Babilée, Jean
Frantses dantzaria (1923). Parisko Operan egin zituen ikasketak (1936-1940), eta han Volinineren eta Gsovskyren ikasle izan zen. Champs-Élysées-eko Balleteko dantzari nagusi izan zen 1945-1950 urte bitartean eta han sortu zituen Jeu de cartes (1945, Stravinski, Janine Charrat, Karta jokoa), Le Jeune Homme et la Mort (1946, Bach, Wakhévitch, Cocteau, Roland Petit, Gizon gaztea eta Heriotza), Till Eulenspiegel (R. Strauss, Tom Kéogh, 1949) lanak. Hainbat herrialdetan dantzatu zuen, hala nola Estatu Batuetan, Kanadan, Italian. 1952an Parisko Operak kontratua egin zion eta 1955ean bere konpainia sortu zuen. Konpainia horrekin sortu zituen Balance à trois (1955, J.-M. Damase, Tom Kéogh), Le Camaléopard (1956), Sable (1956) lanak. Frantziako hainbat eszenatokitan aritu ondoren, Ballet-Teatro Garaikidearekin lan egin zuen Amiens-eko egoitzan, eta han sortu zituen Hai-Kai Webern-en musikarekin eta, 1971n, Histoire du soldat (Stravinski). 1972-1973 urteen bitartean Rhin-eko Balletaren zuzendari artistikoa eta koreografoa izan zen. Maurice Béjart-ek harentzat sortu zuen Life (New York, 1979). 1983an dantzara itzuli zen Jacques Higelin-en Rock ikuskizunarekin, Neguko zirkuan.