Anderson, Marian
Estatubatuar abeslaria (Filadelfia, 1902 - Portland, Oregon, 1993). Kontraltoa da. Sei urte zituela hasi zen abesten bere herriko elizan. 1925ean, 300 hautagairen artean aukeratu zuten New Yorkeko Orkestra Filarmonikoaren bakarlari izateko. 1931n beka bat jaso eta Europara joan zen ikastera eta abestera. Arrakasta handia izan zuen, Alemanian eta Eskandinavian batik bat; Jean Sibelius musikagileak Solitude abestia eskaini zion. Opera gutxi kantatu zituen, eta oratorioek, Lieder-ek, Bach, Händel, Mahler eta Sibeliusen musikak eta kantu espiritualek osatzen dute bere errepertorioa. Toscaninik XX. mendeko ahotsik onenentzat jo zuen. Aipagarria da Shuberten Heriotza eta neskatxa edota Schumanen Stille Tränen (Malko isilak) obren interpretazioa. Arazoak zituen arraza beltzekoa izateagatik: 1939an, esate baterako, Roosevelt presidentearen emaztea buru zela, emakume elkarte batek Washingtongo Constitution Hallen kantatzeko betoa ezarri zion, urte bereko Pazko igandean Lincolnen monumentuaren eskaileretan eman zuen kontzertuak ikaragarrizko arrakasta izan bazuen ere. Bera izan zen 1955ean New Yorkeko Metropolitan aretoan kantatu zuen arraza beltzeko lehen kantaria. 1956an What a morning! autobiografia liburua argitaratu zuen. 1965ean utzi zituen kontzertuak, New Yorkeko Carnegie Hallen eman zuen kontzertu batekin. 1991n Grammy saria eman zioten bere karreragatik.