Irudia
Bilatuena
Albisteak
- 2023/07/21
- 2023/06/27
- 2023/06/14
- 2023/06/14
- 2023/06/12
- Diputatuen Kongresuan, indarrean den hauteskunde-legeak finkatua du hauteskunde-langa bat; hura gainditzen duten hautagaitzen artean banatzen dira aulkiak. Egungo langa, barruti bakoitzean emandako baliozko botoen % 3 da (baliozko botoak = hautagaitzei emandako botoak + boto zuriak). Hala ere, Senaturako hauteskundeetan araudiak ez du hauteskunde-langarik ezarri, Senatuan hautagaiak aukeratzen baitira (probintziako hiru hautagai, gehienez), eta ez hautagaitzen zerrenda itxiak eta blokeatuak, Diputatuen Kongresuan bezala.
- Diputatuen Kongresuan parlamentuko talde bat eratzeko, beharrezkoa da 15 diputatu izatea, edo bestela 5 izatea eta hautagaitza aurkeztu den barrutietan botoen % 15 lortu izana.
- Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan jarlekuak banatzeko hauteskunde-sistema ezberdina da. Diputatuak hautagaitza bakoitzak lortutako botoen proportzioan banatzen dira, D’Hondt sistema proportzionala erabiliz. Eta senatarientzat, gehiengoaren sistema erabiltzen da, hau da, boto gehien lortzen dutenak hautatzen dira, harik eta barruti bakoitzeko senatarien kopurua osatu arte.
- Kongresurako diputatu-kopuruaren esleitzeak, 2019ko hauteskundeetan, ez du aldaketarik izan Araban 1977ko lehen hauteskundeez geroztik. Hala ere, Bizkaian 10 diputatu esleitu ziren lehen lau hauteskunde orokorretan, 1977, 1979, 1982 eta 1986; 9 diputatu hautatu ziren 1989, 1993, 1996, 2000 eta 2004ko bost hauteskunde orokorretan; eta 8 diputatu, 2008, 2011, 2015 eta 2016ko lau hauteskunde orokorretan.
Gipuzkoan, zazpi diputatu esleitu ziren lehen bost hauteskunde orokorretan, 1977, 1979, 1982, 1986 eta 1989; eta sei diputatu, 1993, 1996, 2000, 2004, 2008, 2011, 2015, eta 2016eko azken zazpi hauteskunde orokorretan. - Irlandan bada Senatu bat, lurraldeak ordezkatzeko eginkizuna ez duena eta sufragio unibertsalez hautatzen ez dena, baizik eta sektore ekonomikoen eta akademikoen artean. Gobernuak abolitzea proposatu zuen, erreferendum bidez, 2013. urtean, baina hautesleen % 51,7k arbuiatu zuten neurri hori.
- 2019ko hauteskunde orokorretan, indarrean den hautesle-erroldan inskribatuta dauden, espainiar nazionalitatea duten eta adin nagusikoak diren pertsonak izango dira botoa eman ahalko dutenak eta hautatuak izan ahalko direnak. Horrenbestez, ezin dute botoa eman eta ezin dira hautatuak izan atzerritar adin nagusikoak, egoitza Espainian dutenak, Europar Batasuneko 27 estatuetakoren batekoak direnak edo Espainiarekin udal-hauteskundeetan bozkatzeko elkarrekikotasun-hitzarmen nazioartekoak dituzten Europar Batasunaz kanpoko herrialdeetakoak direnak.
- Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren multzoari Gorte Nagusiak deritze. Tradizio handiko izena da hori Espainian, penintsulako erresumetako Erdi Aroko biltzarrek gorteak izena baitzuten. Eta izen horixe mantendu zen XIX. mendeko konstituzio gehienetan, eta hainbat autonomia-erkidegotako parlamentuetan hartu dute. Hala egin dute, adibidez, Aragoik, Gaztela eta Leonek, Gaztela-Mantxak eta Valentziak.
- 2015eko udaletako eta biltzar nagusietako hauteskundeetan ez bezala (orduko hartan, hauteskundeetara aurkeztu nahi zuten hautesle-taldeei sinadurak biltzea besterik ez baitzitzaien galdatu), 2019eko hauteskunde orokorretan, aurkezten diren barrutiko hautesleen % 1en sinadurak behar dituzte. Orobat, barruti bakoitzeko hautesleen sinaduren % 0,1 biltzea galdatzen zaie 2016ko hauteskunde orokorretan aurkeztu ez ziren hautagaitzei edota, aurkeztuta, aulkirik lortu ez zutenei.
- 2019eko hauteskunde orokorretan indarrean izango den hautesle-errolda, hauteskunde-deialdiaren aurreko bigarren hilaren lehen egunean itxitakoa izango da, hau da, 2019eko 1ren 1ean itxitakoa. Hala ere, 1986tik 2008ra bitartean egindako zazpi hauteskunde orokorretan, indarrean zen errolda deialdiaren aurreko lehen hilabeteko lehen egunean itxitakoa zen.
