Segurtasun Saila

Konpartitu

Udaletarako eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak 2023. Hautagaitzak. Nola sortu edo osatzen dira hautesle-elkarteak?

  1. Udal hauteskundeetarako: Udalerrian erroldatutako hautesleen sinadura kopuru zehatz bat jasotzea, Estatuaren Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren (HAOLO) 187.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, udalerri horretako errolda kontuan hartuta (HBZren erabakiak, 2011-04-14koa eta 1999-04-27koa).

    Batzar Nagusietarako hauteskundeetarako: Foru hauteskunde horietan hautesbarrutia osatzen duten udalerrietarako HAOLOren 187.3 artikuluak ezartzen duen sinadura-kopurua jasotzea.

  2. Hautesle-elkarte bat osatzeko, ez da beharrezkoa Barne Ministerioko Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatzea, ezta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan ere. Hautesle-elkartearen osaera formalizatzeko hauxe egin behar: hautagai-zerrenda dagokien eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean aurkeztu, HAOLOK ezarritako epeen barruan, eta legez eskatzen den sinadura kopuruaren abalarekin. (HBZren erabakia, 1990-11-26koa, 2. b atala).
  3. Hautesleen sinadurak bakarrik jaso ahal dira 2023ko apirilaren 4tik 24ra bitartean, biak barne.
  4. Hautesle-elkarteak soil-soilik hauteskunde-prozesu zehatz baterako osatzen dira eta, beraz, hautagai-zerrenda aurkeztu ahal izateko, hauteskunde-prozesu berri bakoitzean sinadura-bilketa egin behar da.
  5. Sinadurak inprimaki ofizialean jaso behar dira. Inprimaki hori, apirilaren 4tik aurrera, Barne Ministerioko webgunetik deskargatu ahal izango da. Eskualdeko hauteskunde-batzordean hautagai-zerrendarekin batera aurkezten den abal kopurua nahikoa ez bada, irregulartasun bat da, baina konpon daiteke bi eguneko epean, maiatzaren 1eko hautagai-zerrenden aldarrikatzearen aurrekoak (HBZren erabakia, 2015-04-15ekoa).
  6. Behar diren sinadura guztiak jasota daudenean, Notarioak edo Udaleko Idazkariak doan legeztatu beharko ditu sinadurak. Horretarako, Idazkariak egiaztatu eta ziurtatu beharko du hautesle-elkartearen abal gisa aurkeztutako sinadura bakoitza abal-emailearen NANaren fotokopian dagoenarekin bat datorrela, eta abal-emailea udalerriko hauteslea dela. Hori egiteko epea apirilaren 4tik 24ra bitartekoa da (HBZren erabakiak, 2011-03-17koa, 2015-02-11koa eta 2005-04-15koa).
  7. Hautesle-elkartearen hautagai-zerrenda egitea eta horri izen bat ematea. Izenak derrigorrez eraman behar du barruan "hautesle-elkartea..." terminoa. Zerrenda osatzeko, hautatu beharreko zinegotzien kopurua kontuan hartuko da (ikusi HAOLOren 179.1 artikulua.). Eta gehienez ere 10 ordezko egongo dira (HBZren erabakia, 1990-11-26koa, 2.a atala).
  8. Hautagai-zerrenda, legez eskatzen diren sinadurekin batera, hautesle-elkartearen sustatzaileak aurkeztu behar du, dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean, apirilaren 19tik 24ra bitartean, biak barne.
  9. Hautesle-elkartearen sustatzailea ezinbestean izendatu behar da (paper arruntean) hautagai-zerrenda Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkezten den unean. Hautesle-elkartearen sustatzaileak hautagai-zerrenda aurkeztea sustatu edo bultzatzen du eta, gainera, maiatzaren 1ean aurkeztutako hautagai-zerrendak aldarrikatu behar dituen Eskualdeko Hauteskunde Batzordearekiko solaskidea da.
  10. Hautesle-elkarteen arteko koalizioa debekatuta dago eta baita hautesle-elkarteen eta alderdi politikoen artekoa ere (HBZren erabakia, 1994-11-18koa).
  11. Indarrean dagoen hauteskundeei buruzko araudia eta, bereziki, hauteskundeetako diru-sarrerei eta gastuei buruzko arauak (ikusi HAOLOren 121etik 134ra arteko artikuluak eta 192-193. artikuluak) betetzeko, hautesle-elkartearen sustatzaileak dagokion Ogasuneko Foru Ordezkaritzan eskatu beharko du Hautesle-elkartearen IFZ (HBZren erabakia, 1990-11-26koa, 2. c atala).

Azken aldaketako data: