Segurtasun Saila

Konpartitu

Eusko Legebiltzarra 2016. Galderak eta erantzunak. Bozketaren eguna

Galderak eta erantzunak

Bozketaren eguna

Botoa emateko prozedura

Bozketa-ordutegia
Boto-eskubidea baliatzea
Hautesleen lan-eskubideak
Hautesleentzako debekuak

Bozketaren mekanika hauteskunde-mahaiko kideentzat

Mahaiaren eraketa
Bozketaren hasiera
Bozketa etetea
Bozketa bertan behera uztea
Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa-eragiketak
Bozketa bukatzeko eragiketak

Botoa emateko prozedura

Bozketa-ordutegia

Zein da bozketa-ordutegia?

9:00etatik 20:00etara (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.1 artikulua).

Bozketa-ordutegia zabal daiteke?

Oro har, ez. Salbuespen gisa, honako egoeretan zabal daiteke ordutegi hori:

  • Ez ohiko arrazoiak direla medio (hauteslekuan bonba-mehatxua egitea, istripuren bat gertatzea, etab.) lehendakariak bozketa aldi baterako etetea erabakitzen badu. Halakoetan, etenaldiak ordubete baino luzaroago iraungo balu, hauteskunde-mahaiko lehendakariak erabakiko du zenbat denbora luzatu behar den bozketa-ordutegia.
  • Baldin eta arratsaldeko 20:00etan hautesleak beren boto-eskubidea gauzatzeko zain baleude; halakoetan, hauteskunde-mahaiak botoa emateko baimena emango die (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.1 artikulua).
  • Baldin eta eskumeneko hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaiko lehendakariari agintzen badio bozketaren itxiera-ordutegia atzeratzea, beren nahimenetik kanpoko arrazoiengatik (hauteskunde-mahaietako erroldetan izandako akatsak, adibidez) 20:00ak arte botoa emateko eskubidea gauzatu ezin izan duten herritarrek bozkatzea bermatzeko.
Boto-eskubidea baliatzea

Zer baldintza bete behar da hauteskunde hauetan hautesle izan eta botoa eman ahal izateko?

Hona hemen hautesle izateko eskakizunak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 2. artikulua):

  • Politikoki Euskal Autonomia Erkidegokoa izatea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko biztanle izatea.
  • Hauteskunde-egunean adinez nagusia izatea
  • Espainiar nazionalitatea izatea.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde bakoitzerako berritzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Hautesle Erroldan agertzea.

Nork ez du, legez, botoa emateko eskubiderik?

  • Ez dute bozkatzeko eskubiderik izango (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 3. artikulua)
    • Epai irmoz bozketa-eskubidea kentzeko zehapen nagusi edo osagarrira zigortuek, zehapen horrek dirauen bitartean.
    • Epai irmoz ezgaitzat jotakoek, baldin eta epai horrek berariaz aipatzen badu bozkatzeko eskubidea baliatzeko ezgaitasuna.
    • Baimen judizialarekin ospitale psikiatriko batean sartutakoek, ospitaleratzeak dirauen bitartean, baldin eta epailearen baimenak berariaz aipatzen badu bozkatzeko eskubidea baliatzeko ezgaitasuna.
  • Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 3. artikuluaren ondorioetarako, ezgaitze- edo ospitaleratze-prozedurez ulertzen duten epaile edo epaitegiek berariaz aipatu beharko dute bozkatzeko eskubidea baliatzeko ezgaitasuna. Ezgaitasun hori badagoela uste badute, Erregistro Zibilari jakinarazi beharko diote, dagokion tokian hala jaso dadin.

18 urte beteko ditut datorren  irailaren 26an, botoa eman al dezaket hauteskunde-egunean?

Ez, hauteskunde-egunean 18 urte beteta dituztenek bakarrik eman ahalko dute botoa.

Zer behar dut Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan bozkatzeko? Nahitaezkoa al da NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea?

  • Bozkatzeko eskubidea baliatzeko, zure izenak jasota egon behar du botoa ematea dagokizun hauteskunde-mahaiko hautesle-erroldaren zerrendetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.1 artikulua).
  • Bai. Nahitaezkoa da titularraren (hauteslearen) argazkia ageri duen NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.1 artikulua).

Botoa eman al dezaket nire NANa, pasaportea edo gidabaimena iraungita badago?

Bai. Bozka dezakezu agiri horiek iraungita egonda ere, baldin eta horietan hauteslearen argazkia ageri bada (Euskal Autonomia-erkidegoko hauteskunde-batzordearen 1990eko irailaren 26ko akordioa).

Bozka al dezaket NANa berritzeko frogagiriarekin?

Ez, agiri horretan ez baita hauteslearen argazkia ageri.

Bozka al daiteke futbol-taldeko, unibertsitateko edo bestelako agiri profesional edo pribatu batekin, baldin eta horietan titularraren argazkia agertzen bada?

Ez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak (105.1 artikulua) ez baitu halakorik baimentzen; izan ere, ez dira hauteslearen nortasuna ziurtatzeko agiri ofizialtzat jotzen (gai horri dagokionez, informazio hau lagungarri izan daiteke: AEHBren 2001-04-02ko Instrukzioa eta HBZren 2005-03-10ko akordioa).

Zer egin dezakete irakurtzen ez dakiten pertsonek edo beste urritasun fisikoren batengatik beren kabuz boto-txartela aukeratu ezin duten edo hauteskunde-mahaiko lehendakariari eman ezin dioten pertsonek? Bozka dezakete?

Bi, bozka dezakete, beren konfiantzako pertsona baten laguntzarekin (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 104.3 artikulua).

% 33tik beherako ikusmen-gaitasuna duten pertsonek edo Braille sistema ezagutzen dutenek botoa eman al dezakete?

Honako hiru modu hauetan:

  • Dagokion hauteskunde-mahaira joanez, Braille sistemaren bidez bozkatzeko, webgune honetako “Irisgarritasuna” atalean, hain zuzen ere Braille sisteman, azaltzen den moduan.
  • Erroldaz dagokion hauteskunde-mahaira konfiantzazko pertsona batekin batera joanda, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 104.3 artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.
  • Postaz bozkatuz, webgune honetako “posta bidezko botoa” atalean zehaztutakoaren arabera.

Datozen hauteskundeetan bozka dezaketen pertsonek, hauteskunde-egunaren aurreko 24 orduetan edo hauteskunde-egunean bertan poliziak atxilotu badituzte, bozkatzera joateko eskubidea al dute, poliziaren zaintzapean?

Atxilotutako hautesleek botoa emateko eskubidea dute, baina ezin dute eskubide hori gainerako herritarren baldintza beretan baliatu. Horren ondorioz, galderak jasotzen duen baldintzatan dauden hautesleek idatziz bidali beharko dizkiete eskakizunak dagokien eskualdeko hauteskunde-batzordeari, poliziako arduradunaren irizpideei men eginez, beti ere, eta batzorde horrek agintzen duenaren arabera jardun beharko dute.

