Alemania
(Izen ofiziala, Alemaniako Errepublika Federala; Al. Bundesrepublik Deutschland) Europa erdialdeko estatua. Mugak: Ipar Itsasoa, Danimarka eta Itsaso Baltikoa iparraldean; Suitza eta Austria hegoaldean; Txekiar Errepublika eta Polonia ekialdean, eta Holanda, Belgika, Luxenburgo eta Frantzia mendebaldean. 357.000 km2 eta 82.060.000 (2008ko estimazioen arabera, alemanak). Hiriburua eta hiri nagusia, Berlin (3.400.000 biztanle). Dirua: euroa. ■ Estatu bateratua izan zen 74 urtez (1871-1945), baina Bigarren Mundu Gerra bukatzean bi estatutan banatua geratu zen: Alemaniako Errepublika Federala (edo Mendebaldeko Alemania) eta Alemaniar Errepublika Demokratikoa (edo Ekialdeko Alemania). 1990eko urriaren 3an, Alemaniako Errepublika Federalaren parte izatera igaro zen Ekialdeko Alemania, eta hala bi Alemaniak berriro bateratu ziren. ■ Biztanleak. Europako herrialderik jendetsuena da, nahiz eta munduko emankortasun tasarik txikienetakoa eduki (emakumeko 1,39 haur). Oso herrialde urbanizatua da; hiri handi asko dago, eta biztanleen % 86 baino gehiago 2.000 biztanletik gorako hiriguneetan bizi da. 2004aren amaieran, herrialdeko biztanleen % 19 inguru atzerritarrak edo atzerritarren ondorengoak ziren. Hala ere, legedian ezarritako mugak direla eta, behear egiten ari da asiloa edo alemaniar herritartasuna eskatzen duten etorkinen kopurua. ■ Erlijioa eta kultura. Alemaniarren % 65 protestanteak dira, luteranoak gehienbat, eta iparraldean bizi dira. % 40 katolikoak dira, eta batez ere Renanian eta Bavarian daude bilduta. Musulmanak % 4 dira, eta horien atzetik budistak eta juduak datoz. Kulturari dagokionez, frantses eta ingeles kasuetan ez bezala –haietan kultura higikundea Paris eta Londresa bildu baita–, alemaniar kultura, aspaldiko tradizioaz, hiri askotan loratu da. Mende askoan, alemaniar estatu independenteen hiriburu izan dira hiriak, eta hiriko gobernariek artea, musika, antzerkia eta jakintza bultzatzen zituzten beren aginpidearen ikur gisa. Berlin izan zen 1871tik 1945era arte nazio bateratuaren hiriburu politiko eta kulturala, eta 1990. urtean buruzagitza hori berreskuratu du. Mendebaldeko Alemanian badira 1.200 bat museo, 400 liburutegi handi, 60 opera areto, 300 antzoki, eta orkestra aipagarriak 150etik gora dira. Erakunde horiek, zeinek bere hiri edo estatuan, laguntza handiak jasotzen dituzte, printzeen babesaren tradizio zaharra baztertu gabe. Laguntza horiek direla-eta, jende askok aurkitzen du lanpostua kultura jardunetan, eta horrek eskualdeko garapena eta hedapena dakar, gobernuaren kontrolik gabe. ■ Hiri nagusiak. Berlin da Alemaniako hiriburua, eta 3.400.000 bat biztanle ditu. Alabaina, gobernuaren bulego gehienak Mendebaldeko Alemaniaren antzinako hiriburuan daude oraindik, Bonnen alegia (289.000 biztanle); Berlina aldatuko dira 2003. urtean. Hiriburuaz gainera, hauek dira Alemaniako hiri nagusiak: Hanburgo (1.700.000 bat biztanle), itsasportu garrantzitsua; Munich (1.300.000 bat biztanle), kultura eta merkataritzagunea; Kolonia (milioi bat biztanle inguru), industria hiria, katedral famatua duena; Frankfurt (659.000 biztanle) merkataritza hiria; Essen (626.100 biztanle), Ruhr-eko altzairu produkziogunea; Dortmund (597.400 biztanle), industriagunea; Stuttgart (575.600 biztanle), eskulangintza eta merkataritzagunea; Düsseldorf (575.100), modaren industriaren gunea eta finantza zentroa, eta Leipzig (513.600 biztanle), industria eta merkataritzagunea. ■ Gobernua eta administrazioa. 