Anderson, Lindsay
Britainia Handiko zinema zuzendaria (Bangalore, India, 1923 - Paris, 1994). Indian jaio zen arren, ikasketak Ingalaterran egin zituen, Bigarren Mundu Gerra zela-eta gerrara joan behar izan zuen arte. Gerra amaitu zenean, Oxfordeko Unibertsitatera itzuli eta literatura ikasketak amaitu zituen. Zinemazale porrokatua zen eta garai hartako hainbat aldizkaritan hasi zen kritikari lanak egiten. 1940ko hamarkadaren amaieran, dokumentalak muntatzen eta zuzentzen hasi zen, British Film Institute erakundearen laguntzarekin eta Free Cinema (“Zinema librea”) delako zinema-mugimenduaren ernamuinak izan ziren K. Reisz eta T. Richardson gazteekin batera. Dokumental hauetan (Meet the Pioneers, 1948; O’Dreamland, 1954; Every day except Christmas, 1957) Britainia Handiko gizartearen azterketa kritikoa egin zuen, eta joera horri eutsi zion film luzeetan ere. 1957an, adierazpen garrantzitsu bat idatzi zuen Erresuma Batuko zinemaren zuen egoerari buruzko bere kezkak azalduz. 1950eko hamarkadaren azken urte horietan antzerkian lan egin zuen, betiere bere garaiko testurik iradokitzaile eta berrizaleenen bila. Bere filmik garrantzitsuenak dira: This sporting life (1963); The white bus (1967); Cannesko zinemaldiko sari nagusia irabazi zuen If…, (1968); O lucky man (1973); gizarte arazoak agertzen dituzten In Celebration (1975) eta Britannia Hospital (1982); eta azkenik, Abuztuko baleak (1987) moldaketa. Andersonen zinemak, bere herrialdean bertan ere, gorespenak eta gaitzespenak jaso ditu; baina sortzaile gisa izan duen ibilbide laburra gertutik jarraitu dutenek, beti goraipatu dute bere irudien ahalmena eta aberastasuna.