Babilonia
(Hizkuntza semitikoz Bab-lli, «Jainkoaren atea»; Biblian, Babel). Mesopotamiako antzinako hiria, Eufrates ibaiaren ertzean. Egun, hondakinak Bagdadetik 160 km-ra daude (Karl Koldewey esploratzaile alemaniarrak 1899an arakatuak). v Historia. Babiloniarrak —arrazaz semitak eta hizkuntzaz akkadiarrak— K.a. XIII. mendean akkadiarren aurka altxatu ziren. K.a. 1830tik aurrera, dinastia amorriarrak izan zuen aginpidea Babilonian. Inperioa Hego Mesopotamia (Sumer) eta Asiria aldera hedatu zuen Hammurabi amorriarrak (K.a. 1730-K.a. 1687), eta Samsu-Iluna bere semearen erreinalditik aurrera, inperioaren hiriburu bihurtu zen Babilonia. Hamabost mendez, Babilonian bizi izan ziren Ekialde Erdikoko eta Ekialdeko Asiako zibilizazio ahaltsuenak, Alexandro Handiak kultura eta zibilizazio heleniarrak sartu zituen arte. K.a. 1530. urte aldera hititek hartu ostean, kasiten eskuetara igaro zen Babilonia, K.a. 1160. urtean elamiten mende geratu zen arte. Berriro ere askea izan zen, Nabukodonosor K.a. 1137. urte inguruan aginpidearen jabe egin zenean. Mende ilun batzuen ostean, asiriarren mende erori zen Babilonia (K.a. VIII-VII. mendeak. Teglath-Falassar III.a, Sargon II.a, Senakerib, Assarhadon, Assurbanipal). Nabopolasarrek eratu zuen, K.a. 612an, Babiloniako Inperio berria edo kaldearra, eta Nabukonodosor II.aren garaian (K.a. 605-562), inperioa zabalduz gainera antzinatean oso ospetsu izan ziren eraikuntzak jaso ziren Babilonian: Ishtar-en atea eta bi harresiak, Eufrates-Tigris ubidea, erregeren jauregia, Bel-Marduk edo Esagil tenplua (han zegoen Etemenenanki zigurat delakoa, antzinakoek Munduko Zazpi Gauza Miragarrien arteko jotzen zituzten lorategi jasoak, elezaharretako Semiramis erreginaren aginduz eginak bide zirenak). Baina gainbehera izugarri baten ondoan, Ziro II.a Babiloniaz jabetu eta Persiako probintzia bihurtu zuen (K.a. 539). Juduei Judeara itzultzeko baimena eman ondoren, Ziro II.ak akemenestarren inperioko hiriburu egin zuen Babilonia. Persiarren aurkako matxinaden ondoko zapalkuntzak Babiloniaren suntsipena ekarri zuen. K.a. 331. urtean bertako jaun eta jabe eginik, Alexandro Handiak Babilonia hiriburu egin eta berriro eraikitzeko planak egin zituen. Baina Alexandro Handia hil ondoan (K.a. 323), haren ondorengo Seleukosek antzinako hiria utzi eta Seleuzia hiri berria sortu zuen K.a. 300. urtean. v Babiloniako zibilizazioa. Antzinako zibilizazio honi buruzko historia iturri bakarrak greko klasikoenak badira ere (Herodoto), arkeologiak eta aurkitu diren idazkera kuneiformezko xaflatxoek kultura honen alderdi anitz zertan ziren ezagutzera eman dute. Orduko jakintza eta egunoroko bizimodua erakusten dute gai hauek: erlijio eta literatura testuak, magia eta magiaren formulak, astronomiazko behaketak eta oharrak, osasun diagnosiak, matematika, merkataritza kontratuak, etab. Babiloniako zuzenbidea eta egitura sozio-politikoa bertan aurkitu diren kode batzuei esker ezagutu ahal izan da («Hammurabiren kodea» ezagunena). Bi zutabe nagusi zituen ekonomiak: nekazaritza eta lur jabegoa. Eskulangintza beste lanbideen osagarria zen, eta merkataritza banakoen ekimenaren bidez bideratzen zen. v Erlijioa eta literatura. Babiloniarrek Sumeriako erlijio ikusmoldeak hartu zituzten, baina semitek zuten erlijio senaren arabera moldatu zituzten. Literatura erlijiozkoa zen, oro har; mila urtean transmititu ziren testu klasikoak (Sorkuntzaren Poema, Gilgamesh-en Epopeia, Ishtarren Infernurako Jaitsiera) Asirian sartu ziren eta horrela iritsi ahal izan dute gaur eguneraino, Niniveko liburutegian gorde baitziren. Erlijioak hainbesterainoko garrantzia zuen babiloniarren eta inguruko beste herrien artean, non asiriar etsaiek Babiloniako hiri santua hartu zutenean ez baitzuten eraitsi eta osorik errespetatu baitzuten.