16 estatuk (Länder) osatzen dute Alemania: Baden-Württemberg, Bavaria, Berlin, Brandenburgo, Bremen, Hanburgo, Hesse, Mecklenburg-Pomerania, Saxonia Beherea, Ipar Renania-Westfalia, Renania-Palatinatua, Sarreko lurra, Saxonia, Saxonia-Anhalt, Schleswig-Holstein eta Turingia. ■ Ekonomia. Alemania da munduko hirugarren ekonomia indartsuenaren jabe. Merkatu sistema kapitalista du, baina ongizatearen sistemak orekatua, estatuak gizarte laguntza handiak ematen baititu. Alemaniako Errepublika Federala munduko lehen herri esportatzailea da (hain zuzen ere, esportazioa beti izan da Alemaniako ekonomiaren funtsezko elementua) eta ondasun gehien inportatzen dituen bigarrena. Ahalegin handiak egin ditu Europan ekonomia eta politika batasuna hedatzeko, eta bere ekonomia eta merkatritza politiketan gero eta eragin handiagoa dute Europar Batasuneko kideen arteko hitzarmenek. Gaur egun, Ekialdeko Alemania txertatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du eta ahalegin handiak egiten ari dira haren atzerapena onez eramateko: izan ere, hango nekazaritza (garia, zekalea, patata, azukre erremolatxa, barazkiak, zerrikia), zeinak biztanle aktiboen % 10 hartzen baitzuen, bitarteko mekanikoak berriztatu beharrean dago, eta orobat aldatu beharra dauzka lanaren ohiturak eta kultura. Ekialdeko Alemanian, industria, lignitoari esker garatu dena –horixe baita mea baliabide ugari bakarra (Leipzig, Halle, Lusazian)–, burdingintza eta kimika industriaren mende egon da (Ekialdeko Berlin, Dresden, Leipzig, Chemnitz). 1996an, Ekialdeko Länder-ek aldaketa handiak egin dituzte egokitze eta berriztatze aldera. 1999ko urtarrilaren 1ean, Alemaniak eta Europar Batasuneko beste 10 estatuk, Europako Diru Batasuna jarri zuten abian, truke balioak behin betiko finkatzeko, eta Europako Banku Zentral berriari aginpidea eman zioten eskualde horretako diru politikaren gainean. Europar diru berria, euroa, 2002an bereganatu zuten alemanek. ■ Nolanahi ere, esportazio politikak emaitza onak ematen dituen arren, Alemaniak baditu konpondu beharreko hainbat arazo ekonomiko, langabeziarena adibidez; 2008an, % 7,3koa zen. Lanpostuak sortzeko neurriak ez dira espero bezain eraginkorrak izan, eta ez dirudi langabezia epe laburrean konponduko den arazoa denik. v Historia. Alemaniaren historia herri germaniarren bilakaerari loturik agertzen da erromatarren garaietatik. V. mendeko Germaniarren inbasioek ekarri zuten Erromako Inperioaren suntsipena. Galia aldera (Rhin ibaiaren bazterretan) Klovisekin hedatu ziren merobingiarren garaian, Austrasia, Rhin ibaiaren ezkerraldeko lurraldeez gainera, Turingia, Alemania eta Bavaria aldera zegoen hedaturik (VI-VII. m.). Karolingiarrek Austria eta Bohemiako lurraldeak hartu zituzten eta saxoien aurka borrokatu ziren kristautasunaren bandera aurretik zeramatela (San Bonifazioren ebanjelizazioa, VIII. m.). Karolingiarren erreinuaren zatiketaren ondorioz sortu zen, IX. mendean, Germaniako erreinua, kanpoaldeko mehatxuak eta barruko ezin konponduak zirela medio ahul sortu zena. Henrike I.a Txori-Ehiztariarekin batera, Saxe Etxeak erregetza hartu (919), eta Oton I.a Handiaren erreinaldian Germaniako Erromatar Inperio Santua eraiki zen (962). v Erromako Inperio Santua (X-XIII. m.) Muga aldakorrek, hizkuntzak baizik lotzen ez zituen herrien batasun ahulak eta enperadorea aldian aldiko aukeratu beharrak ezin sendo zezaketen hasieratik gobernu bikoitza, Aita Santuarena eta enperadorearena, eskaini nahi izan zuen inperioa. Saxoniarren ondoren, dinastia frankoniar edo saliarrak (1024-1137) eta Hohenstaufen-enak (1137-1254) Mediterraneo aldeko Italiari begira zegoen inperio batu, aginpide bikoitz eta nagusi horren aldeko asmo bizia agertu zuten, baina inperio eta feudoen arteko gatazka etengabeak zirela eta, inperio eta aitasantutzaren arteko gatazkak biziagotu ziren, azken honen interesak inperioarenak berberak ez izaki askotan. Eslaviarren, Hungariaren eta Italiaren aurkako gudu garaipenak ekarritako orekak sortu zuen aurrerapen eta sendotze garaiaren ondoren, Inbestidura liskarra piztu zen (XI-XII. m.). Henrike IV.aren eta Henrike V.aren inperioak izugarri ahuldu ziren: jaun feudal handien aurkako dinamikan, Inperioari atxikiz aginpide berri batez hornitu zen feudalitate txikia eta eliz jendea enperadorearengandik urrundu ziren. Beste hainbeste gertatu zen guelfo eta gibeliarren arteko gatazkan (XII-XIII. m.): enperadoreak, gibeliarra (Hohenstaufen) eta inperio unibertsalaren aldekoa, germaniarrak ekialdera eta iparraldera heda zitezen ziotenen aurka jokatu zuen. Frederiko Bizargorri Henrike Lehoiri nagusitu zitzaion, baina, hura hil ondoan, Frederiko II.aren erreinaldian gerra berriz ere piztu eta, aurkariak garaitu arren germaniarren arazoei buruz behar adinako axolarik ez zuela-eta, betiko hautsi ziren Alemania eta Italiaren arteko inperio harremanak. v Habsburgotarren etorrera (XIII-XV. m.). Hohenstaufen Etxeak behera egin orduko, nork bere aldetik jo zuen garaia etorri zen: Erreinu bitarte Handia (1250-1308). Etxe handien arteko lehiak sorrarazi zuen gerran Habsburgotarren dinastia nagusitu zen eta Rodolfo I.ak hartu zuen nagusitasuna. Zatiketa sakonagotu eta kanpoaldetik zetozen erasoen arriskua areagotu ziren horretan, hiriak garatuz eta beren buruaren jabe eginez joan ziren, ekonomia eta merkataritzaren hazkundeak bultzaturik (Hanse), eta XV. mendean erabateko zabalpena ezagutu zuten Alemaniako zibilizazio eta arteak. Luxenburgotarren dinastiaz (1308-1437), Inperioa Erromako eraginetik kanpo gelditu zen erabat (Urrezko Bulda, 1356) eta inperio unibertsalaren aldeko asmoak alde bat geratu ziren. Erdi Aroaren bukaeran sortu zen Germaniako Erromatar Inperio Santua esapidea, aldaketa hori adierazteko hain zuzen. Enperadorea bere eginpideaz baizik ez zen baliatu gobernatu ahal izateko, eta aginpide ekonomiko horrek berak mantendu zituen maila gorenean Habsburgotarrak 1438tik (Alberto I.aren hautapena) 1806a arte. Maximilian I.ak Inperioa batu eta zentralizatzeko egin zituen ahaleginak hutsean gelditu