- 1931ko Bigarren Errepublikaren Konstituzioak ganbera bakarrak eratutako botere legegilea ezarri zuen. Hori berrikuntza handia izan zen Espainiako konstituzionalismoan, indarrean izan diren konstituzio gehienetan bigarren ganbera bat ere izatea zehaztuta baitzegoen; bigarren ganberari, oro har, Senatua deitu izan zaio.
- Diputatuen Kongresurako 2015ko hauteskundeetan, 10 hautagaitza aurkeztu ziren Araban eta Gipuzkoan, eta 11 Bizkaian. Hala ere, 2008koetan askoz gehiago izan ziren aurkeztutako hautagaitzak: 20 Araban, 19 Gipuzkoan eta 21 Bizkaian.
- 2019ko Senaturako hauteskundeetan, 208 senatari hautatuko dira, hots, probintziako 4 senatari, uharteetako barrutietan 16, eta 4 Ceutan eta Melillan; ez da aldaketarik izan 1986az geroztik. Hala ere, lehen aipatu senatari hautetsien kopuru horri, 17 autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek izendatutako autonomia-senatariak batu behar zaizkio. Autonomia-erkidegoko legebiltzarraren legegintzaldi bakoitza hastean, senatari bat hautatzen dute autonomia-erkidegoko, eta beste bat milioi biztanleko. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan, 12 senatari hautatuko dira 2019ko hauteskunde orokorretan, gehi 3 autonomia-senatari, hots, guztira Senatuko 15 kide.
- Hauteskunde orokorretan, ikusmen-desgaitasuna izanik Braille sistema erabiltzen dutenek, beren hauteskunde-mahaian eurek bozkatu ahal izango dute, modu irisgarrian, sistema hori baliatuz. Udaletako eta Batzar / Biltzar Nagusietako aurreko maiatzaren 26ko hauteskundeetan, ordea, itsuek ezin izango zuten Braille sistema erabili, eta bi aukera besterik ez zuten izango: edo postaz bozkatu, edo hauteskunde-mahaira etorrita, beren konfiantzako pertsona baten laguntzarekin.
- 1977ko ekainaren 15ean izan ziren diktadura amaitu ondoren Gorte Nagusietarako lehen hauteskundeak. Orduko hartan, 350 diputatu eta 207 senatari hautatu ziren. Gainera, beste 41 senatari izendatu zituen zuzenean Erregek.
- Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek gizonen eta emakumeen osaera orekatua izan beharko dute. Hartara, hautagaitzaren zerrenda osoa hartuta, sexuetako bakoitzak gutxienez hautagaien % 40 izango ditu. Senaturako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek, zerrendatan taldekatzen direnek, emakumeen eta gizonen arteko proportzioa zenbaki-orekatik albait hurbilena izateko moduko osaera izan beharko dute. Hala ere, 2005az geroztik egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagaitzen osaerako parekidetasuna are asmo handiagokoa da, emakumeak gutxienez % 50 izango baitira, sei izeneko tarte bakoitzean proportzio horri eutsita.
- 2011ko, 2015eko eta 2016ko hauteskunde orokorretan, atzerrian iraunkorki bizi diren egoiliarren botoa erregutua da, hots, modalitate horretan bozkatu ahal izateko, hautesleak atzerritik botoa ematea eskatu behar du. 1986tik 2008ra bitartean egin ziren zazpi hauteskunde orokorretan, ordea, boto-mota hori ez zen erregutua, eta hautesleek atzerriko beren bizilekuan jasotzen zuten bozkatzeko dokumentazio guztia, aurrez eskatu gabe, atzerrian absente zeuden egoiliarren erroldan inskribatuta egoteagatik beragatik.
- Frantziako legegintza-hauteskundeetan Asanblea Nazionalerako 577 diputatu aukeratzen dira izen bakarreko barrutietan. Iparraldek bi barruti ditu eta beste bat Bearnekin partekatuta.
- Diktaduraren ondorengo lehenengo hiru hauteskunde orokorretan (1977, 1979 eta 1982), indarrean zen hauteskunde-araudiari jarraituz, ezin zuten postaz botoa eman atzerrian bizi ziren hautesleek eta ontziratutako langileek, eta gainera ikusmen-desgaitasuna zutenek ezin zuten Braille sistema erabiliz botoa eman.
- Frankismoaren ondorengo lehen hauteskunde orokorretan, 1977an, Espainian bizi zirenek posta bidez bozkatzeko egin beharreko izapideak gaurkoen oso bestelakoak ziren. Izan ere, posta bidezko botoa eskualdeko hauteskunde-batzordeei eskatzen zitzaien, eta haiek zuten eskumena erroldako inskripzioaren ziurtagiria emateko, eskatzailea erroldan ageri zela egiaztatu eta gero. Eskualdeko hauteskunde-batzordeen ardura zen, orobat, eskatzailearen bizilekura bidaltzea postaz bozkatzeko dokumentazio guztia.
- EAEn, Diputatuen Kongresurako Hauteskundeetarako parte hartze handiena 1982an izan zen, %79,37k eman baitzuen botoa. Parte hartzen txikiena, ordea, 2000 urtean izan zen, parte hartzea %63,84koa izan baitzen.