Hautesle izanda kartzelan dauden pertsonek bozka al dezakete?

Bai, baina postaz bakarrik. (Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgune honetako “Posta bidezko botoa” atala).

Noiz, nola eta nori eska diezaioket pertsona ezgaitu, gaixo edo elbarriak, edo istripua izan dutenak lekualdatzeko laguntza, baldin eta beren kabuz hauteslekura joan ezin badute? Nola eta nork bermatu behar du pertsona horiek bozkatu ahal izatea?

Pertsona horiek posta bidezko botoa eskatu beharko zuten, baina, hala egin ez badute, hauteslekura joateko laguntza eskatzea gomendatzen dugu, honako hauei deituta:

  • Senide edo lagunen bati.
  • Udalari (ikusi udalen direktorioa webguneko Helbide Interesgarriak atalean).
  • Gurutze Gorriari.
  • DYAri.
  • Hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politikoei (ikus hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzei buruzko webgune honetako orrialdeak; horietan agertzen dira beren webguneetarako estekak).

Itsua edo elbarria naiz, edo urritasun fisikoren dut, eta nire kabuz dagokidan hauteslekura joan banaiteke ere, botoa eman behar dudan hauteskunde-mahaira iristeko zailtasunak ditut (hauteslekuko eskailerak direla medio); gainera, ez daukat nork lagundu. Nori eskatu behar diot laguntza hauteskunde-mahaira iristeko? Botoa eman gabe gelditu behar al dut? Zer egin behar dut?

Arazo hori baduzu, eta ez baduzu posta bidezko botoa eskatu bozka dezakezu:

  • Konfiantzazko pertsona batekin joan zaitezke.
  • Bestela, hauteslekua zaintzen duen ertzainari eska diezaiokezu hautesmahaiko lehendakariari esan diezaiola hautestontzia zu zauden lekuraino eraman diezazula, bozkatzeko eskubidea egikari dezazun
  • Aurrez eskatu baduzu eta ikusmen-ezintasuna baduzu, berriz, Braille sistemaz, webgune honetan azaldutako prozeduraren bidez.

Igo »

2015eko Hauteskunde Orokorretan esleitu zidaten hauteskunde-mahaira joan naiz, eta erroldan ez nagoela esan didate. Nola bozka dezaket? Zer egin behar dut?

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialera joan behar duzu bozkatzeko erroldan alta emateko errolda-ziurtagiri berezia eskatzera; izapide hori dagokizun udalaren bidez ere egin dezakezu.

Zer kontsulta edo galdera mota egin dezakete hautesleek hauteskunde-mahaian?

Hauteskunde-batzorde zentralaren arabera (Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-12-01ko akordioa), hauteskunde-mahaiko lehendakariak ez du inolako kontsultarik onartuko, baldin eta ez badira bozkatzeko eskubidea baliatzeri buruzkoak edo hautagaitzetako artekari edo ahaldunengandik etorritakoak. Hautesleek eskualdeko hauteskunde-batzordean aurkez ditzakete beren galderak. Hautesleak behin eta berriro eskatzen badu hauteskunde-mahaiak bere galdera onartzea, lehendakariak jokabidea aldatzeko eska diezaioke, eta, ondoren, polizia-indarren laguntza ere eska dezake pertsona hori hauteslekutik kanporatzeko.

Hauteslearen nortasunari buruzko zalantzarik badago, erroldan eta NANean jasotako izen-abizenetan desberdintasunak daudela-eta, edo hauteskunde-mahaiko zerrendan akats edo hutsuneren bat dagoelako:

  • Erroldako zerrenden kopia egiaztatuen bidez ziurtatuko da bozkatzeko eskubidea, edo errolda-ziurtagiri bereziaren bidez; nolanahi ere, batean zein bestean, hautesleak bere nortasuna frogatu beharko du, titularraren argazkia ageri duen nortasun-agiri nazionalaren, pasaportearen edo gidabaimenaren bitartez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.1 artikulua).
  • Botoa ematen ari den pertsona identifikatzean ezberdintasunak badaude erroldako zerrendan jasotako izen-abizenen eta pertsonak dakarren identifikazio-agiriaren artean, eta ezberdintasun horiek euskal ortografia erabiltzearen ondorio badira, hauteskunde-mahaiak hauteslearen nortasuna egiaztatu beharko du (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106.2 artikulua).
  • CHauteslearen nortasunari buruzko zalantzarik balego, edo artekari, ahaldun zein beste hautesle batek erreklamazioren bat egingo balu, hauteskunde-mahaiak ebatziko du gaia, gehiengoz. Nortasun-agiriez gainera, une horretan inguruan dauden hautesleen lekukotasuna baliatu ahalko dute erabakia hartzeko; gainera, horren guztiaren akta jaso beharko da hautagaitzetako ordezkariren batek hala eskatzen badu. Norbaitek inoren izenaren usurpatzaile gisa ekin badu edo faltsuki izen hori ezeztatu badu, berriz, eskumeneko auzitegira igorriko da erruduntasun-testigantza, haren erantzukizuna eska dezan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106.3 artikulua).

Egonkorki atzerrian bizi den hautesle bat naiz, eta atzerrian bizitzeagatik Bertan ez dauden Egoiliarren Errolda Berezian izena emanda nago; hala eta guztiz ere, azken egoitza izan nuen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrian egongo naiz hauteskunde-egunean. Udalerri horretan botoa eman ahalko dut?

Ez, ez baitzaude udalerri horretako hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan. Postaz bakarrik bozka dezakezu, bizi zaren atzerriko herrialdetik. (Ikus webgune honetan "Bertan ez dauden egoiliarren posta bidezko botoa" atala).

Hauteskunde-mahaiko erroldan izena emanda ez dagoen norbaitek mahai horretan bozka dezake?

Bai, salbuespen gisa, hiru egoera hauetan:

  • Hautagaitzetako artekariek, jarduna betetzen duten mahaian, baldin eta kreditatuta dauden mahai horri dagokion barrutiko hautesleak badira.
  • Hauteskunde-mahai horretako erroldan alta emateko Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak emandako (edo udalaren bidez izapidetutako) errolda-ziurtagiri bat aurkeztuz gero. Bozketa-eguneko arratsaldeko 20:00ak arte aurkeztu ahalko dira ziurtagiri horiek (ikus Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 85.1 artikulua eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 2003ko maiatzaren 7ko Instrukzioa).
  • Hautesleak hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan agertzeko duen eskubidea egiaztatzen duen epai bat aurkeztuz hauteskunde-mahaian (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.4 artikulua).

Euskal Nortasun Agiriarekin bozkatu nahi dut, eta hauteskunde-mahaiko lehendakariak ez dit uzten, zer egin dezaket? Nortasun-agiri horrekin botoa ematea onartzeko eska dezaket?