ziren. v Erreforma eta ondorioak (XVI-XVII. m.). Martin Luteroren eskutik etorri zen Erreformak biziki astindu zuen Karlos V.aren erreinua, jaun feudalen altxamenduaz batera (Schmalkalden Liga) matxinada sozialak ere eraginik (Bauernkrieg, Nekazarien Gerra). Erlijio borrokek are bortizkiago jo zuten Alemania, Kontraerreforma ondoren, Batasun Ebanjelikoa (protestanteak) eta Liga Santua (katolikoak) elkarren aurka jarriz (Hogeita Hamar Urteko Gerra). Kanpoko esku-hartzeek areagotu egin zuten egoera hori. Westfaliako Itunak (1648) 350 estatutan banatu zuen Alemania, nahiz 8 (geroago 9) baizik ez ziren hautesle (inperio garaian, enperadorea aukeratzeko ahalmena zuten etxeak). Luzaroan Europako beste potentzien mendeko jostailu izan zelarik, Alemaniak XVIII. mendearen hasiera arte ez zuen eskuratuko XV eta XVI. mendeetan erdietsi zuen aginpide maila. Frantziaren esku-hartzea agerikoa izan zen XVII. mendean (Rhin-eko Liga,1658), eta zapalketa itxura hartu zuen, Luis XIV.aren erreinaldiko anexio eta kanpaineak zirela-eta (Pfalz edo Palaterriaren suntsipena). Ondorio zuzena izan zuten: Brandenburgoko hautesleak hartu zuen agintea. v Prusiaren aginpidea eta Inperio Santuaren amaiera. 1701. urtean, Brandenburgoko hautesleak, Prusiako errege bihurtuta, mende osoan nagusia izan zen Prusiaren botereari ateak ireki zizkion. Austria, Italia eta Balkanerri alderako isurialdeko lurraldeak, Alemaniatik gero eta bereiziago ageri ziren bitartean, Prusia protestanteak Rhin aldera jo zuen. Baina Austriako Erregetzarako eta Zazpi Urteko (1756-63) gerrengatik ere, eta haien aurreko erreakzio gisa, despotismo ilustratu eta argien mendeko kultura distiratsu eta kosmopolitak leku hartu zuen mendearen bukaerako Alemanian, literatura mundua bereziki hunkitu zuen kontzientzia nazionala berpiztuz (Sturm und Drang). Bilakaera honen bizkortzaile izan ziren Frantziako Iraultza eta Napoleonen hasierako garaipenak (Austerlitz), Germaniako Erromatar Inperio Santua desagerrarazi zutenak: Rhineko Konfederazioa, hamasei estatuk osatua, Napoleonek bere «babesean» hartu zuen; Frantzisko II.a Austriako Frantzisko I.a enperadore bihurtu zen eta Prusia, Iena eta Aerstaed-eko guduak galdu ondoren, Frantziaren interesen mende geratu zen, gogoz kontra bazen ere. Honenbestean, Prusian sortu zen sentimendu antifrantsesak, geroago Konfederaziora ere zabaldu zenak, gainerako alemaniarren aurreko nagusitasuna ekarri zien prusiarrei.
v Konfederazio Germaniarra. Vienako Kongresuan (1815), 39 estatu alemaniar biltzen zituen Konfederazio Germaniarra sortu zen, Austria buru eta Prusia buruorde izendatuz. Bi estatu hauek ezkertiarren matxinadei eusteko aliatu gisa elkartu baziren ere, prusiarrek, Alemaniako garapen ekonomikoa bultzatu zutelarik, Austria Konfederaziotik gero eta baztertuago egon zedin lortu zuten. 