Alemán, Arnoldo
Nikaraguar politikaria (Managua, 1946). Zuzenbide ikasketak egin ondoren, Anastasio Somoza diktadorearen alderdiko Gaztedi Liberala erakundean esku hartu zuen. Somoza kargutik kendu ondoren (1979), sandinisten aurkako politikariak defendatu zituen, eta horregatik kontrairaultzailetzat salatu eta kartzelan sartu zuten. Orduan bere familiako kafe-negozioan sartuta, besteak beste, Managuako Kafesaildunen Elkarteko (1983-1986) eta Kafesaildunen Elkarte Nazionaleko (1986-1990) lehendakari izan zen. Sandinisten gobernuak hainbat jabetza kendu zizkion. 1989an, hurrengo urteko hauteskundeetan Violeta Barrios, Chamorroren alarguna, boterera eraman zuen Unión Nacional Opositora elkarte politikoa osatzen zuten alderdietako batean sartu zen, Alderdi Liberal Konstituzionalistan hain zuzen. Hauteskunde horietan, Managuako Udaleko zinegotzi aukeratu eta gero, maiatzean, alkate izendatu zuten. Enpresaburuen laguntzaz eta Chamorro lehendakariaren baimenaz, 1996ko hauteskundeetan parte hartu eta lehendakari hautatu zuten. Hurrengo urtean hartu zuen Errepublikako lehendakari kargua.