Ezin da Euskal Nortasun Agiriarekin botoa eman, ez baita nortasuna ziurtatzeko agiri ofizialtzat jotzen bozkatzeko orduan (Hauteskunde-batzorde Zentralaren 2005eko martxoaren 10eko akordioa). Behin eta berriro agiri horrekin bozkatzen ahaleginduz gero hauteskunde-mahaiko lehendakariak Ertzaintzaren laguntza eske dezake, bai eta beste hautesleen bozkatzeko eskubidea oztopatzea egotzi ere. Akusazio hori hauteskunde-delitutzat jo daiteke. Hala ere, artekariren bati eska diezaiokezu gertakari hori Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktan jasotzeko.

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiko lehendakariak pertsona bat Euskal Nortasun Agiriarekin bozkatzera badoa eta, botoa ematen utzi ez diotelako, hautesle horrek lehendakariari salaketa-idatzi bat aurkezten badio, lehendakariak sina dezan?

Lehendakariak ez du salaketa-idatzirik sinatzeko beharrik; idatzi hori jaso eta hauteskunde-mahaiko bilkura-aktari erantsiko dio, bai eta gertatutakoa jaso ere. Hori nahikoa ez balitz, eskualdeko hauteskunde-batzordeari jakinaraziko dio.

Hautesleen lan-eskubideak

Nola bozka dezakegu hauteskunde-egunean lan egin behar dugunok?

  • Hauteskunde-egunean enpresaren ordaindutako baimen bat izateko eskubidea duzu, botoa ematera joan ahal izateko. Ondoko hau zehaztu behar da, hala ere:
  • Zure lanaldiak guztiz bat egiten badu hauteskunde-eguneko ordutegiarekin (9:00etatik 20:00etara), 4 orduko ordaindutako baimena izateko eskubidea duzu.
  • Zure lanaldiak 4 orduz edo gehiagoz bat egiten badu bozketa-ordutegiarekin (baina ez guztiz, aurreko egoeran bezala), 4 orduko ordaindutako baimena izan ahalko duzu.
  • Zure lanaldiak 4 ordu baino gutxiagoz bat egiten badu aipatutako bozketa-ordutegiarekin, ordaindutako baimena lanaldiak eta bozketa-ordutegiak bat egiten duten ordu-kopurukoa izango da.
  • Lanaldi partzialeko kontratua baduzu eta zure lanaldia arrunta baino laburragoa bada, zure ordaindutako baimena lanaldi arruntarekiko proportzioan murriztuko da.

Lanaldia murrizteko eskubidea al dut, nire enpresan dagokidan lanaldia gogoeta-eguneko gauean hasi eta bozketa-eguneko goizeko 8:30an bukatzen bada?

Ez, beren lanorduek bozketa-ordutegiarekin guztiz edo hein batean bat egiten EZ badute langileek ez baitute enpresan baimena eskatzeko eskubiderik.

Bozketa-egunean nire ohiko bizilekutik urruti lan egin behar dut; posta bidezko botoa eskatzeko eskubiderik ba al dut?

4 orduko ordaindutako baimen berreskuraezina hartzeko baimena duzu, deialdiaren egunetik posta bidezko botoa eskatzeko epea bukatu arte, posta-bulegora joan eta dagokion inprimakia betetzeko.

Bozketa-egunean lan egin behar duen langile bat naiz eta enpresari ordaindutako baimena eskatzeko eskubidea dut, baina nola justifika diezaioket enpresari bozkatzera joan naizela?

Horretarako, hautesle guztien eskura daude, botoa ematen duten hauteskunde-mahaietan, bozketa-egunean botoa eman izanaren ziurtagiriak, hauteskunde-mahaiak sinatu beharrekoak.

Zer eskubide dute bozketa-egunean lan egin behar duten Estatuko Segurtasun Indarretako kideek, militarrek, Ertzaintzako kideek edo udaltzainek?

Talde horiek postaz bozka dezakete. Zalantza izanez gero, eskatu aholkua Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Zuzenean zerbitzuaren 012 telefonora deituta.

Hautesleentzako debekuak

Bozkatzera gindoazela nire senarra gaixotu egin da, eta klinikara eraman dute. Bere ordez bozka al dezaket bere NANa eramanda?

Ez. Botoa pertsonala eta sekretua da (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 104.1 artikulua).

Zinpeko zaintzailea naiz, eta bozketa-egunean lan egin behar dut. Nire arma, borra edo gisakorik aldean dudala bozka al dezaket? Zer egin behar dut?

Ez. Debekatuta dago armak edo arma gisa erabil daitekeen beste objekturik eramatea. Debeku horri men egin ezean hauteskunde-mahaiko lehendakariak hauteslekutik kanporatu ahalko zaitu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 108.3 artikulua).

Posta bidezko botoa eskatu dut baina ez dut beharrezko dokumentazioa jaso. Hauteskunde-mahaira joan naiteke bozkatzera?

Ez. Posta bidezko botoa eskatuz gero, botoa postaz eman edo ez eman, debekatuta dago hauteslekura bertaratuz bozkatzea (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.1 artikulua).

Nire senarra itsasgizona da, eta bozketa-egunean ez da etxean izango. Bera ez dagoenetan ekintza guztietan bere ordezkari izateko notario-ahalordea dudanez, bere izenean bozka al dezaket notario-ahalorde hori baliatuz?

Ez. Hauteskunde Legeak ez du onartzen ahalorde bidezko botoa. Zure senarrak posta bidez eman behar zuen botoa.

Posta bidezko botoa eskatu dut bozketa-egunean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egongo nintzela pentsatuz, baina azkenean ez dut joan behar. Botoa ematera joan al naiteke dagokidan hauteskunde-mahaira?

Ez. Posta bidezko botoa eskatuz gero, botoa postaz eman edo ez eman, debekatuta dago hauteslekura bertaratuz bozkatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 73.1 artikulua).

Bozketaren mekanika hauteskunde-mahaiko kideentzat

Mahaiaren eraketa

Noiz joan behar dute hauteskunde-mahaiko kideek hauteslekura hauteskunde-mahaia osatzeko?

Hauteskunde-eguneko goizeko 8:00etan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97. artikulua).

Noiz joan behar dute hauteskunde-mahaiko kideek hauteslekura hauteskunde-mahaia osatzeko?

Hauteskunde-mahaia osatzeko deitutako pertsona guztiek joan behar dute hauteslekura goizeko 8:00etan, lehendakari zein mahaikide titularrek nahiz ordezkoek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.1 artikulua).

Hauteskunde-mahaiaren eraketa, osaera eta ordezkapenei zein hauteskunde-mahaiko kide izateari buruzko guztia.

Ikus "HAUTESKUNDE-MAHAIETAKO KIDEAK" izeneko 8. atala.

Zer egin behar dut baldin eta bozketa-egunean ezin badut hauteslekura joan hauteskunde-mahaiko kide izateko?