1848. urtean, Paris eta Vienako altxamenduen ondoren, Berlinen bultzatu nahi izan zen matxinadak porrot egiteaz gainera, areagotu zituen alemaniarren sentimendu anti-austriar eta Alemaniaren batasunaren aldekoak. v Alemania batua. Armada eta ekonomia modernoen jabe, Wilhelm I.a erregeak eta Bismarck lehen ministro eskuindarrak eskumenean zituzten Alemaniaren batasunerako betebehar guztiak. Austria, bestalde, modernizatu gabe zegoen. Frantzisko Jose Austriako enperadorea menderatu ostean (Sadowa-ko gudua, 1866), Main ibaiaren iparraldeko estatuak bildu zituen beregana Prusiako erregeak, Ipar Alemaniako Konfederazioa sortuz. Ipar eta hegoaldeko estatuen arteko batasuna gauzatu beharra zegoen: Bismarckek bultzaturik, estatu guztiak batu ziren Frantziaren aurkako gerran. Sedan-go garaipenaren ondoren, Alemaniaren batasuna ezinbestekoa zen (Wilhelm I.a Alemaniako enperadore, 1871ko urtarrilaren 18). Wilhelm II.aren erreinaldian, sozialisten eta Alsazia-Lorrenako talde batzuen aldetik aurkako jarrera izan zuen arren, Alemaniaren ahalmen ekonomiko, demografiko eta kolonial gero eta handiagoak ideologia pangermanistaren zabalkuntza bizkortu zuen. Handinahi giro honen aurrean, Europako gainerako herriak bakartzen saiatu ziren. Sarajevoko atentatuaren ondotik, Lehen Mundu Gerra piztu zen Europan. Barne-egoera zail eta larri horretan, Alemaniak, gerra galdu berritan, lurralde eta kolonia asko galdu zuen. v Weimar Errepublika eta III. Reich-a. Wilhelm II.ak erregetza utzi eta Errepublika aldarrikatu zuen, 1918ko azaroaren 9an. Sozialista moderatuak nagusi ziren biltzar konstituziogileak Ebert hautatu zuen Errepublikako lehendakari, eta konstituzio berria ezarri zuen 1919ko urtarrilean, espartakisten iraultza birrindu ondoren. Erregimen berriak, ordea, ezin aurre egin zien gerraondoak ekarritako arazo larriei (gerra zela kausa, alemaniarrek ordainetan eman behar izan zituzten indemnizazioek sorraraziriko inflazioa, langile asaldatzea eta eskuin muturreko mugimendu nazionalisten hazkundea). 1923tik aurrera, Dawes planari jarraituz, indemnizazioak ordaintzeko bideratu ziren laguntzei esker, egoerak neurri batean onera egin bazuen ere, ezin gainditu izan zuen 1929ko krisi ekonomikoa eta lanik eza guztiz zabaldu zen Alemanian barrena. Langabezia eta miseria giro hartan eskuin muturreko alderdi nazionalsozialistak gora egin, eta 1933ko urtarrilean aginpidea hartu zuen Hitler-ek, hauteskundeetan nagusi suertatu ondoan. Nazien diktaduraren makina abiarazia zen: oposizioa gupidagabe suntsitu ondoren, jaun eta jabe bihurtu ziren Hitler eta enparauak, Gestapo polizia politikoan oinarriturik: naziek eragindako Reichstag-eko sutearen ondoan, komunistak eta sozialistak garbitu zituzten; juduen aurkako esetsaldia izugarri areagotu zen eta, azkenik, alderdi nazionalsozialista barneko oposizioa deuseztu zuten («Ganibet luzeen gaua», 1934ko ekainaren 30ean). Reichs-führer bihurturik, gerrarako prestatu zuen Hitler-ek Alemania. Langabezia ezabatzeko lan publiko handiei ekin zien eta auzo-herrien aurkako ekintza militarrak bideratu zituen: Rhenaniaren militarizazioa, Austriaren anexioa (Anschluss), Txekoslovakiaren zatiketa (Sudete germaniarren anexioa) eta Poloniaren inbasioa (1939ko irailaren 1a), Bigarren Mundu Gerra piztu zuena. 