Amiel, Jon
Britainiar zinemagilea (Londres, 1948). 1983an hasi zen zinemagintzan, eta Samuel Beckett saria jaso zuen Romance film luzearekin. 1986an egin zuen bere lehen film luzea, Silent Twins, BBCrentzat. 1989ko Bihotzen Erreginak Canneseko jaialdian parte hartu zuen eta Montréalgo jaialdian debut onenaren saria jaso zuen. Film horren arrakastak Estatu Batuetan lan egiteko aukera eman zion eta Tune in Tomorrow (1990) egin zuen, Mario Vargas Llosaren La tía Julia y el escribidor nobelan oinarrituta. Han ezagutu zuen Arnon Milchan ekoizlea eta harekin egin zuen Sommersby (1992), orain arteko filmik ezagunena, Richard Gere eta Jodie Foster protagonista dituena. Copycat (1995) thriller-ean Holly Hunter polizia eta Sigourney Weaver hiltzaile psikopaten jokabidea aztertzen duen psikologoa dira. Arnon Milchan ekoizlearengana jo zuen berriro Londresen egin zuen The man who knew too little (1997) filma egiteko.