Goizeko 08:00etan joan ezin baduzu, justifikatutako arrazoi bat dela medio, ahal bezain laster jakinarazi behar diozu dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari (ikus eskualdeko hauteskunde-batzordeetako helbide eta telefonoak webgune honetako helbide interesgarrien atalean). Justifikatutako arrazoirik ez badago, hauteskunde-mahaira ez joatea 3 hilabete eta 1 urte arteko kartzelarekin edo 6 eta 24 hilabete arteko isunarekin zigortuko da.

Urritasun psikikoren bat duten hautesleek botoa eman al dezakete?

Bai, erroldan agertzen badira. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 3.1 c) artikuluaren arabera, baimen judizialarekin ospitale psikiatriko batean sartutakoei bakarrik eragotziko zaie bozkatzea, baldin eta epailearen baimenak berariaz aipatzen badu bozkatzeko eskubidea baliatzeko ezgaitasuna.

Bozketaren hasiera

Zer material eta agiri izan behar ditu hauteskunde-mahaiak?

  • Kutxa bat.
  • Kabina bat, hormara atxikia, hautesleak isolatu ahal izateko.
  • Hautagaitza bakoitzeko gutun-azal eta boto-txartelen kopuru askia, kabinetan.

Hauteslekuan elementu horietakoren bat faltako balitz hauteskunde-mahaia eratzeko orduan edo geroago, edozein unetan, hauteskunde-mahaiko lehendakariak berehala eman beharko du horren berri (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99. artikulua).

Bozketa hasi al daiteke hauteskunde-mahaia eratu gabe?

Ez. Hauteskunde-mahaiak eratuta egon behar du, eta hiru pertsonek osatu behar dute: lehendakariak eta bi mahaikidek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 103. artikulua).

Nork sartu behar du bozketako gutun-azala kutxan: lehendakariak ala boto-emaileak?

Boto-emaileak bozketako gutun-azala hautetsontzian sartuko du, mahaiak bere nortasuna erroldan egiaztatu ondoren (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legearen 107.1 artikulua).

Zer egin eta zer jakin behar dute hauteskunde-mahaiko kideek bozketa hasi baino lehen?

Hauteskunde-mahaia legalki eratu, Eraketa Akta behar bezala bete eta kutxaren zein kabinaren egoera eta boto-txartel zein gutun-azalen kopurua zuzenak direla egiaztatu behar dute, bai eta hauteskunde-mahaiko hauteskunde-dokumentazio guztia badagoela ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99. eta 100. artikuluak).

Bozketa has al daiteke hauteskunde-mahaia eratuta badago baina hautagaitzaren bateko artekariak eta ahaldunak falta badira?

Bai, artekariak eta ahaldunak ez dira hauteskunde-mahaiko kideak eta, hortaz, ez dute boto-eskubiderik hauteskunde-mahaiko erabakiei dagokienez. Hauteskunde-mahaian bozketari buruzko beren iritzia eman, erreklamazioren bat egin edo protestak azal ditzakete soilik, beren hautagaitzen interesen ordezkari gisa, bai eta hauteskunde-prozesua ongi joan dadin zaindu ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 93.1 eta 94.4 artikuluak).

Has daiteke bozketa 9:00etan, baldin eta hauteskunde-mahaiko kideren batek ikusten badu kutxa hautsita dagoela, hautagaitzaren bateko boto-txartelak falta direla, edo nahikoa txartel zein gutun-azal ez daudela edo hauteskunde-mahaiak bete beharreko agiri eta inprimakiak falta direla?

Ez, eta egoera horiek guztiak berehala jakinarazi behar zaizkio hauteslekuan dagoen Administrazioko ordezkariari edo, halakorik ez balego, udaleko edo eskualdeko hauteskunde-batzordeko ordezkariari, ahal bezain laster konpondu eta bozketa has dadin.

OHARRA: Oro har, Administrazioko ordezkariek prestatzen dituzte hauteskunde-mahaietako material guztiak udaletako hauteslekuetan, bozketa hasi baino 24 ordu lehenago.

Hala eta guztiz ere, baliteke hauteskunde-mahaian elementuren bat falta izatea. Hutsune horiek hauteskunde-mahaiko kideek hautematen eta udaletako ordezkariek konpontzen dituzte bozketa-eguneko goizeko 8:00ak eta 9:00ak bitartean, hau da, bozketa hasi aurretik.

Bozketa etetea

Zer arrazoi direla medio eten daiteke bozketa, hura hasi ondoren?

Honako egoera hauetan:

  • Hautagaitzaren bateko boto-txartelak falta badira, baldin eta unean bertan hautagaitza horretako artekari edo ahaldunek hornitu ezin badituzte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.3 artikulua).
  • Salbuespenezko beste arrazoi batzuk:
    • bonba-mehatxu baten ondorioz hauteslekua hustu behar izatea,
    • kutxa haustea,
    • bozkatzeko gutun-azalak falta izatea,
    • hauteskunde-mahaiko kide bat baino gehiago falta izatea.

Nork eten dezake bozketa?

Mahaiko lehendakariak soilik, aipatutako egoeretan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.3 artikulua).

Hauteskunde-mahaiak bozketa etetea erabakitzen badu, zer egin behar da?

  • Lehenik: bozketa etenarazi duen arrazoia ahal bezain laster konpontzea, horren berri Administrazioak hauteslekuan duen ordezkariari, udalari edo dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari jakinarazita (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.3 artikulua).
  • Bigarrenik: Ubozketa etenarazi duen arrazoia konpondu ondoren, hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketa berriro hastea aginduko du.
  • Hirugarrenik: etenaldiak ordubete baino gehiago iraun badu, hauteskunde-mahaiko lehendakariak erabakiko du, beste bi mahaikideen iritzia aintzat hartuta, bozketa zenbat denboraz luzatu behar den.

Bozketa eten behar al da hautesle batek kutxa batean gutun-azal bat baino gehiago sartzen baditu?

Halakorik gertatuko balitz ezin da bozketa eten, boto bikoitzaren arazoa ezin baita konpondu. Kasu horretan, hauteskunde-mahaiak gertaera horren berri jaso beharko du Bilkura-aktan eta egoera sorrarazi duen pertsonaren datuak idatziko ditu, erantzukizunak eratortzen badira datuok baliatzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 k) artikulua).

Zer gertatzen da bozketaren jardunean boto-emaile batek boto-txartel bat edo beste edozein paper edo agiri (NANa, adibidez) kutxan sartzen badu?

Ez da bozketa eteten. Hauteskunde-mahaiak zenbaketa hasten duenean hutsegitez sartutako boto-txartela boto baliogabe gisa zenbatuko du, eta, NAN bat balitz, boto-emaileari itzuliko dio (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 115.a) artikulua).

Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik bat behin betiko joaten bada? Bozketa eten al daiteke?

