Alemaniako Errepublika Demokratikoa (Deutsche Demokratische Republik, DDR)
1949 eta 1990 artean, Errepublika Federalarekin bat egin arte, burujabe izan den Europako estatua. Mugak: mendebaldean, Alemaniako Errepublika Federala; hegoaldean, Txekoslovakia; ekialdean, Polonia eta iparraldean, Itsaso Baltikoa. 108.333 km2. 16.639.877 biztanle. Hiriburua: Ekialdeko Berlin (Pankow). Hiri nagusiak: Leipzig eta Dresden. Hamabost eskualdetan banatua: Berlin, Cottbus, Dresden, Erfurt, Frankfurt an der Oder, Gera, Halle, Karl-Marx-Stadt, Leipzig, Magdeburg, Neubrandenburg, Postdam, Rostock, Scwerin, Suhl. Dirua: markoa.
v Ekonomia. Gerraren ondoren eta Errepublika Federalarekin bat egin artean, Errepublika Demokratikoko ekonomia sozialistak produkzio sektore guztien nazionalizazioa zuen oinarri. Bizi maila Mendebal Alemaniakoa baino apalagoa izanik ere, Ekialdeko Europako beste herrietakoa baino hobea zen. Nekazaritzan, ez baitzen planifikazioan gehien zaintzen zen alderdia, eskulanaren % 18ak ziharduen. 1946tik aurrera bultzaturiko nekazaritzaren erreformak (junker edo jabetza handien nazionalizazioa, 100 ha-tik gorako jabetzen zatiketa eta kooperatiben sortzea) eman zituen emaitzak industria arlokoak baino askoz ere apalagoak izan ziren. Laborantza eremuak lurralde osoaren % 58,8 hartzen du, eta basoak % 27. Patata, garia, garagarra, zekalea eta azukre erremolatxa dira produktu nagusiak. Langilegoaren erdia estatuko jarduera nagusia zen industrian ari zen. Energi baliabideen artean, lignitoaren ekoizpenak garrantzi handia hartzen du (Saxe). Petrolioa Sobietar Batasuna osatzen zuten estatuetatik heltzen da oleoduktoz eta indar elektrikoak jatorri termikoa du gehienbatean. Industria nagusia kimikoa da; siderurgia oso garatua dago eta industria mekanikoa Ekialdeko Europako garrantzizkoena da, Sobietar Batasunekoaren ondotik. Doitasun mekanika, itsas ontzigintza eta ehungintza dira beste industria arlo aipagarriak. n Merkataritza. Esportazioak (produktu landuak) eta inportazioak (lehengaiak eta laboreak) Comecon-go herriekin egiten zituen, gehienbat. Gainerakoa Alemaniako Errepublika Federala (% 15), Frantzia eta Britainia Handiarekin. Bi Alemanien batasunaren ondoan (1990), Ekialdeko Alemaniaren ekonomia azpiegitura eta merkatu sarea Errepublika Federalekoaren mende geratu dira; sistema sozialistaren ordez kapitalismoaren egitura neoliberalak ezarri dira, eta Mendebaldeko Alemaniaren nagusigoa ezin eztabaidatu da.
- Alemán, Arnoldo
- Alemán, Mateo
- aleman
- Alemania
- Alemaniako Errepublika Federala
- Alemaniako Errepublika Demokratikoa (Deutsche Demokratische Republik, DDR)
- alemaniar
- Alembert, Jean Le Rond d’
- aleno
- alentatu, alenta, alentatzen
- alentatze