Alemán, Mateo
Espainiar idazlea (Sevilla, 1547 - Mexiko, 1615 inguruan). Judu kristautuen familiakoa. 1570ean Erregearen Kontularitzan sarturik, erakunde horretako ogipekoa izan zen bizitza osoan; 1580an presondegian egon zen. 1586tik aurrera Madrilen bizi izan zen eta han meategietako epaile izendatu zuten (1593). Sevillara itzulirik, kartzelara eraman zuten berriro (1611) zorrak ez ordaintzeagatik. 1608an Mexikorako ontziratu zen. v Pikareska alorreko obrarik interesgarrienetako bat utzi du: Guzmán de Alfarache, atalaya de la vida humana (1599). Kontakizun autobiografiko horrek berehalako arrakasta izan zuen, bere egileari diru etekinik eman ez bazion ere. Guzmán pikaroa, «giza bizitzaren behatzailea», Kontrarreformaren izpirituak kutsaturiko moralista da: mundu honetan denek gezurra diote eta ametsak hil ondoko bizitzarako utzi behar dira, nork bere gain hartu behar dituelarik bere egoera eta mailari dagozkion erantzukizunak.