1942aren hasieran, ezin garaituzkoak ziruditen Ardatzeko indarrek. Estalingradoko porrotak eta Ipar Afrikako lehorreratzeak indarren arteko oreka hautsi eta 1945eko maiatzaren 8an Alemaniak errenditu behar izan zuen. Deuseztatua eta lur joa, Alemania lau eskualdetan banatu zen, AEB, Frantzia, Britainia Handia eta Sobietar Batasunaren artean, eta Pomerania eta Silesia, lurralde garrantzi handikoak, galdu zituen. Aliatuek buruzagi naziak epaitzeko (Nurembergeko prozesua) eta nazien ideologiaren arrastoen ezabapenari ekiteko elkarrekin jardun bazuten ere, ez zuten adostasunik lortu eskualde bakoitzeko orientabide politikoa zehazterakoan eta, Mendebaldeko potentziek erabaki zuten diruaren erreformari erantzunez, sobietarrek Berlin itxi zuten (1948ko ekaina). Urtebete geroago, Mendebaldean eman zen Lege Nagusiak eta Ekialdean eman zen Konstituzioak haustura berretsi baizik ez zuten egin: Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Alemaniako Errepublika Federala jaioak ziren. v Alemaniaren batasuna. Nork bere sistema politiko-ekonomikoaren erakusgarri, Alemaniako bi aldeak bereiz abiatu ziren, ibilbide paraleloan, 1949tik aurrera. Sobietar Batasunaren gidaritza politiko eta ekonomikoari hertsiki lotua, Alemaniako Errepublika Demokratikoak sozializazioari ekin zion ekonomia mailan (nekazaritzaren erreforma, industrien nazionalizazioa eta bost urteko planak), alderdi bakarreko sistema politikoa ezarriz (alderdi sozialista desberdinak bakar batera bildu ziren, SED, zentralismo demokratikoaren bidean). Alemaniako Errepublika Federalak, ordea, estatu kapitalisten sistema politiko-ekonomikoari lotu eta, merkatu libreko ekonomia nahiz alderdi anitzeko sistema politikoa oinarri hartuz, Mendebaldeko potentzien garapen politikari ekin zion. Bi Alemanien arteko liskarrak areagotu egin ziren, munduko bi potentzia nagusien arteko «gerra hotzaren» erdian, Errepublika Demokratikoak, ekialdeko biztanleen ihesa galaraztearren, Berlingo hesia eraiki eta muga osoa ixtea erabaki zuenean (1961). Bi Alemanien arteko harremanak hainbat urtez hutsean egon ondoan, 1972. urtean bi aldeek burujabetasuna onartu zioten elkarri, nazioartean zein bere esparru politikotik kanpora, zituzten arazoak gaindituz. v 1989an, Sobietar Batasunean abiaraziriko perestroikaren eraginez eta herri agerraldi handien ondoren, Berlingo hesia eraitsi eta bi Alemanien arteko mugak ezereztu ziren (1989ko azaroaren 9a). Bi egun geroago, Errepublika Demokratikoko gobernuak dimititu behar izan zuen, eta biharamunean osatu zen gobernu berriak hauteskunde libreetarako deia egin zuen. 1990eko martxoaren 18an Errepublika Demokratikoan egindako hauteskundeetan kristau demokratak nagusitu ziren, batasunaren aldeko pausoak bizkortu egin ziren haien garaipenari esker. Gobernu berriak, Helmut Kohl Mendebaldeko Alemianako kantzilerrarekin harreman estuetan, baterakuntza prozesua izugarri bizkortu zuen, eta 1990eko urriaren 3az gero izan zen bateratzea ofiziala. Garai bateko aliatuek Alemania berriz bateratuari beregaintasuna itzultzea erabaki zuten, eta Oder-Neisse mugaren ezin ukitua bermatzea. Nahiz eta batasunaren hasierako euforiak zailtasun ekonomikoei lekua utzi dien, 1994. urtean berreskuratu zuen industrian batasunaren aurretik zuen konkurrentzia maila handia, eta lortu ziren zenbait hitzarmen sindikatu eta patroien artean. 