Aub, Max
Espainiar idazlea (Paris, 1903 - Mexiko, 1972). Aita alemana eta ama frantsesaren semea, 1914an finkatu zen Espainian. Lehen lanetan nabaria da surrealismoaren eta dadaismoaren eragina, hala kontakizunetan (Geografía, 1929; Fábula verde, 1933) nola antzerkian (Narciso, 1928; Teatro incompleto, 1931). Espainiako gerra bukatzean Frantziara ihes egin zuen; handik Aljeriara eraman zuten 1942an eta urte berean Mexikon finkatu zen. Erbesteko denbora emankorragoa izan zen, eta garai horretakoa da idazlearen lanik garrantzitsuena: El laberinto mágico saila,1936ko gerrari eta ondoko erbesteari buruz egin den lanik aberatsena. Sail hau sei eleberrik osatzen dute: Campo cerrado (1943), Campo de sangre (1945), Campo abierto (1951), Campo francés (1958), Campo del Moro (1964) eta Campo de los almendros (1968). Beste eleberri batzuk: Las buenas intenciones (1954); Jusep Torres Campalans (1958), abangoardiako margolari baten biografia gisa aurkeztua, irudiak barne; La calle de Valverde (1961), 1920.go Madrili buruzkoa. Antzerkiari dagokionez ere, erbesteko idazlanak dira garrantzitsuenak: San Juan (1943), Morir por cerrar los ojos (1944), Deseada (1953), No (1952).