Ez. Bozketa ez da eteten, hauteskunde-mahaiak bere jardunarekin jarrai baitezake beste bi kideak bertan badaude. Hala eta guztiz ere, hauteskunde-mahaiak izandako hutsunearen eta horren arrazoiaren berri jaso beharko du Bilkura-aktan, erantzunak eskatu behar badira ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.2 artikulua).

Zer gerta daiteke hauteskunde-mahaiak bere burua identifikatzeko Euskal Nortasun Agiria baliatu duen hautesle baten botoa onartzen badu?

Hauteskunde-mahaiaren aurkako salaketa izapidetzen bada mahai horretako kideak zigortu ahalko dira, 3 hilabete eta urte 1 arteko kartzelarekin eta 6 edo 24 hilabete arteko isunarekin.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahai batean hutsegitez hauteskunde-mahai horretan erroldatuta ez dagoen herritarren batek botoa ematen badu?

Hauteskunde-batzorde Zentralaren 2011-12-01ko akordioaren arabera, kutxako boto guztiak zenbatu beharko dira, eta Bilkura-aktan jaso beharko du hauteskunde-mahaiak gertatutakoaren berri.

Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik bi behin betiko joaten badira?

Salbuespenezko egoera horretan bozketak ezin du aurrera egin eta eten egin behar da, hauteskunde-mahaiak ezin baitu kide bakarrarekin funtzionatu. Dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari edo udaleko idazkariari egoeraren berri eman eta bi hutsune horiek bete ondoren berrabiaraziko da bozketa (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 98.3 artikulua).

Bozketa bertan behera uztea

Zer dela eta utz daiteke bozketa bertan behera, edo ez hasi?

Soilik ezinbestez utzi ahalko da bozketa bertan behera edo hasi gabe (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.1 artikulua). Adibidez:

  • Hauteskunde-mahaia hartzen duen lokala edo hauteskunde-kolegioa suntsitzen edo larriki hondatzen bada.
  • Lokalera edo hauteskunde-kolegiora sartzea fisikoki ezinezkoa bada.
  • Lokalean edo hauteskunde-kolegioan lehergairen bat (benetakoa edo hala dirudiena) badago, edo hauteskunde-mahaia eratzea eragotz dezakeen beste gertaeraren bat sortzen bada.
  • Bozketaren eguneko goizeko 11:00etan, hau da, hasiera-ordua baino bi ordu beranduago, hauteskunde-mahaiko hiru kideak bertan ez daudelako hauteskunde-mahaia materialki eratu ezin bada.
  • Hautetsontzia hausten bada eta horren edukia galdu edo suntsitzen bada

Bozketa bertan behera utziz gero, berriro egiten al da? Noiz?

Bai. Bozketa errepikatu egin beharko da. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak beste bozketa-deialdi bat egingo du jatorrizkotik bi egun beranduagorako, eta beharrezko neurriak hartuko dira antzeko gertaerarik errepika ez dadin (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.3 artikulua).

Zer gertatzen da bozketa eten arte kutxan sartu diren botoekin?

Boto horiek suntsitu egingo dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.2 artikulua).

Zer izapide egin behar ditu hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketa bertan behera uztea erabakiz gero?

Bozketa bertan behera uztea hauteskunde-mahaiak erabaki behar du, lehendakariak sinatutako idatzi batean arrazoiak azalduz. Idatzi horren kopia bat lurralde historikoko hauteskunde-batzordera igorriko da berehala, bozketa bertan behera uzteko emandako arrazoiak egiazta ditzan eta, hala badagokio, bozketa bertan behera uzteko hartutako akordiotik erator litezkeen erantzukizunak eskatzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.1 artikulua).

Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa-eragiketak

Zer egin behar dute hauteskunde-mahaiko kideek 20:00etatik aurrera, eta botoak zenbatzen hasi aurretik?

Hiru dira egin beharreko eragiketak:

  • 20:00ak artean hauteskunde-mahaira iritsi diren posta bidezko botoak kutxan sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.2 artikulua).
  •  Artekariek botoa eman dezakete, baldin eta beren jarduna betetzen duten mahaiari dagokion barrutiko hautesleak badira, bai eta lehendakariak eta mahaikideek ere, hala nahi badute (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 112.3 artikulua).
  • Hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek boto-emaileen zerrenda zenbakituen orri guztiak sinatu behar dituzte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.4 artikulua).

Posta bidezko botoak kutxan sartu aurretik, zer egin behar du hauteskunde-mahaiak? Noiz sartu behar dira posta bidezko botoak kutxan?

Hauteskunde-mahaiak honako hauek bereizi beharko ditu:

  • Posta bidezko botoak Espainian bizi diren pertsonenak badira, hauteskunde-mahaira igorritako gutun-azalak aztertu eta zabaldu beharko dituzte posta bidezko botoa kutxan sartu behar den ala ez erabakitzeko.
    Posta bidezko botoa ez da kutxan sartu behar honako egoera hauetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 113. artikulua):
    • Hauteskunde-mahaira arratsaldeko 20:00ak baino beranduago iritsi badira.
    • Posta ziurtatuaren zigilua ez badute.
    • Gutun-azalaren barruan ez badago hauteslea erroldan izena emanda dagoela jasotzen duen ziurtagiria, Hautesle Erroldaren Bulegoko Ordezkaritza Probintzialak emana.
    • Postaz botoa eman duen pertsona hauteskunde-mahaiko erroldan agertzen ez bada.
    • Postaz botoa eman duen pertsona hauteskunde-mahaiko erroldan "PB" gisa agertzen ez bada.
  • Aldi baterako atzerrian bizi diren pertsonen posta bidezko botoa iristen bada, hauteskunde-mahaiak egiaztatu behar du, boto hori baliozkotzat jotzeko, hauteskunde-mahaira igorritako gutun-azalean argi ikus daitekeela atzerriko herrialdeko zigilu-marka edo bestelako idazkunen bat, botoa bozketa-eguna baino hiru egun lehenago bidali dela egiaztatzen duena.

Nola eta nork egin diezaioke aurka hauteskunde-mahaira iritsitako posta bidezko boto bati? Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak inork posta bidezko botoaren aurka egiten badu?

  • Posta bidezko botoen aurka egiteko botoz boto egin behar da, hau da, ezin da posta bidezko boto guztien aurka egin. Hauteskunde-mahaiak erabaki beharko du, gehiengoz, aurka egitea onartzen duen.
  • Aurka egitea onartzen ez bada, lehendakariak kutxan sartuko du posta bidezko botoa eta Bilkura-akta Orokorrean jaso beharko da hauteskunde-mahaiaren akordioaren berri zein aurka egitearen arrazoiaren berri.
  • Hauteskunde-mahaiak aurka egitea onartzen badu, lehendakariak ez du posta bidezko botoa kutxan sartuko eta aurka egindako posta bidezko boto hori lurralde historikoko hauteskunde-batzordera igorriko dute, gainerako hauteskunde-agiri guztiekin batera.

Nola zenbatzen dira hauteskunde-mahaiak hala erabakita kutxan sartzen ez diren posta bidezko botoak?

