Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alfontso

XII.a. Espainiako erregea (Madril, 1857 - Madril, 1885). 1875-1885 bitartean izan zen errege. 1868. urteko Iraultzan (Espainiako I. Errepublika) bere amak, Elisabet II.a, aginpidetik urrunarazi zuen, eta erbestera bidali. Ingalaterran zegoela, Martínez Campos jeneralak deitu zuen, monarkia berriz ere ezartzeko asmoz (Saguntoko altxamendua, 1874). Alfontso XII.a itzuli eta hurrengo urtean koroatu zuten. 1869ko Konstituzioa indar gabe utzi eta berri bat aldarrikatu zuen, atzerakoiagoa hain zuzen (1876). Mendizabalen Desamortizazioaren ondorioz aberastu eta indartu zen burgesiak eta haren alde agertu zen armadak lagundu eta bultzaturik, bi zeregin politiko nagusiri ekin zion penintsula barrenean, Antonio Cánovas del Castillo politikari boteretsuaren laguntzaz: Gerra Karlistan garaile izan zen, Erregimen Zaharraren moldeei loturiko aginpide ekonomiko eta politikoak zokoratu zituen eta, estatuaren batasuna bermatuz, zapalduriko nazioek zituzten eskubide apurrak ukatu (Euskal Herriko foruen erabateko abolizioa, 1876ko uztailaren 21ean), eta aurretik foru lurralde zena probintzia soil bihurtu zuen. 1869ko Konstituzioa indar gabe utziz, bestalde, bidea itxi zien, zapalkuntzaren bitartez, mugimendu liberal aurrerazale, errepublikazale, sozialista eta anarkistei, kontserbadore eta liberal moderatuak nagusituko ziren sistema politikoa ezarriz. Atzerrian, ordea, Espainiaren inperio handi haren azken lurraldeetan askapen gerra hasia zen eta Kubako lehen independentzia saioari eutsi bazioten ere, espainiarrek, Alfontso XII.a buru eta Martínez Campos jenerala beso, ezin iraungiarazi zuten han pizturiko sua. Alfontso XII.a tuberkulosiak jota hil zen (1885). Alfontso XIII.a, haren semea, bera hil ondoan jaio zen (1896).