Bach
Turingiako musikari familia ospetsua. Bi mende t’erdiz familia honetako kideek txantre, organo, klabe edo biolin-jotzaile gisa egin zuten beren lana. Lurrari eta tradizioari atxikitako luterotar gartsu hauek aita edo aitaginarrebaren postu berean jardun zuten askotan, eta familia handiak osatu zituzten. Saxoniako dukerrian eta Arnstadt printzerrian bizi izan zen leinu honek berrogeita hamarren bat musikari nabarmen eman zituen, guztien gailurra Johann Sebastian izan zelarik. Familian ezagutzen den asabarik zaharrena 1520 inguruan sorturiko Hans Bach errotaria eta zitara-jotzailea izan zen; Veit, beronen semea (Weimar, 1550 inguruan - 1619), okina eta musikaria, Johann Sebastianen birraitona zen.