Udaletarako eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak 2023. Mahaikideak
- Izendapena eta mahaian ez egoteko aitzakia nagusiak
- Lege-epe garrantzitsuenak
- Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura
- Lan-eskubideak (lanaldi-murrizketa)
- Mahaikideen betebeharrak
- Eginkizun nagusiak
Izendapena eta mahaian ez egoteko aitzakia nagusiak
Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da (mahaiko lehendakari zein bokal izendatzeko), datorren 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetarako. Zozketan udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira. Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die bai titularrei bai ordezkoei. Jakinarazpenarekin batera, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.
Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek Mahaian ez egoteko kausak (arrazoiak) alegatu ditzakete izendatu dituen Eskualdeko Hauteskunde-batzordearen aurrean. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar dira. Onartzen diren arrazoiak hemen daude argitaratuta –apirilaren 28ko 6/2011 Instrukzioa, hauteskunde-mahaiko karguak hartzeko eragozpen zein aitzakia justifikatuei buruzkoa–.
Arrazoi horiek idatziz aurkez daitezke, dela Eskualdeko Hauteskunde-batzordera bertaratuta, dela batzordeari fax edo posta bidez bidaliz –web-orri honetan ikusi Eskualdeko Hauteskunde-batzordeen helbideak eta telefono- eta fax-zenbakiak–. Lehen aldiz aitzakiak aurkeztu ahal izango dira telematikoki. Ildo horretan, Hauteskunde-batzorde Zentralak horri buruzko informazioa ematen du bere webgunean, «Eragozpenak eta aitzakiak» atalean.
Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, Eskualdeko Hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur. Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.
Lege-epe garrantzitsuenak:
- Udaletako zozketak: apirilaren 29tik maiatzaren 3ra
- Izendapenak jakinaraztea: apirilaren 29tik maiatzaren 6ra
- Alegazioak aurkeztea: apirilaren 30etik maiatzaren 13ra (7 egun izango dira, jakinarazpena jasotzen denetik).
- Eskualdeko hauteskunde-batzordeek alegazioen ebazpen zioduna: maiatzaren 1etik 18ra.
Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura:
- Dietak: Mahaiko lehendakariak eta bokal bakoitzak 70€ jasoko dituzte, inolako zerga-atxikipenik gabe –INT/212/2023 Agindua, martxoaren 1ekoa, hauteskunde-mahaietako kideen dieta arautzen duena–.
- Gizarte Segurantzaren estaldura: Mahaikideak (presidentea eta bokalak) Gizarte Segurantzaren sistemaren babesa izango dute, hauteskundeetan parte hartzearen ondorioz izan daitezkeen kontingentzia eta egoeretarako. Estaldura hori baliatzeko beharra izanez gero, gobernuaren ordezkaritzarekin/ordezkaritzaordetzarekin jarri beharko dute harremanetan–web-orri honetan ikusi gobernuaren ordezkaritzen eta ordezkaritzaordetzen helbideak eta telefono-zenbakiak–.
Lan-eskubideak:
Hauteskunde-mahaien presidenteak eta bi bokalek, besteren konturako langileak edo funtzionario publikoak badira, (maiatzaren 28an, igandean, asteko atseden egunik gabe geratzen badira zein ez) eskubidea dute maiatzaren 29ko, hau da, hauteskunde-egunaren hurrengo eguneko lanaldian bost orduko baimen ordaindua izateko, eta errekuperatu beharrik gabekoa . Xede horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak hauteskunde mahaikide izendatzeko jakinarazpena eska dakieke, baimen horretarako frogagiri gisa. –Agindua, 2023ko apirilaren 21ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, langileek, dagozkien ordainsariak jasota, hauteskundeetan parte hartzeko arauak ematen dituena–.
Mahaikideen betebeharrak
Mahaiko lehendakari- eta bokal-karguak betetzea derrigorrezkoa da gaur egungo Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren arabera; beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Betebehar hori ez betetzeagatiko zigorra: hiru hilabetetik urtebetera bitarteko kartzela-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna.
Eginkizun nagusiak
Mahaiko lehendakaria da hauteslekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa-egunean gertatuko edozein egoeratan.
Bestalde, hauteskunde-egunean, mahaiko lehendakariari dagokio hauteslekuaren barruan eta haren inguruan ordena publikoko arauak betearaztearen ardura, hautesleen boto-askatasuna zein legea betetzen dela bermatzeko.
Mahaiko lehendakariaren ahalmenak
- Hauteslekuaren barruan, aginte esklusiboa du, ordena publikoari eusteari dagokionez.
- Xede horretarako, hauteslekuen babeserako esleitutako ertzainen esku-hartzea eska dezake, eta haiek lehendakariak eskatutako laguntza emango diote.
Ordena publikoko arauak
- Hauteslekurako sarrerak oztoporik gabe egon behar du beti, sartzeko eskubidea duten pertsonentzat.
- Ez da utzi behar sarrera oztopa dezakeen talderik osatzen hauteslekuan edo haren inguruetan.
- Hauteslekuaren inguruetan, ez da onartu behar boto-eskubidea askatasunez baliatzeko eragozpenik edo hertsapenik eragin dezakeen jenderik egotea. Mahaiko lehendakariak hori ez gertatzeko neurri guztiak hartu behar ditu.
- Ezin da hauteslekuan armekin edo armen moduan erabil daitezkeen tresnekin sartu, hauteslekua babesteko eginkizuna duten ertzainak izan ezik, presidenteak deitzen badie.
- Ezingo dira hauteskunde-propagandako ekintzak egin, ez hauteslekuan, ezta inguruetan ere.
Gertakizunak jasotzea mahaiaren saio-aktan
Mahaiko lehendakariak edo bokalek saioaren aktan jasoko dituzte hauteslekuaren ordenan eragina izan duten istiluak, gertaera horiek eragin dituztenen izen-abizenak adierazita
Azken aldaketako data: