Baker, Dame Janet
Britainiar mezzosopranoa (Hatfield, Yorkshire, 1933). Londresen eta Salzburgon ikasia. 1953an debutatu zuen bakarlari gisa Haydn-en Nelson meza kantatuz. 1956ean Kathleen Ferrier kantariaren ohorezko saria irabazi ostean, Smetana-ren Sekretua obrako Rosaren papera eginez debutatu zuen operan. Harrezkero Bakerren musika ibilaldia berehala hasi zen goraka. Garai horretan nabarmenak izan ziren Henry Purcell-en Dido eta Eneas operan egin zuen sorginaren papera, G.F. Händel-en Rodelinda operan egindako Eduige-rena eta C. Monteverdi-ren L’incoronazione di Poppea-n antzetu zuen Ottavia-ren papera. 60ko hamarkadaren erdialdera, XX. mendeko opera britainiarreko paperak, bereziki Benjamin Britten musikagilearen obrei dagozkienak, antzezten hasi zen. 1964an The Rape of Lucretia operako protagonista izan zen, 1966an, New Yorken lehen aldiz kantatzeaz gainera, Brittenen A Midsummer Night’s Dream-eko Hermia antzezpenarekin debutatu zuen Covent Garden-en eta 1971n, berriz, musikagile horrek Bakerrentzat idatzitako Owen Wingrave operako Kate-ren papera antzeztu zuen. Mahler-etik hasi eta Purcell-enganaino era guztietako interpretazioak egin zituen. Lied erromantikoen kantari bikaina zen bestalde. 1981ean erretiratu zen kantagintzatik, baina aurretik bere lanaren aitorpen gisa 1970ean Britainiar Inperioaren Ordenako Komandante eta 1976 Dama Komandante tituluak jaso zituen Ingalaterrako erreginarengandik.