo bi urteetan hiru txapelketa irabazi zituen. Ryder Cup-eko Europako taldean hainbat aldiz parte hartutako jokalari hau garrantzi handikoa izan zen talde horrek 1985, 1987 eta 1989an lortu zituen garaipenetan, eta 1996an talde horren historiako lehen kapitain ez britainiarra izan zen; hurrengo urtean txapelketa irabaztea ere lortu zuten. Horrez gainera, 1986, 1988 eta 1991 urteetan urteko golf jokalaririk onena izan zen Ballesteros.