Alemaniako Errepublika Federala
(Bundesrepublik Deutschland BRD). 1949 eta 1990 artean, Errepublika Demokratikoarekin bat egin arte, bere buruaren jabe izan den Europako estatua. Mugak: Ipar Itsasoa, Danimarka eta Itsaso Baltikoa iparraldean; Suitza eta Austria hegoaldean; Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Txekoslovakia ekialdean eta Holanda, Belgika, Luxenburgo eta Frantzia mendebaldean. 249.147 km2. 61.066.000 biztanle. Hiriburua: Bonn. v Hiri nagusiak: Mendebaldeko Berlin, Hanburgo, München, Frankfurt am Main. Mendebaldeko Berlin hiriaz gainera, hamar estatu federatu (Länder): Bade-Wütenberg (Stuttgart), Bavaria (München), Bremen, Hanburgo, Hesse (Wiesbaden), Rhenania-Pfalz (Mainz), Rhenania-Westfalia (Düsseldorf), Saar (Saarbrücken), Niedersachsen (Hannover), Schleswig-Holstein (Kiel). Dirua: markoa.
v Ekonomia. 1949tik aurrera, Alemaniako Errepublika Federalak laguntza handia hartu zuen Estatu Batuetatik (Marshall plana) eta, luze gabe, 1939 baino lehenagoko ekonomia maila gainditu zuen. Sistema neoliberalaren urratsei jarraituz, ekimen pribatuak jokaleku zabala izan du, produkzio ziklo osoa betetzen duten enpresa handi autofinantzatuek nagusiki, gobernuak sustatzaile papera hartu duelarik (zerga mailako neurriak eta gizarte laguntza bereziki). Ekonomia sistema honetan gutxien bultzatu den arloak, nekazaritzak, eskulanaren % 5 hartzen du. Etxaldeen hedadura txikia izan ohi da (10 ha baino gutxiago) eta mekanizazioa guztiz hedatua dago. Zekalea, patata (Errepublika Federala munduko ekoizle handienetakoa da), garia, azukre erremolatxa eta, neurri txikiagoan, fruituak, lupulua, ardoa eta tabakoa, dira produktu nagusiak. Basoak Errepublikako erdialdea estaltzen du hein handian eta belardi nahiz larreak ipar eta Danubio aldeetan zabaltzen dira. Zerri hazkuntza da nagusi abeltzaintzan. Industriak, arlo garrantzitsuenak, maila gorenera jaso du Alemaniako Errepublika Federala Europako ekonomian. Rhur arroko (neurri txikiagoan Saar aldean) harrikatz meatze eskergak oinarri harturik, industriaren hazkundeak ez du oztopo handirik izan. Lignitoa (Kolonia, Köln), burdina (Sajonia Beherea, Niedersachsen), gatzarria eta potasioa dira lurpean dituen aberastasunak. Indar elektrikoa jatorri termiko eta nuklearrekoa da. Petrolioa ari da, pixkanaka, harrikatzaren lekua hartzen. Bertan dagoena urria delarik, inportatu eta Hanburgo, Bremen eta Wilhelshaven portu handietan fintzen da. Industria astunak berebiziko garrantzia du. Altzairugintza Rhur aldean kokatu da nagusiki. Mekanikaren arloan diharduten enpresak hirialde nagusietara bildu dira: makineria (Hanburgo, Frankfurt, Brunswick, Hannover, Augsburgo, Nuremberg), lokomotorak eta burdinbide hornidura (Kassel, Esslingen, Hannover, München), nekazaritzarako makineria (Mannheim, Stuttgart). Automobilgintzan, munduko hirugarren lekuan dago Alemania Federala, AEBen eta Japoniaren ondoan. Lau enpresa handiren artean (Volkswagen, Daimler-Benz-DKW, Opel-General Motors eta BMW) banatu da autogintza. Ontzigintza Hanburgo, Bremen eta Kiel portuetara bildu da nagusiki. Optika eta doitasun gaiak (Brunswick, Stuttgart, Schweinfurt eta Tuttlingen). Industria elektriko eta elektronikoa (Siemens, AEG, Telefunken). Industria kimikoa (Rhur, Rhenania, Kolonia, Leverkusen, Ludwigshafen, Höchst). Ehungintza (zeta, artilea, kotoia eta ehun artifizialak) Rhenania eta Neckar ibaiaren haranean.
v Merkataritza. Alemaniako Errepublika Federala munduko bigarren estatua da merkataritzan (munduko trukeen % 8,65). Produktu landuak esportatu eta lehengaiak (petrolioa, burdina) nahiz elikagaiak inportatzen ditu. Merkataritzaren balantzea aldekoa du Alemaniako Errepublika Federalak. Bremen, Kiel, Hanburgo, Wilhelmsahven eta Duisburg portuetan osaturiko merkataritzarako ontziteria garrantzitsua da guztiz. Mendebaldeko Alemaniako komunikazio sarea munduko hornituenetakoa da. Errepublika Demokratikoarekin batu eta Europa sozialistaren gainbeheraren ondoan, Errepublika Federaleko azpiegitura sendoak bultzaturik, Alemania Europako estatu nagusi bihurtzeko bidean abiatu da dagoeneko. Bigarren Mundu Gerraren ondoan, nazioartean aginpide politikoa murriztu eta armada mugatu bazioten ere, aginpide ekonomiko, teknologiko eta merkataritzazkoak berebiziko indarrez jantzi dute Alemania, EEEko gainerako estatuen aldean; horrezaz gain, merkataritza eta produkzio esparrua Ekialdera zabaldu delarik, Europan nagusitzeko abantaila handiak ditu gaur egun.