Bach, Johann Christian
Musikagile alemaniarra (Leipzig, 1735 - Londres, 1782). J. S. Bach eta Anna Magdalenaren azken semea, musika ikasketak Karl Philipp Emanuel bere anaiaren zuzendaritzapean egin zituen Berlinen. Boloniara joan eta Aita Martini ospetsuarekin egin zituen ikasketak (1756). Katoliko bihurturik, Milango katedraleko organo-jotzaile izan zen (1760) eta italiar moldeko operak egin zituen. 1762an Ingalaterrara iritsi zen, eta King’s Theatre-ko musikagile ofiziala izendatu zuten. Abonamendu kontzertuen lehen antolatzaileetakoa izan zen, K. F. Abel-ekin batean «Bach-Abel Concerts» elkartea sortu baitzuen (1764). Hantxe ezagutu zuen Mozart (1764), eta Parisen aurkitu zuen berriro (1778): Salzburgoko musikari gaztearengan eragin garbia izan zuen J.Ch. Bach-ek. Asko dira nabarmentzekoak: operak, elizarako musika (Requiem), sinfoniak, oberturak, kontzertuak eta ganbera musika.