Baker, Chet
Jazz musikagilea (Yale, Oklahoma, 1929 - Amsterdam, 1988). Aita nekazaria eta gitarra-jotzaile zuen, eta tronboi bat eta marihuanarekiko mendekotasuna besterik ez zion utzi heredentzian. Tronpeta-jotzaile gisa hasi zen Glendale High School-eko dantza orkestran. 1946an 298. gudarosteko orkestran jo zuen (Berlin) eta bop musika ezagutu zuen. Kaliforniara itzuli zenean, musika teoria ikasten hasi zen Los Angelesen (1948). 1950ean armadan sartu zen berriz ere eta Los Angeles-eko Presidio Army Band-era bidali zuten. Garai hartan Los Angeles-eko jazz klubetara joaten zen eta han Dexter Gordon ezagutu zuen. Gerry Mulligan-ek 1952an bere laukotean aritzeko deitu zion. 1953an talde hori utzi eta Russ Freeman piano-jotzailearekin batera beste laukote bat osatu zuen. Garai horretan hasi zen abesten. Disko ugari grabatu zituen, Parisen, Kalifonian eta New Yorken. 1959an espetxeratu egin zuten droga zela-eta, eta sei hilabete eman zituen espetxean. 1964an arrakasta handiko kontzertua eman zuen Stan Getz-ekin batera Newport-eko jaialdian. 1968an bere droga banatzaileak masailezurra hautsi zion, eta hala hasi zen Bakeren beheraldia. Zenbait agerraldi izan zituen, 1974an ezin ahaztuko kontzertua eman zuen Gerry Mulligan-ekin; zenbait disko grabatu zituen, eta Europan barrena ibili zen. 1988an, Amsterdamen zela, hoteleko bigarren solairutik erori zen; oraindik ez da argitu zer gertatu zen.