Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alfontso

Portugalgo sei erregeren izena.  v  Alfontso I.a Henrike, Konkistatzailea izengoitiz (Guimaraes, 1110 inguruan - Coimbra, 1186). Portugalgo errege (1139-1185). Gaztelako Alfontso VI.aren biloba, Portugalen askatasuna erdietsi zuen, mairuei Ourique-ko guduan nagusitu eta gero (1139). Honenbestean errege izendatu bazuten ere, Aita Santuak ez zion erregetza ezagutu 1143. arte. 1147an Lisboa hartu zuen eta erreinua Galizia, Extremadura eta Elvas lurraldeetara zabaldu. Antso I.a semean izan zuen ondorengo.  v  Alfontso II.a, Gizena izengoitiz (Coimbra,1185-1223) Portugalgo errege (1211-1223). Antso I.aren seme eta ondorengoa, mairuen aurka borrokatu eta erreinuko administrazio egitura sendotu zuen. Elizaren kontra etengabeko borrokan jardun zuen eta eskumikaturik hil zen.  v  Alfontso III.a, Bouloniarra izengoitiz (Coimbra, 1210 - Lisboa, 1279). Portugalgo errege (1248-1279). Alfontso II.aren semea, Mahaut II.a Boulognekoa bere emaztea zapuztu eta eskumikatu egin zuten. Algarve lurraldea konkistatu zien mairuei.  v  Alfontso IV.a, Adoretsua izengoitiz (Lisboa, 1290-1357). Portugalgo errege (1325-1357), Gaztelako Alfontso XI.a, bere suhiarekin batera, mairuen aurka borrokatu zen Tarifa hartuz. Ines de Castro, Petri bere semearekin ixilean ezkondu zen Gaztelako dama hil zuen.  v  Alfontso V.a, Afrikarra izengoitiz (Cintra, 1432 - 1481). Portugalgo errege (1438-1481). 1449ra arte, Petri bere osaba izan zen erregeordea. Mairuen kontra borrokatu zen Maroko aldean, hainbat garaipen lortuz. Berari zegokiola iritzirik, Gaztelako koroa ere nahi zuen, baina ez zuen zorte bera izan Gaztelako Elisabet I.arekiko auzi horretan.  v  Alfontso VI.a, (Lisboa, 1643 - Cintra, 1683). Portugalgo errege (1656-1677). Joan IV.a eta Luisa de Guzmanen semea, amari, adin txikian, eta, eritu zelarik, Petri II.a anaiari utzi zien gobernatzen. Espainiarrei nagusitu ondoan, Portugalgo askatasuna bermatu zuen (Lisboako Ituna, 1668). Urte horretan bertan erretiratu zen, gaitz larri batek jo ondoan.