Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alfontso

Asturias, Gaztela eta Leongo hamaika erregeren izena.  v  Alfontso I.a Asturiaskoa, Katolikoa izengoitiz (693 inguruan - 757). Asturiasko errege (739-757). Mairuen arteko liskarrez baliatuz, Duero eta Errioxa aldera sartu zen. Erasoaldi horietan mairuak hil eta kristauak berarekin eramaten zituelarik, hutsik, biztanle gabe, utzi zituen Duero aldeko lurraldeak.  v  Alfontso II.a Asturiaskoa, Aratza izengoitiz (Cangas, 759 inguruan - Oviedo, 842). Asturiasko errege (791-835), aurrekoaren iloba. Mairuen aurka borrokatu zen, Lisboa hartuz (797), eta Ramiro I.aren alde abdikatu zuen. Oviedon ezarri zuen Gortea.  v  Alfontso III.a Asturiaskoa, Handia izengoitiz (838 inguruan - Zamora, 910). Asturias eta Leongo errege, Ramiro I.aren biloba. Leongo lurraldea konkistatu zuen. Bi altxamendu izan ziren bere erreinaldian; bigarrenaren ondorioz, hiru semeen artean banatu behar izan zuen erreinua.  v  Alfontso IV.a Asturias eta Leongoa, Fraidea izengoitiz (? - 932). Asturias eta Leongo errege (924-927), Ramiro II.a anaiak itsu utzi eta monasterio batean itxiarazi zuen.  v  Alfontso V.a Asturias eta Leongoa, Noblea izengoitiz (994 -Viseu, 1027). Asturias eta Leongo errege (999-1027), mairuen kontrako Viseuko setioan hil zen.  v  Alfontso VI.a Leon eta Gaztelakoa, Adoretsua izengoitiz (1040 - Toledo,1109). Galizia, Leon eta Gaztelako errege (1065-1109). Mairuen aurka borrokatu zen, eta Toledo hartu zuen (1085). Bere erreinaldian bizi izan zen Rodrigo Díaz de Vivar «el Cid».  v  Alfontso VII.a Leon eta Gaztelakoa, Ona izengoitiz (1105 inguruan - Fresnada, 1157). Leon eta Gaztelako errege (1126-1157). Mairu eta nafarren aurka (Errioxa eta Bureba) lortu zituen garaipenak medio, Espainietako enperadore titulua hartu zuen beretzat. Inperio hura, hala ere, berarekin batera galdu zen, erreinua bi semeen artean banatu baitzen: Antso III.a Gaztela eta Fernando II.ak Leon.  v  Alfontso VIII.a Gaztelakoa, Noblea izengoitiz (Soria, 1115 - Avila, 1214). Gaztelako errege (1158-1214). Erreinuaren eremua zabaldu zuen mairuei konkistaturiko lurraldeez. Ekinaldi luze baten ondoren, almohadeak menderatu zituen Navas de Tolosa-ko guduan (1212). Alfontso VIII.ak ez zuen amore eman Nafarroako erreinuaren konkistan. Tregua nahiz borroka etenaldi batzuen ondoan, Gaztelako eta Aragoiko erregeen betidaniko gutizi honi erantzunaz, eta Antso Azkarra Nafarroako erregea Maroko aldera joan izana probetxatuz, euskal erreinuari eraso eta Araba, Durangaldea, Gipuzkoa eta Lapurdi hartu zituen (1190-1201). Nahi zuena lortuta, Ingalaterrako koroapean zegoen Lapurdi utzi eta Nafarroako erreinuko mendebaldearen jabe bihurtu zen. Konkista honek Navas de Tolosa-ko guduaren ondoan hartu zuen balio politikoa: artzapezpiku eta kardinaleek almohaden aurka borrokatzera behartuta, Antso Azkarrak ere parte hartu behar izan zuen aurrerantzean Gaztelaren nagusitasuna bermatu zuen guduan. Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak eman zituen Gaztelako hainbat hiriren Hiri-Gutun edo foru bereziak.  v  Alfontso IX.a Leongoa (Zamora, 1171 - Villanueva de Sarria, 1230). Leongo errege (1188-1230). Nobleen indarra murriztearren, burgesek lehenengoz parte hartu zuten Gortea eratu zuen. Alfontso VIII.a Gaztelakoaren etsaia izanik ere, almohaden aurkako guduan hartu zuen parte. Salamancako Unibertsitatea sortu zuen (1219).  v  Alfontso X.a Gaztela eta Leongoa, Jakituna izengoitiz (Toledo, 1221-Sevilla,1284). Fernando III.a eta Beatriz Suabiakoaren semea. Gaztela eta Leongo errege (1254-1284), Germaniako enperadore ere izan zen (1267-1272). Mairuen aurkako borrokan, Murtziako konkistan hartu zuen parte, printze zelarik, eta, erregetzan, Lebrija eta Cadiz hiri andaluziarrak eskuratu. Oinordekotza arazoak zirela eta, Antso bere semeak bultzaturiko matxinadari aurre egin behar izan zion. Politikari txarra, hala eta guztiz ere, Alfontso X.aren ospea kulturaren ildotik dator batez ere. XII. mendean Toledon antolatu zen Itzultzaile Eskolari jarraipena eman zion, gai bakoitzeko espezialista guztiz onak hartara bilduz, eta tradizio klasiko, judu, arabiar eta kristauak uztartuz. Koordinazio lanez gainera, Alfontso X.ak bultzatu eta parte hartu zuen hainbat arlotan: arlo juridikoa landu zuen (Las Siete Partidas izeneko kodea, Zuzenbide Erromatarrean oinarritua); historia (Crónica General eta Grande e general estoria, Espainiako lehen historia liburua bide dena); bestalde, astronomia, zientzia… ukitzen zituzten ekialdeko liburuak itzuli ziren (Los libros del saber de la Astronomia, Lapidario, Libros de Ajedrez, dados y tablas). Poeta gisa, Cantigas de Santa Maria delakoa da Alfontso X.aren lan nagusia, galegoz idatzia. Amodio eta eskarniozko poesiak ere idatzi zituen.  v  Alfontso XI.a Gaztela eta Leongoa, Mendekatzailea izengoitiz (Salamanca, 1311 - Gibraltar, 1350). Gaztela eta Leongo erregea (1312-1350). Portugalgo Alfontso IV.a aitaginarrebarekin elkar harturik, mairuen aurka borrokatu zen, Tarifa hartuz (1340). Gibraltarreko setioan hil zen izurriak joa.