Bach, Karl Philipp Emanuel
Musikagile alemaniarra (Weimar, 1714 - Hanburgo, 1788). J. S. Bach eta Maria Barbararen bosgarren semea. Aitarekin konposizio eta klabe ikasketak egin zituen. 1734tik aurrera tresna horren irakasle gisa jardun zuen Frankfurt-en, aldi berean kontzertuak zuzentzen zituelarik. Prusiako oinordekoak bere orkestrarako deitu zuen (1738); Frederiko II.a tronura iritsitakoan, ganberako klabezin-jotzaile (Kammercembalist) eta musika irakasle izendatu zuen. Berlinen egon zelarik, garrantzi handiko obra bat idatzi zuen klabeari buruz: Versuch über die wahre Art das Klavier zu spielen (1753-1762). Gero, Hanburgora deiturik, Telemann-ek utzitako postua hartu zuen (1767), eta bertan erromantizismo aurrean kokatzen den lan erraldoia jarraitu eta egin zuen. Karl Philipp Emanuel-en lanean nabarmentzen dira: 700 inguru ahots-musika lan (pasio, oratorio, magnificat, kantata, lieder-ak); musika instrumentala (6 sinfonia); teklaturako musika (Prusiako sonatak, Württemberg-eko sonatak eta «zaletuentzako» sei sonata, fantasia eta rondo bildumak). Anaia zaharrenak «asmaturiko» sonata eta kontzertuaren forma hobetu zituen.