Alekseyev, Vasily
Errusiar pisu jasotzailea (Prokovo-Xixkino, Riazan, Sobietar Batasun ohia, 1942). Munduko gizonik indartsuena izan zen. Hiru aldiz parte hartu zuen Olinpiar Jokoetan, bi urrezko domina irabazi zituen superastunen kategorian eta laurogeita hamar munduko marka ezarri zituen 1970-1977 bitartean. 1970. urtean irabazi zuen lehendabiziko aldiz Europako eta Munduko txapeldun titulua, 110 kilo baino gehiagokoen artean, 247 kilo jasoz. 1978. urtea arte eutsi zien bi tituluei. 1972. urtean parte hartu zuen lehendabiziko aldiz Olinpiar Jokoetan, Munichen, eta errekor olinpiarrak ezarri zituen hiru ariketetan: atxikian, arrankadan eta bi aldikoan, eta baita hiruren guztizkoan ere, 640 kilo jasoz. Lau urte geroago, Montréalen bere marka olinpikoa hautsi zuen hala arrankadan nola bi aldikoan, eta bigarren urrezko domina irabazi zuen. Atxikia lehiaketatik kendua zuten eta, beraz, guztizko bateratua ez zen munduko errekor gisa onartu. 1978an, lesio bat zela medio, munduko txapeldunaren titulua galdu zuen, eta 1980an Moskuko Olinpiar Jokoetan porrot egin ondoren betiko utzi zuen lehiaketa.