Anderson, Laurie
Estatubatuar artista (Chicago, 1947). Eskultura eta artearen historia irakatsi zituen New Yorken. Besteak beste, Brian Eno, David Byrne edota Philip Glass kide ziren artista eta musikari elkartean parte hartu zuen. Mimoa, musika, errezitalak, filmak eta argi eta soinu efektuak nahasten zituen performanceak egin zituen. “O Superman”, One Ten diskoetxeak 1982an kaleratutako singleak lortu zuen bere orain arteko arrakasta komertzial bakarra. Ahotsa eta musika elektronikoa landuz, Laurie Andersonek eta bere taldeek berrikuntza asko ekarri dizkiote abangoardiako musikari. 1984an United States kaleratu zuen eta 1986an Home Of The Brave, William S. Burroughs idazlearen lankidetzarekin. Andersonek askotariko norabideetan jarraitzen du lanean, industria diskografikoaren interes komertzialei jaramon egin gabe. Artista garrantzitsu askorekin batera lan egin du, Peter Gabrielekin, Chris Speedingekin edota Bobby McFerrinekin, esate baterako. Bere azken lanen artean, Bright Red (1994) –Brian Enoren eta Lou Reeden parte-hartzearekin– eta The Ugly One With The Jewels And Other Stories (1995) nabarmen daitezke.