Auch
Frantziako hegoaldeko hiria, Gers departamenduko prefetura eta Gaskoniako hiriburu zaharra. 25.070 biztanle. Gers ibaiak zeharkatua, eskuinaldean hiri berria ageri da, eta ezkerraldean altxatzen da hiri zaharra, karrika estu eta bihurriez osatua (pousterlos). Saint Marie katedrala (XIV. m., azken gotikoa). Museoa. Nekazaritzako merkatua. Janari industria: Armagnac likorea, ardoa, ozpina; foie-grasa; oinetakoak; eraikuntza ekaiak. v Historia. Auch hegoaldeko auski edo auskiarrak, lurralde hartako lehen biztanleak, tribu akitaniarra zen, euskaldunen familiako herria beraz. Erromatarren garaian nolabaiteko garrantzia hartu ondoan, apezpikutegi bihurtu zen IV. mendean eta Gaskoniako Dukerriko hiriburua izan zen (VII. mendetik aurrera). Gaskonia Euskal Herritik erabat bereizi ondoren, Auch hiriak hiriburu iraun zuen, Frantziako Iraultzaren poderioz Gaskonia desegin eta departamenduak sortu ziren arte.