Anderson, Judith
Australiar antzezlea (Adelaide, 1898 - Santa Barbara, Kalifornia, 1992). Oscar sarirako proposatu zuten, 1940ko Rebecca filmean etxezain bihotz-txarrekoarena egiteagatik, eta Tony saria eman zioten, Robinson Jeffersen Medea antzerki obran (1947) egindako lanagatik. Antzerkian eta zineman aritu zen. Cobra obran (New York, 1924) lortu zuen bere lehen arrakasta. Andersonen itxura ikusgarria eta estilo dramatikoa pertsonaia korapilatsu eta gaiztoetarako ziren egokiak, eta halakoak egin zituen gehienetan: Nina, Eugene O’Neillen Strange Interlude obran; Lavinia, egile beraren Mourning Becomes Electran; Gertrude, Hamleten, eta, batez ere, Lady Macbeth indartsua, telebistako bi Emmy sari ekarri zizkiona. Andersonek hainbat filmetan lan egin zuen, adibidez King’s Row (1941), All Through the Night (1942), Laura (1944), The Furies (1950). 1958an, Big Mamaren paperean aritu zen, Tennessee Williamsen Cat on a Hot Tin Roof antzerkian, eta, 1980an, familia bateko matriarka aginduzale bat jokatu zuen, Estatu Batuetako telebistako Santa Barbara eleberri antzeztuan. 1960an, Britainiar Inperioaren Ordenako Andre Agintari izendatu zuten.