1994ko maiatzean, Roman Herzog aukeratu zuten Errepublikaren lehendakari, eta Helmut Kohl, urriko hauteskundeetako irabazlea, laugarren aldiz izendatu zuten kantziler. 1998ko martxoaren 27an, Alemania izan zen Europar Batasuna finkatzea helburu zuen Amsterdamgo Ituna izenpetu zuen lehen herrialdea. Urte bereko urrian, alemaniarrek argi utzi zuten aldaketa asmoa, sozialdemokraten hautagaiari eman baitzioten beren botoa (SPD), Gerhard Schröder-i: Schröderrek % 40,9 boto lortu zuen, eta Kohlek berriz % 35,2. Helmut Kohlen politikagintza, izan ere, baterakuntzaren kostu ekonomiko, politiko eta afektiboaren arabera epaitu zen: bateratzeak langabeziaren gorakada ekarri zuen, hautesleek hobetsiriko gizarte eredua auzitan jartzea, eta hiritar asko “bigarren mailako” sentitzea. Azken finean, aginpidearen zitalkeriak, ez baitzen gauza izan zenbait berrikuntza abian jartzeko –batez ere zerga kontuetan–, alemaniar markoa baztertu eta euroa onartzeak –hautesleek ondo hartu ez zutena–, eta, orokorrago, atzerriko politikaren ahuleziak, horrek guztiak Gerhard Schröder-en alde jokatu zuen. Ekonomiaren goraldi orokorraren laguntzaz, SPD-Berdeak aliantzak (345 eserleku), Bundestageko gehiengoa lorturik, Europar Batasunaren lehendakaritza hartu zuen, Ekialderako hedapena lortu zuen bere kideetatik, nekazaritzaren politikagintza komunari buruzko hitzarmen bat, eta Romano Prodi eraman zuen Europako Batzordearen lehendakaritzara. Alabaina, eta atzerriko politikan lorpenak handiak izan arren, ezin izan zituen barne arazoak behar bezala menderatu. Hala, erabaki zelarik hondakin nuklearrak ez zirela gehiago atzerrira bidaliko, atzera egin behar izan zuen asmo horretan, eta horrek istilu handiak sortu zituen, ekologisten artean ez ezik, baita alemaniar guztiengan ere. Horrez gainera, naziotasunari buruzko legeen berrikuntzaren arazo neketsuari heldu behar izan zion; gobernu berriak etorkinari naziotasun bikoitzaren aukera uzten zion lege proiektua aurkeztu zuen. Proposamen horren ahultasuna –Abdullah Okalan atxilotu zutenean eraman zuten parlamentura, Europa osoan kurduak manifestazio gogorrak egiten ari ziren une berean–, ondo baliatu zituen oposizioak, eta hala galera larria izan zuten SPDk eta Berdeek Hesseko hauteskundeetan (otsaila) Bundesrateko gehiengoa galdu baitzuten. Ondoren, martxoan, Oskar Lafontaine Finantza ministroak dimisioa eman zuelarik, eta haren lekuan SPDren buru Schröder kantzilerra ipini zutelarik, eta orobat Alemaniak Kosovon, NATOren baitan, esku hartu zuelarik, argi geratu zen alde handiak zeudela gobernuko koalizioaren barruan. Johannes Rau sozialdemokrata, adostasunaren laguntzat hartzen dena, eta Alemaniatik kanpo ere oso izen ona duena, estatuko lehendakari hautatu izanak (maiatzak 23), alemaniar askoren itxaropena piztu zuen, eta orobat Alemanian bizi diren egoiliar atzerritarren txertakuntza desioak ere. 1949az geroztik, Batasun Kristau Demokrata eta Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata egon dira agintean, nahiz eta Alderdi Demokratiko Askea eta Berdeak ere koalizio gobernuetan izan diren, tarteka. Gaur egun, Horst Köhler da lehendakaria, estatuburua, eta Angela Merkel kantzilerra, gobernuburua.
http://www.deutschland.de/home.php?lang=2&