Hautagaitzetako artekari edo ahaldunen batek ez badio aurka egiten posta bidezko boto bat ez onartzeko hauteskunde-mahaiaren erabakiari, boto hori ez da kutxan sartuko eta suntsitu egin beharko da; horren ondorioz, boto-emailea ez da zenbatuko, eta botoa ez da ez baliozkotzat, ez baliogabetzat eta ez zuritzat joko.

Aitzitik, artekari edo ahaldunen batek aurka egiten badio posta bidezko botoa ez onartzeko hauteskunde-mahaiaren erabakiari, orduan:

  • Hauteskunde-mahaiak aurka egite hori onartzen badu, botoaren gutun-azala kutxan sartuko da, eta posta bidezko botoarekin batera igorritako agiriak Bilkura-aktari erantsiko zaizkio. Boto hori baliozko, baliogabe edo zuri gisa zenbatu beharko da, dagokion moduan.
  • Hauteskunde-mahaiak ez badu onartzen aurka egite hori, botoaren gutun-azala ez da kutxan sartuko eta 1. gutun-azalari erantsiko zaio, Bilkura-aktarekin batera. Horrela, kutxan sartu ez den botoaren gutun-azala ez da boto gisa zenbatuko.

Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa publikoa al da? Nor izan daiteke horren lekuko?

Bai, publikoa da. Hala, bada, nahi duten pertsona guztiak izan daitezke zenbaketaren lekuko, baldin eta hauteskunde-mahaiko lehendakaritzak uste badu horiek guztiak zenbaketa egiten den tokian sartzen direla.

OHARRA: Lehendakariak uste badu gertaera horrek ordenari kalte egingo diola eta, horren ondorioz, zenbaketa behar bezala ezingo dela egin, lokal hori jendez hustea agindu ahalko du. Horrelakoetan, zenbaketan gelditu ahalko dira, hauteskunde-mahaiko kideez gainera, hautagaitzetako lurralde-ordezkariak, artekari eta ahaldunak, notarioak, hauteskunde-mahaiak erabakitzen dituen agintaritzaren agenteak, hauteskunde-batzordeko kideak eta instrukzio-epaileak edo horien ordezkariak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 117.2 artikulua).

Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa eten daiteke?

Ez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.2 artikulua).

Nola ebazten dira zenbaketako unean artekariek eta ahaldunek hauteskunde-mahaiaren ekintzen aurka egiten dituzten protesta eta erreklamazioak?

Hauteskunde-mahaiko hiru kideen botoen gehiengoz. Hauteskunde-mahaiko kide bi baleude soilik eta berdinketa gertatuko balitz, lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du auzia (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.5 artikulua).

Zer boto da baliogabea?

Ez dute balio honako boto hauek (ELHLren 115. artikulua):

  • Ofiziala ez den gutun-azalean edo boto-paperean emandako botoa.
  • Gutun-azalik gabe boto-paperean edo hautagai-zerrenda desberdinetako boto-txartel bat baino gehiago dituen gutun-azalean emandako botoa. Hautagai beraren boto-paper bat baino gehiago duen gutun-azalen bat badago, HAUTAGAI HORRENTZAKO BOTO BALIODUN BAKARRA zenbatuko da.
  • Hautagaien izenak aldatuta, gehituta edo ezabatuta edo haien kokapen-ordena aldatuta duen boto-paperean emandako botoa.
  • Irainak edo botoaz besteko edozein hitz daramatzan boto-paperean edo gutun-azalean emandako botoa.
  • Nahita edo berariaz eginiko edozein aldaketa duen boto-paperean emandako botoa.
  • Mahaiari ez dagokion hauteskunde-barruti bateko boto-paperean emandako botoa.
  • Gutun-azalek kanpoaldean ezaupideak daramatzatenean.

Zer boto da zuria?

Boto zuri, baina baliodun gisa zenbatuko dira boto-txartelik ez duten gutun-azalei dagozkienak, edo legez hauteskunde-barrutitik kendutako hautagaitza baten boto-txartela dutenak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 116 artikulua).

Boto zuria gehiengoak hautatutako alderdiari eransten al zaizkio hauteskundeetan?

Ez. Hautagaitzetako boto baliodunen guztizkoari eransten zaizkio, horien %3 aplikatu eta, horrela, aulkia zer hautagaitzek lortzen duten jakiteko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 11.1 artikulua, urriaren 4ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea aldatzeko 6/2000 Legeak emandako idazkeran).

Zer oihartzun du boto zuriak?

Bat ere ez. Boto zuri asko badaude bakarrik eragiten dio hautagaitzek aulkia lortzeko boto baliodunen % 3 horri.

Nola zenbatzen da "zuria" idazkuna duen paper bati dagokion botoa?

Baliogabea da, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 115. eta 116. artikuluen arabera.

Nola zenbatzen da barruan orri zuri bat daraman gutun-azalari dagokion botoa?

Baliogabea da, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 115. eta 116. artikuluen arabera.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiak botoen zenbaketa bukatu ondoren ikusten bada kutxan sartutako botoen gutun-azalen guztizko kopuruak ez duela bat egiten hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan agertzen den boto-emaileen kopuruarekin? Zer egin behar da?

Horren berri eman behar da Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 j) artikulua).

Zer egiten da baliogabetzat jotako boto-txartelekin edo artekari edo ahaldunek aurka egindako edo erreklamatutakoekin?

Ez dira suntsitu behar, Bilkura-aktari erantsi beharko baitzaizkio, agirien 1. gutun-azalean. Gainera, hauteskunde-mahaiko kideek boto-txartel horiek sinatu beharko dituzte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.3 artikulua).

Zer egiten da zenbaketa bukatzean boto-txartelekin eta irekitako botoen gutun-azal guztiekin?

Destruirlas por cualquier medio. (art. 120.3 Ley de Elecciones al Parlamento Vasco)

Nola zenbatzen da hautagaitza bateko kideren baten izenaren ondoan zeinu, gurutze edo bestelako markaren bat idatzita duen boto-txartel bat?

Botoa baliozkoa izango da, eta ez baliogabea (Hauteskunde-batzorde Zentralaren martxoaren 15ko 1/2012 Instrukzioaren arabera), baldin eta marka horiek ez badute boto-txartelaren konfigurazioa aldatzeko edo hautagaitzako kideren baten aurkako adierazpentzat jotzeko adinako transzendentziarik.

Zein da boto-emaileen guztizko kopurua?

Boto-emaileen guztizko kopurua da: boto baliogabeen guztizko kopurua gehi boto zurien guztizko kopurua gehi hautagaitzei emandako botoen guztizko kopurua.

Zein da boto baliodunen guztizko kopurua?

Boto baliodunen guztizko kopurua = hautagaitzen botoen guztizko kop. + boto zurien guztizko kop.

