Departamento de Cultura y Política Lingüística

Erromantzatua

Nafarroako udalerria (Zangozako merindadea). Romanzado du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Urraul Goiti eta Nabaskoze; ekialdean, Gazteluberri; mendebalean, Urraul Goiti eta Urraul Beiti eta hegoaldean, Irunberri, Esa eta Zaragozako probintzia. Garaiera, 509 m. 92,01 km2. 1998ko datuen arabera, 162 biztanle ditu (romanzadotarrak). Kontzeju hauek osatua da Romanzadoko udalerria: Arbontze, Biotzari, Berroia, Domeñu, Isu, Murillo-Berroia, Napari, Orradre eta Usun. Oso eskualde menditsuan dago. Gailur nagusiak iparraldean eta ipar-ekialdean daude: Idokorri (1.052 m), Ugarra (858 m) eta Arangoiti (1.355 m). Zaraitzu ibaiak zeharkatzen ditu Romanzadoko udalerria eta ibarra. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. XIX. mendearen hasieran galdu zen euskara. Laborantzan (garia, garagarra, mahatsa) eta abere hazkuntzan (ardi, behi, zaldi eta zerri azienda) oinarritua da ekonomia jarduera nagusia (langileen % 65). 1845. urtean bihurtu zen udalerri.