Euskarazko literatura
Irabazlea: Fermin Etxegoien Uribeetxeberria
Izenburua: Autokarabana
Argitaletxea: Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Felipe Juaristi Galdos, epaimahaiburu.
Pello Otxoteko Vaquero, epaimahaikide.
Lourdes Otaegi Imaz, epaimahaikide.
Javier Rojo Cobos, epaimahaikide.
Arantza Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak
Liburuak eite konpaktoa eta sendoa du. Gure sasoiko bizitzaren kronika orohartzailea eta oso gurea egiten du, euskaldunona, geure gabezia eta korapiloekin. Protagonista kontalariaren ikuspegi sarkastikoak, inguruko errealitatearen berri ematen digu denbora errealean, hots, bere eguneroko bizitzaren egunerokotasunaren sentsazioak transmititzen ditu.
Garaiko gizakiak dena iritsi nahi du ezeri ukorik egin gabe: hiria eta mendia nahi du, familia eta amorantea, lanbidea eta askatasuna, horregatik autokarabanaren metafora, etxea eta askatasunaren aldiberekotasunaren sinbolo. Hortik liburuan agertzen den etengabeko bikoiztasuna: alaba maite du, berarekin nahi du, baina aspergarri egiten zaizkio harekin pasatzen dituen asteburuak.
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Fermin Etxegoien Uribeetxeberria (Oñati, 1966).
Lizentziatua 1988an, Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientziak fakultatean.
Telebista gidoigintza lanak ETBko hainbat saiotan: Katu Kale, Doctor Livingstone Supongo, Ciudadanos, Lau Haizeetara, Euskal Kanturik Onena, Kalaka, Anitzele…
Prentsa iritzi artikuluak eta elkarrizketak kultur alorrean Egunkaria, Berria, Argia eta El País egunkarietan.
Bilbo Hiria Irratiko sortzailea, eta Euskaldi Gaztean Ekaitz Perfektua saioko zuzendaria egun arte.
Publikazioak: Neurona eta Zeurona saiakeraren egilea, Pamiela argitaletxean.
Saritutako liburuaren ingurukoak
Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango.
Aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira… Autokarabana modernitatearen metafora gisa.
Zatia
Super- makilaturik doan Blanquitari agur esaten oroitu naiz duela zenbait urte Bilbon ezagututako beste emakume kementsu batekin, Arrebato tabernan lehen aldiz ikusitako persona ahaztezina. Gainera ez zen emakume jaio, mutil jaio baitzen Leioa herriko baserri batean eta bertan hezi zuten euskaldun-zahar, Leioa osoki hartuta bere belaunaldiko euskaldun-zahar bakarrenetarikoa.
Elkar ezagutu genuen hogeita hamar urte beranduago eta emakume modura zihoan jantzita, Arrebato taberna hiper-fashion hartan.
Gu euskaraz ari ginen, bera ere euskalduna zela erakutsi nahi izan zigun eta mahai batera igo zen ondorengo auto-aurkezpena egiteko.
Jaun- andreok, gabon eta ongi etorri Arrebato tabernara; Jasone naiz, harreman publikoetarako arduraduna.
Jasone seguru zegoen lehen aldiz ari ginela transexual bat euskaraz entzuten, eta halaxe zen lagun-talde hura osatzen genuen guztiontzat. Gertuen geneukan salbuespen moduko bakarra Mikelen Heriotza pelikulako itzulpen anti-naturala izango zen, hutsaren hurrengo esatea bezalakoa.
Zein modu konplikatuan euskaratzen diren filmak, ezta? Ikusle gehienok ez gara gauza izaten elkarrizketak momentuan ulertzeko, ondorioz normala da Euskal Telebistan ia inork ez ikustea euskarazko filmak. Gainera alperrik da zinema era xinpleagoan itzul dadila eskatzea, hizkuntza-adituek leporatzen ahal dizutelako euskararen aberastasuna ari zarela (aluzinagarria).
Leioako baserri batean jaiotako neska-mutil hura, ordea, sinple bezain garbi aritu zitzaigun bere aurkezpenean.
Izen polita hautatu duzu, esan nion miresmenez.
Jasone da nire deitura, erantzun zidan hitzak laztanduz.
Baina alperrik da; hemen deitzen didate La Avanzada.
Euskarazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
- "Off-on", Yolanda Arrieta. Argitaletxea: Erein
- "Aienatze-marra", Juan Kruz Igerabide. Argitaletxea: Atenea
- "Musika airean", Karmele Jaio. Argitaletxea: Elkar
- "Jantzi beltz bi", Josu Penades. Argitaletxea: Alberdania