Hauteskunde-mahaiaren erabakiz kutxan sartu ez diren bozketako gutun-azalak, artekari edo ahaldunen batek aurka egin izanaren ondorioz, baliozko bototzat hartzen al dira?

Ez dira inoiz ere ez baliozkotzat, ez baliogabetzat eta ez zuritzat zenbatuko, ez eta boto-emaile gisa ere, eta hauteskunde-mahaiak suntsitu egin behar ditu. Hala eta guztiz ere, aurka egitearen edo erreklamazioaren xede izandako gutun-azalak Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktari erantsi beharko zaizkio.

Nola zenbatzen da Arabako hautagaitza baten aldeko boto-txartela Bizkaiko barrutiko hauteskunde-mahai batean?

Hau da boto baliogabea, ELHLren 115.d) artikuluaren arabera.

Nola betetzen da zenbaketaren behin-behineko jakinarazpena?

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak ozenki esango du zenbaketaren emaitza, datu hauek aipatuz:

  • Hauteskunde-mahaiko hautesle-erroldan dauden pertsona hautesleen kopurua.
  • Hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan jasotako boto-emaileen kopurua.
  • Boto baliogabeen kopurua.
  • Emandako boto baliozkoen guztizko kopurua.
  • Boto zurien kopurua.
  • Hautagaitza bakoitzeko botoen kopurua (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.1 artikulua).

Nola betetzen da Bilkura-akta?

Aurreko eragiketak bukatu ondoren, hauteskunde-mahaiko lehendakariak, mahaikideek eta artekariek Bilkura-akta sinatuko dute; Akta horretan datu hauek xehetasunez adierazi beharko dira:

  • Hauteskunde-mahaiko hautesle-erroldan dauden pertsona hautesleen kopurua.
  • Hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan jasotako boto-emaileen kopurua.
  • Boto baliogabeen kopurua.
  • Emandako boto baliozkoen guztizko kopurua.
  • Boto zurien kopurua.
  • Hautagaitza bakoitzeko botoen kopurua.
  • Sekzioko zerrendan agertu gabe ere botoa eman duten artekarien kopurua.
  • Plazaratutako protesta eta erreklamazioen laburpena, horiek egin dituen pertsona zehaztuta.
  • Protesta eta erreklamazio horien aurreko hauteskunde-mahaiaren ebazpen arrazoituak eta boto bereziak, halakorik izan bada.
  • Kutxatik ateratako gutun-azalen kopurua eta erregistratutako boto-emaileena, baldin eta bi kopuru horiek bat egiten ez badute.
  • Interesgarria izan daitekeen beste edozein gertaera.
  • Jasotako errolda-ziurtagiri berezien kopurua, hautesle-erroldan alta ematekoak badira.
  • Jasotako epai judizialen kopurua (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 artikulua).
Bozketa bukatzeko eragiketak

Zer agiri sartu behar dira 1., 2., 3. eta 4. gutun-azaletan?

Funtsean, Hauteskunde-mahaia eratzeko akta eta Bilkura-akta, eta boto-emaileen zerrenda zenbakitua. Zehaztasun gehiagorako ikusi Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.a) artikuluan 1. gutunerako adierazitakoa eta Lege horren 121.b) artikuluan 2., 3. eta 4. gutun-azaletarako adierazitakoa (ikus Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121. artikulua).

Nori eman behar zaizkio agirien gutun-azalak?

Herri bakoitzeko lehen auzialdiko epaileari edo bake-epaileari eman behar zaizkio lau gutun-azalak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122.1 artikulua).

Nork eraman behar ditu agirien gutun-azalak epaitegira eta nork babestu behar du pertsona hori?

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta bi mahaikideek, nahitaez, eta hautagaitzetako artekari eta ahaldunek, nahi badute. Babesa Ertzaintzak emango du, hala eskatzen badiote (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122.1 artikulua).

Nork ordaintzen du leku-aldaketa hori?

Inork ere ez, epaitegira ibilgailuren baten joan behar bada Ertzaintzak hartuko baitu horren ardura.

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak botoa emateko aurkeztu dizkioten errolda-ziurtagiriekin?

Hauteskunde-mahaira eramandako errolda-ziurtagiri berezi guztiak, hauteskunde-mahaiko erroldan alta ematekoak badira edo erroldako akatsak zuzentzekoak badira, Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktari erantsi beharko zaizkio, Akta horretan guztizko kopurua aipatuta soilik (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 l) eta 120.1 m) artikuluak).

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak aldi baterako atzerrian bizi direnen posta bidezko botoaren bidalketa-gastuak itzultzeko jasotako inprimakiekin?

Horretarako gutun-azal zuri batean sartu beharko ditu, 3 zenbakiko gutun-azal marroian gordetzeko.

Nabarmenduak

Twitter

  • Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, 1980an, hautesbarruti bakoitzean 20 legebiltzarkide aukeratu behar ziren, hau da, Euskadin guztira 60. Hurrengo hauteskunde guztietan, aldiz, kopurua 25ekoa izan zen, aldatu gabe, hau da, Euskadin guztira 75.
  • Euskadiko Autonomia Estatutua 1979an onartu zenetik, Eusko Legebiltzarrerako 11 hauteskunde egin dira guztira, urte hauetan: 1980, 1983, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009, 2012 eta 2016an.
  • Bozketa-egunean hauteskunde-mahaietako titular edota ordezko izendatutako kideak ez badaude, dagokion agintaritzak aginduko du mahaia dagoen lokalean dauden hautesleak hauteskunde-mahaietako kide izan daitezela.
  • Legediaren arabera, 2016ko hauteskunde autonomikoetarako indarrean egongo den hautesle-errolda 2016-ekainaren-01eko datan dagoena izango da, hau da, hauteskunde-deialdia egin baino bi hilabete lehenagokoa.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako indarrean dagoen hautesle-erroldaren arabera,  hautesle gutxien dituzten udalerriak hauek dira: Araban Añana, 138 erroldatu dituena; Bizkaian: Arakaldo, 114 erroldatu dituena eta Gipuzkoan: Orexa, 88 errodatu dituena.
  • Estatuko Gobernuak deitutako hauteskundeetan hautesbarruti probintzialetan probintziako hauteskunde-batzordeak aritzen dira eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan horien izena lurralde historikoko hauteskunde-batzordea da.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hiru lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek probintziako hauteskunde-batzordeen eskumen berberak izaten dituzte eta osatzeko modua ere bera da, salbuespen batekin: lurralde historikoko hauteskunde-batzorde bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kide bat izendatzen du  hitz egiteko eskubidearekin, baina boto emateko eskubiderik gabe.
  • Hauteskunde autonomikoetan artekari izan ahal izateko, hauteslea ere izan beharra ez da legezko baldintza izan Eusko Legebiltzarrerako lau hauteskundetan (2005, 2009, 2012 eta 2016 urteetakoetan). Horien aurreko hauteskunde autonomikoetan legez ezartzen zen artekari izan ahal izateko Euskadin hauteslea ere izan behar zela.
  • Krisi ekonomikoa dela eta, 2016ko hauteskunde autonomikoetan gutxienez eserleku bat lortzen duten hautagai-zerrendei ematen zaizkien  hauteskundeetarako diru-laguntzen zenbatekoa izoztuta geratuko da, hala ezartzen duelako 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainan berrikuntza esanguratsu bat dago; izan ere, legeak agintzen duenaren arabera, EITBn gutxienez eztabaida bat eta elkarrizketa bat egin behar dira, hizkuntza ofizialetako bakoitzean (euskaraz eta gaztelaniaz) aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten antolakunde politiko guztietako hautagaiekin.
  • 2016ko hauteskunde autonomikoetara aurkezten diren alderdi politikoek hauteskunde-gastua gutxitu beharko dute. Zehazki, hauteskunde-gastuaren muga %15 murriztu behar da, 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak ezartzen duenaren arabera.
  • Estatuko hauteskundeetan eta beste Autonomia Erkidegoetako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda bateko kide guztiak emakumeak badira, hautagai-zerrenda hori ez da onartzen. Hauteskundeei buruzko euskal Legeak, ordea, 2005eko hauteskunde autonomikoez geroztik, hautagai-zerrenda horiek onartzen ditu.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-mahaietako titular eta ordezko izateko izendatutako kideak, 2006 eta 2016 urteen artean, mahaiko kideak gutxienez 3 aldiz izan badira, hori alega dezakete hauteskunde-mahaian ez egoteko arrazoi gisa.
  • 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, Euskadiko egoiliarren hautesle-erroldan dauden pertsonek, bozketa-egunean aldi baterako atzerrian bizitzen badaude, posta bidez bozka dezakete. Horren aurretik, pertsona horiek bozkatu nahi bazuten, Euskadira etorri behar zuten beren hauteskunde-mahaian bozkatzera; bestela, atzerrian zeudela, ezin baitzuten bozkatu.
  • Hauteskunde-mahai batean gutxienez 500 hauteslek bozka dezakete eta gehienez 2000.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariak, bokalak eta beren ordezkoak, bozketa-egunean, hauteskunde-mahaiko kide gisa dituzten eginkizunak betetzera ez joatea  hauteskunde-delitua da eta  3 hilabetetik urtebetera arteko espetxealdi-zigorra edo 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna jaso dezakete
  • 2012ko hauteskunde autonomikoez geroztik, bozketako gutun-azala hautestontzian ez du hauteskunde-mahaiko lehendakariak sartzen, hautesleak berak baizik.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariek, bokalek eta artekariek bozkatu nahi badute, azkenak izango dira bozkatzen.
  • Estatuko hauteskundeetan hauteskunde-prozesuaren barruko epe guztiak luzaezinak dira eta egun naturaletan neurtzen dira, hau da, jaieguna izan zein ez izan, egun guztiak zenbatzen dira. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordea, aurreko aipamenaren gaineko salbuespen bat dago, hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa orokorra bozketa-egunaren ondorengo bosgarren egun baliodunean egiten baita.
  • Hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzen aktak biltzen dituzten gutun-azalak hauteskunde-batzordeei emateko sistema Estatuko hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan desberdina da. Euskadiko hauteskunde autonomikoetan gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeek izendatutako funtzionarioek jaso behar dituzte bozketa-egunaren ondorengo egunean eta horretarako, Ertzaintzaren laguntzarekin, Lehen Auzialdiko Epaitegira edo Bake Epaitegira joan behar dute, gutun-azalak hor daude eta. Estatuko hauteskundeetan, ordea, gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeetara Lehen Auzialdiko epaileek edo Bake Epaitegiko epaileek eramaten dituzte bozketa-egunean bertan eta Correos-eko langileek hurrengo egunean.
  • Hauteskundeen legeari buruzko 2011. urteko aldaketaren ostean, atzerrian bizi diren hautesleen posta bidezko botoen kopurua murriztu da, bozkatu ahal izateko aldez aurretik eskatu behar baita. Izan ere, 2012ko azken hauteskunde autonomikoetan, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) 56.640 hautesle zeuden eta  posta bidez 4.043k (%7,14) baino ez zuten bozkatu; 2009ko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, AEHEn 43.660 hautesle zeuden eta horietatik 7.377k (%16,9) bozkatu zuten. Gehiago izan ziren, 2012ko hauteskundeen aurretik posta bidez bozkatu ahal izateko ez baitzen aldez aurretik eskatu behar.
  • Euskadin bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan 1980ko hauteskunde autonomikoetan 1.554.527 pertsona zeuden eta 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 1.718.696, hau da, %9,55 hautesle gehiago.
  • 2011 urtearen ondoren, hauteskunde-mahaietako kide izateko izendatutako hautesleek entzuteko desgaitasunen bat badaukate, nahi izanez gero, beren eginkizunak betetzeko  Eusko Jaurlaritzak zeinu-mintzaira euskaraz zein gaztelaniaz interpretatzeko jarriko duen doako zerbitzua erabil dezakete.
  • 2009ko eta 2012ko hauteskunde autonomikoetan, Eusko Jaurlaritzak ikusteko desgaitasuna zeukaten hautesleek hauteskunde-mahaietan bertan bozkatu ahal izateko sistema martxan jarri zuen, braille botoaren bidez. 2009an eta 2012an sistema hori 60 hauteslek erabili zuten.
  • 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan parte hartzerik handiena udalerri hauek izan zuten: Araban Zalduondok (%84,11),  Bizkaian Arantzazuk (%86,41) eta Gipuzkoan Orexak (%89,89). Eta parte hartzerik txikiena udalerri hauek: Araban Bernedok (%53,85), Bizkaian Sestaok (%60,64) eta Gipuzkoan Belauntzak (%55,14).
  • Zinegotziek alkatea hautatzeko orduan, boto-berdinketa badago, hori, legez, zozketaren bidez konpontzen da.
  • Azken hiru urteetan (2015, 2014 eta 2013) Euskadiko udalerrietan guztira 18 herri-galdeketa egin dira.
  • 2012, 2009 eta 2005 urteetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Espainian bizi diren egoiliarrek posta bidez bozkatu ahal izateko egindako eskaera onartu gehien 2005 urtean izan ziren, guztira 49.864 eta gutxien 2009an, guztira 43.168 izan baitziren.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda gehien 1990eko hauteskundeetan Bizkaian aldarrikatu ziren (19 hautagai-zerrenda); eta hautagai-zerrenda gutxien 2001eko hauteskundeetan Araban (7 baino ez).
  • Eusko Legebiltzarrean izan diren hamar legegintzaldietatik lehenengoan (1980tik 1984ra) onartu ziren lege-proiektu gehien, 57 guztira eta legebiltzarreko taldeek proposatutako lege-proposamen gehien ere bai, guztira 53 onartu ziren eta.

Azken aldaketako data: